Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Antxetari

U.U. -

2016ko ekainak 10
Falta zen azken epaiak, Espainiako Auzitegi Gorenarenak, arrazoia eman dio Antxeta irratiari, eta, horrenbestez, Donostia aldean legezko frekuentzia batekin emititu ahalko du. Donostian eta Gipuzkoako herri hauetan entzun daiteke jada irratia, FMko 105.8an: Hernani, Usurbil, Lasarte-Oria, Urnieta, Lezo, Errenteria, Pasaia eta Oiartzun.

Luze jo du baimenaren auziak Antxeta irratiarentzat —sortzez Bidasoa Behereko hedabidea da—. 2012. urtean egin zuen lizentzia lehiaketaren deialdia Eusko Jaurlaritzak —PSE-EE gobernuan zela—, eta Donostia aldean emititzeko euskarazko baimena eskuratu zuen Antxetak. Gero, gobernu aldaketarekin, lehiaketa prozesua bertan behera utzi zuten. Auzitegiz auzitegi ibili da auzia, eta Jaurlaritzak jarritako azken helegitea baztertu egin du Espainiako Auzitegi Gorenak. Horrenbestez, Gipuzkoan legalki euskaraz emititzen duen irrati komunitario bakarra Antxeta dela nabarmendu du Aitziber Zapirainek, Antxeta irratiko koordinatzaileak. «Ipar Euskal Herrian legalak gara, baina Hego Euskal Herrian beti alegaltasunean ibili behar izan gara», gaineratu du.

Irailetik aurrera Donostia aldeko entzuleei programazio «berezitua» eskainiko dietela iragarri du Antxetako koordinatzaileak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna