'Zientzia gizarteratzea helburu' artikuluari erantzuna

Antton Alberdi eta Iñaki Odriozola - Natur Zientzien, 2. Topaketako antolatzaileak

2015eko azaroak 24
Duela egun batzuk, Juan Ignacio Perez EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako koordinatzaileak eta errektore ohiak Natur Zientzien 2. Topaketan antolatu dugun mahai-inguruari kritika egin zion, zientzia-ezagutza eta pseudozientzia maila berean jarri genituela iritzita. Perez duela bi urteko topaketako mahai-inguruan izan genuen, eta hala zioen aurtengoari buruz bere iritzi-artikuluan: «Nekazaritza biodinamiko edo tenporak bezalako kontuetan interesatuta daudenek badituzte euren foroak, eta zientziaz aritzen garenok gure foroetan ez ditugu zertan barne hartu zientifikoki kontrastatu gabeak diren praktikak». Mahai-inguru horretan zientziaren eta komunikabideen arteko erlazioaren inguruan eztabaidatzeko aukera izango dugu bertaratutako guztiok Urko Aristi (EITB), Miren Bego Urrutia (EHU), Bego Zubia (Elhuyar) eta Jakoba Errekondorekin batera. Perezen iritziarekin bat ez gatozenez, gure iritzia plazaratzea gustatuko litzaiguke.

Topaketaren antolatzaileak zientzialariak gara; ongi ezagutzen ditugu giza kognizioaren errore eta alboratzeak, eta horien eraginak murrizteko metodo zientifikoak eskaintzen dizkigun abantailak. Hala ere, oso kontziente gara Euskal Herriko biztanleriaren gutxiengoak ulertzen dituela zientzia jardunaren oinarriak, eta are gutxiagok erabiltzen dituela metodo zientifikoak eguneroko bizitzan; jendeak ez ditu esperimentuak, paperak eta p-balioak erabiltzen zertan sinetsi eta zertan ez erabakitzeko. Jendeak telebista ikusten du, egunkariak irakurtzen ditu eta irratia entzuten du, eta hortik jasotzen duen informazioarekin osatzen du bere iritzia, hein handi batean. Horrexegatik, ezinbestekoa iruditzen zaigu zientziak komunikabideetan izan beharko lukeen rolaz eta komunikabideek zientzian izan beharko luketenaz eztabaidatzea.

Gizakion hutsetako bat da norbere sinesmenekin bat datozen datuak eta ideiak norbereganatzea, eta gustuko ez ditugunak baztertzea, distortsionatzea edo ez sinestea. Francis Baconek berak antzeman zuen joera hori duela ia 500 urte. Zientzialariak garen aldetik, beraz, gai baten inguruko iritzi, datu eta argudio guztiak ezagutzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Zientziaren, ezagumenduaren eta komunikabideen arteko erlazioa aztertu nahi dugun honetan, ziur gaude ezinbestekoa dela komunikabideen eta zientziaren arteko harremanaren inguruan ikuspegi ezberdinak izan ditzaketen pertsonak gonbidatzea. Garbi dugu ideia batzuk besteei gailenduko bazaizkie ez dela inposizioaren eta autoritarismoaren bidetik gertatuko, eztabaidaren eta arrazoiketaren bitartez baino. Kontua, beraz, ez da zientzia eta bestelako ezagumenduak maila berean jartzea, gai baten inguruan perspektiba ezberdinetatik eztabaidatzea baino. Gainera, formula egokia dela uste dugu zientziari esker gizarte hobe batera joateko, eta ikuspuntuen dibertsitateari esker zientzia hobea egiteko. Azkenik, Natur Zientzien Topaketa ez da zientzialarien biltzar bat soilik, naturaren inguruan lanean dabilen zein natura atsegin duen jendearen bilgunea baizik. Izan ere, ez dugu uste aukera egokiena denik «gure» biltzarrak egitea gero «beraiei» lezioak emateko. «Beraiek» eta «guk» norberak bere esparruan eztabaidatuz gero, inoiz ez da egongo batak bestea ulertzeko edo konbentzitzeko aukerarik.

Beraz, gonbita egin nahi diogu Juan Ignacio Perezi zein gai honetan interesa duen edonori, datorren azaroaren 28an, Donostiako Eureka museoan egingo den Natur Zientzien 2. Topaketako mahai-inguruan parte hartzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna