Real Madril 2-1 Eibar

Lesio batekin erori da

Eibar irabazten ari zen Real Madrilen zelaian, baina Ramisek bigarren zatian izandako lesioak eta ordezko egokirik ez izateak galtzera kondenatu du

Raphael Varane Real Madrilekoa eta Sergi Enrich Eibarrekoa, lehian, atzoko partidan. CARLOS HIDALGO /EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Cardonak (39. min.). 1-1: Benzemak (59. min.). 2-1: Benzemak (81. min.). Epailea. Gonzalez Fuertes. Txartel horia: Eibarreko Oliveirari. Bestelakoak. 50.284 ikusle Santiago Bernabeun. Eibarren hainbat zale ere bertan izan ziren.

Maitasun eta arreta guztiarekin ipintzen ari zen atzo Eibar karta guztiak Real Madrilen zelaian. Karta kartaren ondoan tentu handiz kokatuz, eraikuntza eror ez zedin. Lehen zatian, presioaren kartak indarra eman zion obrari, eta baloi jabetza luzeek, arnasa. Pazientziaz eta doitasun handiz, lan polita ari zen egiten taldea. Baina, bigarren zatiaren hasieran, karta estrategiko bat erortzearekin batera, jausi egin zitzaion ordura arte eraikitako guztia, eta partida 2-1 galtzera kondenatu zuen ezusteko gertakari horrek.

Hasi berria zen bigarren zatia. Zazpi bat minutu zeraman jokoak martxan, eta, Cardonak 39. minutuan sartu zuen golari esker, aurretik zen Eibar. Real Madrilen kontraeraso batean, pausoa bizkortu zuen Ramisek. Berehala eraman zuen eskua izter atzealdera. Beste lesio bat kapitainarena, hamaikagarrena. Aldatu egin behar, eta ezin nahi bezala ordezkatu erdiko atzelaria, besterik ez zuelako deialdian Jose Luis Mendilibarrek. Arbilla eta Bigas min hartuta dauzka. Tente baino tenteago zegoen eraikuntza asko mugitu behar izan zuen. Dotore ari zen Sergio Alvarez euskarrian, eta Ramisen lekuan jarri zuen, eta Orellana zelairatu zuen Escalantek euskarriaren aurrean zeukan lekua betetzeko, Jordanen alboan, eta erdilari argentinarrak bete zuen Sergioren lekua.

Egitura ez zen aldatu: lau atzean, euskarri bat, beste lau aurretik eta aurrelari bat. Aldatu zena taldearen izpiritua izan zen, Orellana «txoroarena egiten» ibili zelako, besteak beste, Mendilibarrek gero prentsaren aurrean leporatu zion bezala. Real Madril ganorarik gabe ari zen ordura arte, ez gatz eta ez piper. Baina orduantxe heldu zion serio partidari. Beste erritmo eta gogo batekin, partida iraultzeko gai izango zelako zantzuak ematen hasi zen, eta baita irauli ere.

Benzema izan zen Eibarren borreroa, bi burukada zehatz sarera bota baitzituen, gipuzkoarrek emandako erraztasunak ondo baliatuz. 59.minutuan berdindu zuen neurketa, eta 81.ean erabaki zuen. Gero, aukera garbi askoak izan zituen gol gehiago sartzeko, baina ez zuen asmatu, eta emaitza 2-1ekoa izan zen azkenean.

Pedro Leon: beste lesio bat

Aukera ona sortu eta ezin baliatu izanaren penarekin daude Eibarrekoak, baina atzokoak izan zuen bestelako gauza okerrik ere. Ramisen lesioaz gain, Pedro Leonek izan dezakeena baitago. Hamaikakoan zen, baina beroketan mina sentitu zuen soleo inguruan, eta Cardonak ordezkatu behar izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.