Europari muga zergetatik libratzeko aukera eman gabe segitzen dute AEBek

Bruselak «salbuetsita geratzeko» eskubidea baduela ohartarazi dio Trumpen ordezkariari, eta asteon negoziatzen jarraituko dute
Cecilia Malmstrom, eskuinean, Robert Lighthizerrekin, atzo Bruselan egindako bileraren aurretik.
Cecilia Malmstrom, eskuinean, Robert Lighthizerrekin, atzo Bruselan egindako bileraren aurretik. STEPHANIE LECOCQ / EFE

Ivan Santamaria -

2018ko martxoak 11
Bi aste barru inportatutako altzairuari eta aluminioari muga zergak kobratzen hasiko zaizkio AEBetan. Hori da, oraingoz, argi dagoen bakarra. Nork ordainduko duen eta nork ez, eta nola hartuko den erabaki hori argitu gabe jarraitzen du Donald Trump presidentearen administrazioak. Gerra komertzial global baten lehen tiro hotsak izan daitezke. Edo ez.

Aldez aurretik hitzartutako batzarra zuten atzo, Bruselan, Cecilia Malmstrom Europako Batzordeko Merkataritza komisarioak eta Robert Lighthizer AEBetako komertzio ordezkariak. Bileran ezer gutxi aldatu da. Malmstromek bi txiotan laburbildutakoaren arabera, Europa neurrietatik salbuetsita geratzeko prozedurari buruz «berehalako argitasunik» ez du jaso. Hau da, oraingoz, muga zerga horien eragina ezarriko litzaioke blokeari. Soka ez da eten, ordea, eta datorren astean negoziatzen jarraituko dute.

Muga zergak ezarriko diren moduari buruz gutxienez hiru bertsio eman ditu AEBetako administrazioak. Hasiera batean, ez zela inolako salbuespenik egingo. Ondoren, soilik Mexiko eta Kanada kanpoan geratuko zirela, NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Akordioa berritzeko negoziazioetan ari direlako. Atea gehiago ere zabaldu du Trumpek azken orduetan, «benetako lagunei» ez zaiela muga zergarik jarriko esanda.

Nortzuk dira benetako lagun horiek? Trumpek berak Australia kanpoan uzteko aukera aipatu zuen herenegun. Horren truke, herrialde horrekin «segurtasun itun» bat sinatzea nahi du. Itun horren baldintzak edo edukia zeintzuk izan daitezkeen ez dute zehaztu. Salbuespen sistema zabalduta, negoziazioak aldebiko esparru batera eraman nahi dituzte AEBek. Gainerako herrialdeak zerrenda beltzetik ateratzearen truke zer egiteko prest dauden neurtu nahi dute.

Europako Batzordeak esana du ez duela trukean ezer emateko asmorik, ez alor komertzialean ez besteetan. Trumpen estrategiak, hala ere, erantzuna baldintza dezake. Hasieratik EBren asmoa zen muga zergen ezarpenari erantzun koordinatu eta orokorra ematea. Hots, beste herrialde batzuekin hitzartutako ekintzen bidez, esaterako, MME Munduko Merkataritza Erakundearen barruan. Alde biko negoziazioen ondorioz zenbat bazkide eta bidelagun galduko dituen argitu beharko da.

Malmstromek argi du: «EBk salbuetsita geratu behar du». Kontrara, 90 egun baino gutxiagotan AEBetako hainbat produkturen aurka joko du, hala nola laranja zukuak eta Harley Davidson motozikletak. Gutxi gorabehera, blokeko esportazioei 2.800 milioi euroren kaltea egingo zaiela kalkulatu du batzordeak. Batasunean, merkataritza politika Bruselaren eskumena da. Hots, erantzuna bloke gisa eman behar zaio, baina baliteke AEBek hori apurtzen saiatzea, herrialde batzuei —Erresuma Batua, esaterako— lehentasunezko tratua aginduta.

Atzoko bilera —Hiroshige Seko Japoniako Ekonomia ministroa ere bazegoen— joan den abenduan hiru blokeek hasitako prozedurari bati zegokion, hain justu ere altzairuaren moduko sektoreetan soberazko produkzioaren arazoari adostutako erantzun bat emateko asmoz. Bide horri eutsiko diote, oraintxe bertan etorkizun oso zalantzazkoa duen arren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna