Olanok eta Goiak deklaratuko dute Bidegiren auzian

Auzitegiak onartu egin du Gipuzkoako aurreko aldundiaren kereila, eta inputatu egin ditu bost lagun.Olano eta Goia lekuko gisa joango dira

Olano eta Goia, Batzar Nagusietako batzordean aritu zirenean. A. CANELLADA / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2015eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Auzitegian deklaratuko dute Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Donostiako alkateak. Bidegin ustez izandako irregulartasunei buruzko lekukotasuna emango dute Markel Olanok eta Eneko Goiak. Arlabango tunelaren harira deitu ditu epaileak. Gipuzkoako Diputazioak —Bilduren esku zela— salatu zuen Arabari zegokion zatiko hamar milioi Bidegik ordaindu zituela; Arabako Diputazioari galdetuta, hark erantzun zuen ezetz, bere zati osoa pagatu zuela. Akusazioaren tesia da fakturak puztu egin zituztela eraikitzaileei gehiago ordaintzeko. Bost lagun inputatu ditu epaileak, eta testiguak deitu ditu; tartean, Goia eta Olano.

Azpeitiko auzitegiak atzo kaleratutako autoan, inputatuen zerrendan ageri dira Bidegiko hiru arduradun ohi: Agustin Zugasti, zuzendari teknikoa; Mirari Azurmendi, arduradun teknikoa; eta Silvia Armenteros, administraria. Obran aritu ziren enpresetako kideak ere badira: Jose Manuel Vacas, OHL eta Ferrovial eraikuntza enpresetakoa, eta Juan Francisco Garcia, Eurostudios ingeniaritzakoa. Kereilan bost delitu leporatu zizkieten: diru publikoa bidegabe erabiltzea, iruzur egitea, agiriak faltsutzea, dokumentuak egoki ez zaintzea eta ezkutuan aritu izana.

Salaketak orain bi agintaldiko jardunari dagozkio. Ahaldun nagusi zen Olano, eta Goia, Bide Azpiegituretako diputatu. Bi kereilatan, aldundiak salatu du agiriak faltsutu zituztela AP-1 autobideko lanetan, gehiago ordaintzeko.

Hasierako fasean dago instrukzioa. Lehen kereilari dagokionez, auzitegian deklaratu dute hiru inputatuek eta perituek; auziko iturrien arabera, inputatu batek aitortu zuen «irristada bat» eduki zutela paperetan, baina denek ukatu zuten delituak egin izana. Bidegiko zuzendari tekniko ohia inputatua dago lehen kereilan ere.

Auziaren norabidea

Zeresan politiko handiagoa du bigarren kereilak. Batetik, Arabako Diputazioa dago tartean —ustez hari zegokion zati bat pagatu zuen Bidegik—, eta bestetik, arduradun politikoen sinadura dute paperek. Lekuko gisa deitu dituzte, Olanorekin eta Goiarekin batera, Felix Urkola Planifikazioko zuzendaria —Lazkaoko alkatea da orain— eta Luis Mari Apraiz Errepide zuzendaria. Arabako Herri Lanen zerbitzuburu ohi Miguel Angel Ortiz de Landaluzek ere deklaratuko du.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako ikerketa batzordean hitz egin zuten Olanok eta Goiak auzi horri buruz —Arabari zegokion atala ez zen publikoa orduan—. Pagatutako lan guztiak eginak daudela nabarmendu zuten, eta «matonismo politikoa» salatu. Aldundiko iturriek esan dute «pozik asko» joango dela Olano auzitegira, eta «argitasunak» emango dituela. Urriaren 26rako dauka hitzordua.

Ikusgai dago auziak zer bide hartuko duen, aldundia baita salatzaile —EAJ eta PSEren esku geratu da—. Ikerketa batzordeak segituko duen ere duda da. Bidegin, badute buru berria: Alfredo Etxeberria da, Elgoibarko alkate ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.