«Euskarari beti leku handia eman diot; garrantzitsua zait»

Iñaki Etxeleku.
Baiona
2016ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Giro euskaldunetik dator Iginiz. Ikastolako ikasle ohia izanik, eta haurrak ikastolan, atxikia zaio euskarari, nahiz euskaldun bakarrenetan den lanean. Erretiroa hartutakoan zer egingo duen pentsatzen ere hasia da.

Errugbi profesionalaren ondokoa nola ikusten duzu zuretzat?

Izenpetu dut oraino lau urterentzat, beraz, neure ustez, azken kontratua izanen da. Badakit hemendik eta lau urtera lanera joan beharko naizela. Nahiz eta diru aldetik ongi irabazi, ez dugu aski irabazten lanik ez egiteko errugbia utzi eta gero. Diplomak baditut, baina kasik hamar urte ez ditudala erabili; beraz, ez dute asko balio. Baina formakuntzak egiten ahal ditugu urtero. Xantza dugu sindikatua, taldea eta beste egitura batekin ordainduak zaizkigula. Nahi ditugun formakuntza guziak egiten ahal ditugu. Bi gauza baditut buruan. Badu zenbait urte ari garela etxebizitza berritzen; beraz, obralari edo xantier eramaile formakuntza bat, zergatik ez. Eta, bestalde, errugbian gelditzeko, gazteen formatzen lagundu nahiko nuke; fisikoki eta teknikoki lehen lerroan ari direnekin bada gauza anitz ikasteko. 16 eta 23 urte arteko gazteekin nahi nuke ibili; plazer handi bat izaten ahal da gauzen transmititzea. Lau urte baditut formatzeko eta segur izateko.

Lanetik kanpo badukezu besterik gogoko duzunik?

Lanetik kanpo guti hitz egiten dut errugbiaz. Maite dut gauza zaharren berritzea edo gauza zaharrei bizi berri baten ematea. Bereziki etxebizitzetan denbora pasatzen dut. Gero, lasai gelditu lagunekin, familiarekin. Euskal Herrian badugu gauza polit anitz denbora pasatzeko.

Zer harreman duzu euskararekin?

Egunerokoa. Neure bi haurrekin euskaraz ari naiz beti, etxean, ikastolara eramatean... Gaztetako lagun guziekin euskaraz ari naiz. Euskarari beti leku handia eman diot. Garrantzitsua zait. Hitz egiten ez bada, gauzak hiltzen dira. Errugbian ere, ez da euskaldun anitz, baina badakite hala naizela, eta jendea etortzen da gauzak eskatzera.

Taldean badu lekurik?

Ari dira leku gehiago ematen. Seinaleetan frantsesez eta euskaraz dira gauzak. Ez nekien, baina Eusko Jaurlaritzak atera du errugbiko hiztegi bat, eta hona etorri ziren aurkeztera. Euskarari leku bat ematen diote, nahiz eta ez den hain handia, neure ustez. Horregatik, euskal talde handi bat sortzen bada, euskarak izanen du bere lekua.

Euskal selekzio baten alde zara?

Bai. Edo euskal selekzio ofizial bat egiten da, edo, legeak ez badu uzten, euskal talde handi bat. Errugbian, ez dakit nola egina den legea, baina ikusten da Ingalaterran, Eskozia eta Gales bakoitza bere selekzioarekin, eta ez dira estatuak; ofizialki, Britainia Handia da. Zergatik horiek selekzioa izan dezakete eta guk ez? Legalki posible izaten ahalko da, baina gero nola egin selekzio polit bat izateko eta ahal bada emaitzak?

Maila oneko selekzioa litzateke?

Bai. Jokalari anitz bada. Formakuntza pixka batekin... Bigarren mailako Sei Nazioetan badira Errumania, Espainia, Portugal, Alemania, Georgia... Neure ustez, aski fite lortzen ahalko litzateke maila aski ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.