'Brexit'-a. Kontserbadoreen konferentzia

Egoera ezezagun baterako egutegia

Martxoaren 29an aterako da Erresuma Batuak EBtik; hori da segurua den gauza bakarra oraingoz

Brexit-aren aurkako manifestari bat, Erresuma Batuko Parlamentuaren ondoan, hil honen 10ean, Londresen. NEIL HALL / EFE.
mikel rodriguez
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Erresuma Batuko Gobernuak 2017ko martxoaren 29an aplikatu zuen Lisboako Ituneko 50. artikulua, eta herrialdeak ordutik hasia du EB Europako Batasuna uzteko atzerako kontaketa. Hurrengo martxoaren 29an bukatuko da hori, eta bi aldeak oraindik ez dira ados paratu irteera egiteko baldintzetan. Hilabete erabakigarriak dira hurrengoak, eta ezezaguna den egoera batean murgilduko dira Erresuma Batua eta Europako herrialde gehienak. Hauek dira kontuan hartu beharreko mugarri nagusiak:

'TORY'-EN KONFERENTZIA



Bihar hasi eta heldu den asteazkenean bukatuko da Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorearen urteroko konferentzia. Theresa Mayren lidergoaren egoera zehaztuko du. Berebiziko garrantzia du horrek, EBrekin egin den negoziazio prozesu osoa zuzendu baitu Mayk. Alderdiaren zati handi baten babesa galduko balu, ezinen da jakin zenbat denboraz eutsi ahalko lioken lehen ministro karguari.

EUROPAR KONTSEILUA



Urriaren 18an eta 19an elkartzekoak dira EBko 28 estatuen agintari gorenak. Bertze 27ek ordura arteko epea eman diote Mayri batasuna uzteko proposamen bat egiteko, aitzinekoa, Chequers plana, guztiz baztertu baitzioten joan den astean. Azaroaren 17 eta 18rako, berriz, kontseiluko kideek bertze bilkura bat prestatua dute, helburu bakarrarekin: urrian eginda egon beharko lukeen akordioa guztiz ixtea. Bide orri hori beteko ez balitz, abenduaren 13an eta 14an kontseiluak bertze bilkura bat eginen luke, azken orduko akordio bat lortzeko. Epe hori ere beteko ez balute, ezin jakin nola garatuko litzatekeen prozesua martxora arte.

PARLAMENTUAK



Akordio bat eginez gero, bi parlamentuek, Erresuma Batukoak eta Europakoak bozkatu behar dute hori. Europako Parlamentuan ez luke traba berezirik izan behar oniritzia lortzeko, pentsatzekoa baita talde nagusiek alde bozkatuko dutela; arazoa, ordea, epeek jar lezakete. 2019an hauteskundeak dira EBn, eta brexit egunaren aitzinetik parlamentuak martxoaren 11-14 artean eginen du azken osoko bilkura. Hauteskundeetarako desegin aitzinetik, berriz, apirilaren 15-18an du, baina ordurako brexit-aren epea gainditua izanen da.

Erresuma Batuan, berriz, kontserbadoreek ez dute gehiengo osoa. Mayk behar adina boto lortzen ez baditu, boterea galdu eta hauteskundeetara deitzeko aukera handiak sortuko dira. Hori gertatuz gero, hagitz zaila izanen da bertze akordio bat egitea, eta hainbat faktorek erabakiko dute posible ote den; lehenik eta behin, epeak, eta, ondoren, gobernu berriaren jarrerak, parlamentuan edukiko duen babesak...

MARTXOAREN 29A



Panorama aski ezberdina izanen da akordio batekin ailegatu ala ez. Akordiorik gabe ailegatuz gero, gaurkoz, inork ez daki zehazki zer gertatuko den, estatu bakar batek ere ez baitu inoiz EB utzi. Akordioa egina badago, 21 hilabeteko trantsizio aldi bat hasiko da. Erresuma Batuak pixkanaka utziko dio EBren arauei eta aginduei jarraitzeari, eta etorkizuneko harremana nolakoa izanen den negoziatuko dute epe horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.