Katalunia, U-1etik urtebetera. Aurrera begira

EZIN IZAN DU HAUTSI

Errepresioarekin independentismoa baretzen saiatu da Espainiako Estatua, baina ez du lortu. Inor gutxik espero du Madrilek erreferendum adostu bat onartuko duenik, ezta buruzagi subiranistak absolbituko dituenik ere. Epaiak eragin ditzakeen herri mobilizazioek markatuko dute etorkizuna.

Jendetza. Ostegunean milaka lagun elkartu ziren Ekonomia Kontseilaritzan, iazko irailaren 20ko atxiloketak oroitzeko. ORIOL CLAVERA.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Nola edo hala, baina Artur Mas 2010 eta 2016 artean Generalitateko presidente izan zenak 2014ko azaroaren 25ean aurkeztutako bide orria bete zuen Kataluniako Gobernuak. Planaren berri emateko, horri buruz eztabaidatzeko, Espainiako Gobernuari elkarrizketa eskaini zion aldi oro, baina Moncloan beti itxi zizkioten ateak. Halere, bide orriaren azken muturrera iritsi, eta erreferenduma antolatu eta egin zuten iazko urriaren 1ean, Madrilek jarritako polizia trabak eta traba juridikoak saihestuz. Independentzia ere aldarrikatu zuen Kataluniako Parlamentuak hiru aste pasa geroago. Generalitateko kide zirenek gerora aitortu moduan, ordea, ez zuten kalkulatu halako erabaki burujabe batek nola aktibatuko zuen Espainiako Estatuaren makineria errepresiboa. Eta bete-betean aktibatu zuen.

Autogobernua bertan behera utzi zuen, buruzagi independentistak kartzelatu zituzten Espainiako bi auzitegik, erbesteratu zirenek atzerrian jarraitzen dute etxera noiz itzuli ahal izango duten jakin gabe, eta haien kontrako prozesu judizialak Kataluniako Legebiltzarraren eta gobernuaren egitekoa paralizatu ditu. Estres hori guztia kontuan hartuta ere, herritarrek, kataluniarren erdiak gutxi gorabehera, jarraitzen dute errepublika gauzatua izan dadila eskatzen, eta preso zein erbestean daudenen askatasuna aldarrikatzen. Argi asko ikusi ahal izan zen hori duela hamabi egun egindako Diada jendetsuan.

Ez dute iragarri noiz hasiko den auzipetuen kontrako epaiketa, baina litekeena da 2019ko urtarrilean izatea. Quim Torra Generalitateko presidenteak jakinarazi du ez duela onartuko «absoluzioa ez den beste erabakirik». Kataluniako prozesu subiranistaren ibiliaren kontakizunean egun jakin batzuk daude azpimarratuta, eta beste egun horietako bat izango da epaiaren eguna. Auziaz BERRIArekin hitz egin dutenek hori uste dute behintzat; ez dute zalantzarik.

Monica Terribas Catalunya Radioko El mati saioaren zuzendariaren ustez, (Bartzelona, 1968), kazetariek «agertoki guztiak» aztertzeko, eta gero «deduzitzeko» obligazioa dute. «Nik uste dut ez dela absoluziorik egongo, eta horrek erreakzio sozial sendoa eragingo duela. Estatua ez da neurtzen ari zer haserre maila egongo den», adierazi du 2008-2012 artean TV3ko zuzendaria izan zenak. Jordi Matas politika zientzietan katedraduna da Bartzelonako Unibertsitatean (Bartzelona, 1962), eta U-1eko hauteskunde batzordeko presidentea izan zen —inputatuta dago horregatik—. «Katalunian kaos sozial bat sortzeak aldarazi dezake ikuspegi espainola». Onartzen du «muturrekoa» dela bere jarrera. «Baina Espainiarekin negoziazio bat behartzeko bide bakarra da. Agian, ez da ona konparatzea, eta frikia da esango dudana, baina herri mobilizazio iraunkor eta sendoei esker lortu dira aldaketa sozial asko». Marta Rovira Martinez soziologian doktorea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (Bartzelona, 1969), eta Katalanezko Kulturaren Biltzarra fundazioko zuzendaria da. Mobilizazio soziala defendatzen du, baina pentsatzen du «independentismoaren kontakizuna bera» aldatuko dela absoluziorik ez baldin badago. «Are, esango nuke, hortik aurrera proiektu independentista berregingo dutela, birplanteatuko dutela nola lortu independentzia; edukiko dute gauzen analisi errealistagoa». Matas ez dago ados: «Esango nuke ez dela egongo birplanteamendurik, hau kronikoa dela. Ikusi ahal izan da suflearen eta udako berotuaren teoriak faltsuak direla». Terribasek dio herritarrek barneratua dutela borrokak luze joko duela, eta ez direla konformatuko Espainiako Gobernuak planteatzen duen autogobernuari buruzko erreferendum batekin: «Pedro Sanchezek estatutua erreformatzeko eskaintzen duen elkarrizketa, Mariano Rajoyk azpiegituretarako milioi batzuk ematearen parekoa da».

Estatua «bataila psikologikoa» irabazten ari da, Terribasen iritziz. «Beldurra, hau eta bestea. Normala da: kartzela, erbestea... Erbestea ez da pagotxa. Jende batek egoera ekonomiko larria du han. Horrek guztiak KO uzten zaitu». Espainiako Estatuak, baina, ez du independentismoa lurrera bota, ezin izan du hautsi.

ATZERA EGINEZ

Aurreikuspenak

Duela urtebete, iraileko azken egunetan, herritarrak «ahaldunduta» sentitzen zituen Rovirak. Agintari subiranisten esanak entzunda, gainera, «ezkutuan karta bat» zutela iruditzen zitzaion. «Inpresioa zen independenteak izan gintezkeela, gerta zitekeela. Uste dut hori zela inpresio orokorra. Sentipena zen: 'Asko gara: zer egin dezakete gure aurka?'». Baina ikusi zen «ezetz», politikariek ez zutela kartarik ezkutuan. Eta kontuan hartu beharreko beste aldagai bat: «Benetan ez genekien estatuak zer egin behar zuen. Orain badakigu zer dagoen».

Estatuaren eta Kataluniako Gobernuaren arteko negoziazio bat zen Matasek aurreikusten zuena. «Negoziazio bat, ez dakit noiz baina erreferendum bat egiteko». Pentsatzen du agian «oso inozoa» izan zela, baina ez zuen imajinatzen Madrilen «errepresio hura». Urriaren 27an, Kataluniako Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuenean, gobernu osoak erbestera joko zuelakoan zegoen. «Beste alternatiba bat zen gobernuko kideak Generalitatearen jauregian gotortzea. Antolatuta zegoen. Milaka pertsona egongo ziren kanpoan. Estatuari erabateko presioa egiteko modua zen. Baina [Carles] Puigdemontek-eta aurrerago esan zutenez, bazekiten kasu horretan hildakoak egon zitezkeela». Ez zen gertatu, eta, beraz, ondorio batera iritsi da: «155.a, behin-behineko espetxealdiak, Gorenak egin duen guztia... Hori gertatuko zela jakin izan bagenu, bada, beharbada, hobea izango zen gotortzea... Edo erbesteratzea». Roviraren esanetan, jende bat «edozertarako prest» zegoen. «Bide hori zapuztu da».

Terribasek uste du politikari katalanek «itxaropen bat» zutela: «Iruditzen zitzaien urriaren 1eko ebidentziak bide negoziatzailea irekiko zuela». Urriaren 10ean, Puigdemontek independentzia aldarrikatu eta lauzpabost segundo geroago eten zuenean, Generalitateak pentsatzen zuen Espainiako Estatua ez zela ausartuko «areago» jotzen. «Ikusi da baietz. Egiazki, 155.a aplikatuko zutela aurreikuszitekeen argi asko». Kazetariarentzat, «Euskal Herriko gaian» bezala jokatu du Madrilek Katalunian. «Izan ere, Eskozian eta Kanadan bezala erreferendum adostu bat negoziatuz gero, ez baitu argi irabaziko ote zukeen. Segurtasun gabezia horrek inpotentzia handia eragiten dio». Pentsatzen du estatuak «bere karta guztiak» erakutsiak dituela jada. «Hemendik aurrera, arma horien indarra areagotu egin dezake; hori da egin dezakeena».

HERRI MOBILIZAZIOAK

Negoziazioa behartzeko

Geratzen den «bide bakarra», Roviraren irudiko, mobilizazioena da. «Horrela, 'hemen gaude' esaten duzu». Oraintxe, «pultsuari eusteko» balio dute. «Zehazki ezer planteatu gabe beste zerbaitera daramatela pentsatzea absurdoa da». Matasek ere mobilizazioen bidea defendatzen du, baina horien planteamendua zehaztuz, iazko urriaren 3an Katalunia osoan egindako geldialdi masiboa gogoan. «Ordukoa hamar-hamabost egunez jarraian egiten baduzu, Espainian eta Europan egongo zen kaosa erabatekoa izango zen». Badaki horrek Espainiaren erreakzio «biolento bat» ekar dezakeela. Soka guztiz tenkatzearen aldekoa da, ordea. «Ezin baldin bada erreferendum adosturik egin, eta ez baldin badira oinarrizko eskubideak errespetatzen, planto egin beharra dago» Ez dago beste «alternatibarik» negoziazio bat «behartzeko». Kataluniako Gobernuak eta Parlamentuak mobilizazio horiei «lagundu» beharko liekete, «paraleloki». Galdera planteatu du, ordea, Rovirak: «Mugimendu bakezale batek zer egin dezake errepresioaren aurka?».

Matas, baina, boikotez, mugak-aireportuak-portuak-trenbideak-autobideak ixteaz mintzo da. «Imajinatzen dut errepresio gehiago egongo zela, baina presioarekin jarraituta eta errepresioari eusten bazaio, zerbait aldadaiteke». Terribas ere grafikoa izan da. «Herrialdea mobilizatzen baduzu, 200.000 pertsonak Diagonala hilabetez hartzen badute eta bizimodua ezinezko bihurtzen badute, horrek behartuko luke nolabaiteko konponbide bat». Bien iritziz, buruzagi independentisten kontrako epaiketaren epaien berri edukitakoan gerta daitezke, gertatzekotan, gisa horretako mobilizazioak. «Bederatzi politikari daude kartzelan, eta beste horrenbeste erbestean. Bitartean, hemen, garagardo bat edaten dago jendea», nabarmendu du kazetariak.

GENERALITATEA ETA MADRIL

Zertarako hitz egin

Errepublika gauzatzeko bidean, Quim Torra Generalitateko presidenteak mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Diskurtso hori darabil urte politikoa hasi zenetik. ANC Biltzar Nazional Katalanak erantzun dio baietz, mobilizatuko direla, baina instituzioei ere bide horretan pausoak emateko eskatu die. Generalitateak erreferendum bat adostea eskatzen dio Espainiako Gobernuari, gutxiagorekin ez dela konformatuko adierazten du. Madrilek eskaintzen diona da autogobernua handitzeko kontsulta bat egitea. Horiek dira, oraingoz, alde bakoitzaren marra gorriak. Halere, elkarrizketei eusten diete biek. Epaiketa hilabete batzuk barru hasiko da, eta Matasek pentsatzen du estrategia juridikoa estrategia politikoa baldintzatzen ari dela. «Azken urtea baldintzatu du». Ulertzen du, dena dela, «drama pertsonal» bat dela, eta defendatu beharra daukatela Espainiako justizia «onartezinetik». «Abagunearen ikuspegitik», ulertzen du Torraren jarrera. «Jendearen erreakziorik ez badago, autonomia kudeatzen jarraituko dute epaia atera arte». Hortaz, Madrilen eta Generalitatearen artean «autonomia kudeatzeko» negoziazioak izatea espero du. Eta argi dauka gauza bat: «Lege sozialak berreskuratzeak ez luke egoera baretuko».

Kataluniako Parlamentuak azken hilabeteotan hartu dituen erabakietan «realpolitik» baten alde egin duela deritzo Rovirak, eta uste du «zaila» dela oreka bat topatzea instituzioen eta herri mugimenduen artean. Instituzioen aldetik, aintzat hartuz «urriaren 1aren aurretik herritarrengan eragin zituzten espektatibak», gauzak esateko orduan «zuhurtzia» nabari du. Halere, hau gehitu du: «Gure mugimendua oinarri iraultzailekoa izango balitz, instituzioek-eta ez ziguten kasu handiegirik egingo. Inportantea da instituzioak eta gobernuak egotea mugimenduaren lidergoan; epe luzera ondorio positiboagoak ditu».

Torrak «diskurtso bikoitza» darabil, Terribasen hitzetan. «Batetik, urriaren 1eko agindua betetzearena. Baina horrek errepresioa, judizializazioa, erbestea... dakartza». Kazetariak datu bat erantsi dio bere arrazoiketari, joan den abenduaren 21ean Kataluniako Parlamenturako egindako hauteskundeetan indar independentistek ateratako emaitzei erreparatuta: «Boz haiek erreferendum moduan interpretatuz gero, independentistek botoen %48 atera zuten; eta badaude Comukoen boto batzuk, ez dakizunak zer bozkatuko zuten erreferendum batean. Baina ez duzu lasaitasun demokratikoa ondokoa esateko: 'Aurrera egingo dugu, nahiz eta %48 hori bakarrik eduki'. %48k bozkatzen badute independentzia, eta %52k ezetz badiote, ikuspuntu hertsiki demokratiko batetik oso arduratsua izan behar duzu gauzak egiteko orduan». Generalitateko presidentea, bestetik, «erreferendum adostuaz» mintzo da. «Hori nahiko zuten [Kataluniako Gobernuko kideek], sentituko zutelako lasaiago egongo zirela edozein pauso emateko, egiazki hautetsontziek esaten badiete baietz, gehiengo soziala dutela, nahiz eta hori %51koa izan», azpimarratu du Catalunya Radiokoak. «Gizarteak legitimatzen zaitu, eta gizartea bizitza normala egiten ari bada, zuk politika bikoitza ebatzi behar duzu».

ALDERDIEN

DESADOSTASUNAK

PDeCAT vs ERC

JxC Junts Per Catalunya, PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalaneko eta ERC Esquerra Republicanako kideak daude Generalitatean, eta, azken hilabeteotan ikusi bezala, haien arteko harremanak ez dira onenak. Desadostasunak hainbatetan geratu dira agerian, eta, dirudienez, ez dute errepublika gauzatu ahal izateko bide orririk. «Ez dago planik, eta hori bada pixka bat dramatikoa. Izan ere, norbait aurkezten bada herrialde bat zuzentzeko, plan bat eduki beharra dauka», esan du Matasek. Errezelo «pertsonalak eta programatikoak» dituzte. «Batzuk ulergarriak dira, egoera oso gogorra izan delako azkeneko urtebetean. Gainera, ez zeuden egoera hain gogor horietara ohituta. Beste toki batzuetan bai, ohituta daude, baina hemen ez». Rovirarentzat, Generalitateko kide kargugabetuen egoera «zama handia» da. «Ulertu behar da, gainera, alderdien lidergoan daudenen artean iritzi oso desberdinak dituztela».

Desadostunak aipatuta, Terribasek galdera moduko batekin erantzun du: «Esan helburu bera konpartitzen duen zein koalizio politikok duen bidean elkar ez zauritzeko gaitasuna». Iruditzen zaio, dena dela, PDeCAT eta ERC «elkar joka» ari diren honetan, «aldagai oso garrantzitsu bat» ahazten ari direla bi indar subiranista nagusiak: «Ez badago hiru indarren estrategia politiko bateraturik [CUP da hirugarrena], ez da ez dela errepublikarik egongo, baizik eta ez dutela gehiengorik lortuko parlamentuan». Azalpenean sakondu du: «Kexu dira estatuak marra gorriak jartzen dizkiolako negozizioari, baina haiek elkarren artean dituzte marra gorriak». Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak elkarrizketa batean esan ziona oroitu du. «Honela esan zidan: 'Estatu baten kontra borroka egiteko orduan, estatu mentalitatea eduki behar da'. Hori da; ez dago besterik. Jendeak esaten die: 'Esan bazenuten errepublika izan behar genuela, jokatu estatu batek, errepublika batek, bezala'». Baina prozesuan erabateko zentraltasuna bereganatu dute erbesteratzeek, kartzelatzeek. «Humanoki, inor ez da besteen larruan jartzen». Alderdien jarrerara itzuliz, kazetariaren aburuz, «memelokeria» bat litzateke «estatu moduan» jokatzea lege batzuk onartuz, «bai baitakizu autonomia bertan behera utziko dizutela». Estatu moduan jokatzea da «mentalitatea» edukitzea, «jarrera» kontua. «Errepublika nahi ez dutenei planteatu behar diezu nahiko luketen trantsizio bat, eta ez gehiago estresatuko lituzkeena».

EUROPA

Balizko esku hartzea

Bozkatzera joan zirenek erakutsitako jarrera bakezalearen kontrara, Espainiako Poliziak modu biolentoan jokatu zuen joan den urriaren 1eko erreferendumean. Irudi horiek mundu osoko komunikabide nagusietan eman zituzten. EB Europako Batasuneko herrialderik boteretsuenetako liderrek ez zioten, ordea, belarrietatik tira egin Mariano Rajoy orduko Espainiako presidenteari. Matasek dio baietz, «eskuak garbitu» zituztela, baina gertatutakoa «mugarri bat» izan zelakoan dago. «Gertatutakoari erreparatu zioten, eta ez dakigu zer elkarrizketa eduki zituzten Europan eta Espainian. Europako klase politikoan geroz eta gehiagok dute Espainiaren ikuspegi negatiboa». Horregatik, hain zuzen, epaiek kartzela zigorrak ezartzen badituzte, absoluziorik ez badago, erabaki horrek mobilizazio etenik gabekoa eragiten badu Kataluniako kaleetan, eta Espainiako Estatuaren erreakzioa «biolentoa» bada, katedradunak ikusi nahi du zein erantzun ematen duen Europak. «Nik uste dut Europan erantzun egingo litzatekeela. Bai, ez dute beste estaturik nahi, baina ezta istilu gehiagorik ere. Europak ez luke nahi berak eskualde deitzen duenetako batean, dezenteko ekarpenaegiten dion horretan, presio bat egotea, herri mobilizazio handi bat».

Europan proiekturik ez dagoela dio Terribasek. «Europari ez zaio sezesioa interesatzen, ezta Espainian biolentzia egotea ere. Baina zalantzak ditut Europak, epe ertain-luzera, bitartekari lanak egingo ote dituen Katalunian erreferendum adostu bat antolatzeko. Oso zail ikusten dut». Roviraren ustez, Espainia izan daiteke Europarentzako «arazo bat» ere, «Hungaria edo batzuetan Italia den bezala». Hilabete batzuk barru Katalunian egoera «zatartzen» bada, Europaren posizioa, «agian», beti ez dela «Espainiaren aldekoa» izango iritzi dio.

OINARRI SOZIALA

%50aren langa

Espainiako Gobernuak erreferendum adostu bat negoziatzen ez badu, urriaren 1eko «agindua» beteko duela esaten du Torrak. Ordea, ez du azaldu nola. Zailtasun handiekin, baina 2,2 milioi katalanek bozkatu zuten orduan; hau da, bozkatzera deituta zeudenen %42k. Horien artean %91k egin zuten independentziaren alde. «Urriaren 1eko agindua baldintza jakin batzuetan gertatu zen, ez erreferendum batek izan beharko lituzkeen bermeekin. Beraz, nazioartean homologatua izateko orduan, gure nazioarteko begiraleek argi esan zuten: 'Erreferenduma egin da bermerik ematen ez diguten baldintza batzuetan'», azpimarratu du Catalunya Radiokoak.

Etorkizunean gerta daitekeenarekin espekulatzen da, eta ez da guztiz baztertzen epaiak kaleratu eta gero Torrak hauteskundeetara deitzea. Hori da aurreikusten den agertoki posibleetako bat. ERCk independentismoaren oinarri soziala zabaltzea du hizpide. Babes hori handiagoa balitz, Espainiak beste modu batean erantzun dezakeela pentsatzen dute ERCkoek. Roviraren esanetan, Madrili presio egite aldera, «erronketako bat» da horixe bera hauspotzea.

«Ideia» zein den azaldu du Matasek. «Ideia da baliatzea presoei 20 urteko zigorra jartzearen injustizia, eragiteko herriaren presio handiagoa, eta sentsibilitate ezkerrekoa, errepublikanoa, demokratikoa baina ez independentista dutenetako batzuk proiektu independentistarantz erakartzea». Iruditzen zaio, hala eta guztiz ere, bozetara berriro deitzeak ez lukeela «ezer» konponduko, nahiz eta jakin «batzuentzat» dela independentismoak aurrenekoz botoen %50 baino gehiago lortzeko «aukera». Matasentzat, horrek ez lioke Espainiari jarrera aldaraziko. «Batzuek uste dute baietz. Izan ere, logika demokratikoak esango luke %50 baino gehiago, gehiengoa, independentziaren alde dagoela».

ETORKIZUNA

Belaunaldi berriak

Puigdemontek aste honetan adierazi duenez, 20-30 urte barru independentea izango da Katalunia. Horrenbestez, epe luzera begira ari da; eta epe horretan Kataluniako gizartearen soziologia aldatuko da. Hori aintzat hartuta mintzo da Rovira. «Estatutuarekin jaiotakoek katalantasuna normalizatuta daukate, eta ikusten dutenean Espainiak ez duela hori ondo ikusten, bada...». Soziologoaren esanetan, Kataluniako gizarteak «erronka bati» aurre egin beharko dio. «Biharko katalanak beltzak, asiarrak eta Magrebekoak izango dira, eta horrek asko aldatu ditzake gauzak. Argi dago diskurtso independentistak, ahalduntzearenak, demokratikoak, sarbidea izan duela gazteengan. Gehiengo estu horiek Kataluniako gizartearen isla dira». Duela mende erdi inguru eta apur bat lehenago ere, etorkin askok egin zuten Espainiatik Kataluniarako bidea. «70-80 urte inguru dituztenen artean, belaunaldi batzuetan gehienak Kataluniatik kanpo jaiotakoak dira. Haiek ez dute Espainiatik banandu nahi; legitimoki sentitzen dira espainiarrak». Urte batzuk barru diferentea izango da argazki demografikoa. «Epe luzera osasunean eta hezkuntzan egiten dugunak, ondorioak edukiko ditu jendearen hautuetan», argitu du Rovirak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.