Gazte gutxi, ezkongabeak, gurasoen etxean, eta prekario

Bizkaian 1981-2011 artean gazteei buruzko datu eta joerek izandako bilakaera aztertu dute

Bilbo
2016ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
«Arazorik eta erronkarik handienak hurrengoak dira: batetik, gizartearen zahartzea eta ordezkatze falta, eta, bestetik, gazteria oso kalifikatuta dagoen arren, lan merkatuak ez dauka gazte horiek hartzeko gaitasunik, eta, gainera, lanean daudenen artean prekaritate arazo bat dago». Maitane Leizaola Bizkaiko Foru Aldundiko Behatokiaren zuzendariak azkar begiztatu ditu gazteei buruzko azterlanaren ondorioak. Eta, haren esanetan, denak diputazioren agendan daude. Jose Elias Trabada soziologoarekin batera, gazteen inguruako azken 30 urteetako datuak eta joerak biltzen dituen azterlana aurkeztu zuen atzo. «Primizia bat», Leizaolaren aburuz. 1981. eta 2011. urteen arteko datuak batu dituzte; 15 eta 29 urte arteko gazteek osatu dute lagina. Zenbait atal bereizi dituzte azterlan horretan:

ADIN TALDEA

Ikerlanaren arabera, 1981tik 2011ra %44 murriztu da Bizkaiko 15 eta 29 urte arteko lagun kopurua. 197.105 gazte daude erroldatuta guztira. Eta 20 urtetik beherakoen kopurua %51 jaitsi da. Aipatzekoa da horien artean gizon gehiago dagoela emakume baino: 104,5 gizon daude 100 andreko. Lurraldeko biztanleria, oro har, %2,8 jaitsi da.

NAZIONALITATEA

Trabadak subjektu demografiko berri baten agerpena nabarmendu du, «azken urteetara arte apenas existitzen zena»: atzerriko gazte etorkinak. 1991n %0,4 ziren, eta 2011n %13,3. Eta goraka doa portzentajea. Esan duenez, horien etorrerak lurraldeko gazte kopuruaren beherakada leundu du, eta gizartean aldaketa sozial eta kultural bat gertatzen ari dela ere adierazten du.

EZKONTZA TASA

Ezkongabetasuna normalizatu egin da. 2011ko datuek diotenez, 15 eta 29 urte arteko gizonezkoen %95 eta emakumeen %91 ezkongabe daude. «Esan daiteke ezkongabetasuna homogeneizatu egin dela gizonezkoen eta emakumezkoen artean», ondorioztatu du Trabadak. Ezkontzeko adinaren batez bestekoa 34,5 urtekoa da gizonen kasuan, eta 32,3koa andreenean. Gainera, ezkontza horien %66,6 modu zibilean egin ziren 2011n.

EZKONTZA DESEGITEAK

Era berean, ezkontza tasak beheraka egin zuelarik, gehiago izan ziren banaketak ere. Trabadak azaldu duenez, dibortzio espresaren legeak —2005ean onartu zuten— arindu egin du ezkontzak desegiteko prozesua, eta, hortaz, gehiago dira banatzen diren bikoteak. «Dibortzioak ia unibertsal bihurtu dira».

JAIOTZA TASA

15 eta 29 urte arteko andrazkoen artean, haurrak eduki zituztenen kopuruak %80 egin zuen behera 1981tik 2011ra. 2008. urtean, krisiaren ondorioz, nabarmen jaitsi zen portzentaje hori. Bestalde, 2011ko datuen arabera, jaiotza horien erdiak ezkontzatik kanpo jazo ziren, eta lehen haurra izateko adinaren batez bestekoak 30 urteak gainditu zituen. «Giza harremanen desinstituzionalizazioa antzematen da gazteen jokabidean: euren harremanak erakundeetatik at eraikitzen dituzte, erakundeen beharrik gabe, eta modu malguagoan. Ez dira ezkontzen, eta ezkondu beharrik gabe izaten dituzte haurrak, bikotekidearekin edo bikotekiderik gabe», esplikatu du Trabadak.

BIZI ITXAROPENA

Gazteen heriotza tasa oso txikia da. 2011. urtean, 100.000 bizkaitarreko 29 gazte zendu ziren. Eta jaiotzean, bizi itxaropena munduko luzeenetakoa da lurraldean: 82,1 urte.

HEZKUNTZA

Unibertsitate ikasketak dituzten gazteak %36,5 ziren 2011n, eta multzo horretan, gehiengoa emakumeak ziren. «Kualifikazio maila handia dago Bizkaian. Halere, goi titulazioak dituzten emakumeak gehiago dira gizonezkoak baino. Eta Lanbide Heziketan, maila guztietan, handiagoa da gizonezkoen kopurua».

ENPLEGUA ETA LANGABEZIA

2011. urtean, Bizkaiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %35,3 lanean ari ziren, %31,6 ikasten ari ziren, eta %23 langabezian zeuden. Ikuspegi zehatzago bat emateko asmoz, Trabadak 2007 eta 2012 urte arteko datuak alderatu ditu. «Langabezia tasa %27 izan zen urte tarte horretan; beraz, datuak txarrera egin zuen». Eta adierazi duenez, lanean zeuden gazteen behin-behinekotasun tasa hazi egin zen 2012an. Lanean zebiltzanen %50,4k aldi baterako kontratuak zituzten.

EMANTZIPAZIOA

Gazteen emantzipazioa gero eta berantiarragoa da. 2011n, %23 ziren gurasoen etxetik at bizi ziren bizkaitarrak. Leizaolak eman du azken atal horri buruzko azalpena:«Kezkagarria da daukagun gazte langabetu kopurua, eta lanean dihardutenen aldirokotasunak eta segurtasun faltak aldaketak sortu ditu familiaren paradigman». Gaineratu du horrek lotura duela gurasoen etxetik berandu alde egitearekin: «Gazteek baldintza eta berme jakin batzuekin eman nahi dutelako jauzi hori. Eta ez gazteek bakarrik, baita euren gurasoek ere. Horrez gain, etxebizitzen prezio handiaere oztopo bihurtzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.