Katalunia. Erreferendumaren urteurrena

Kataluniaren eta Euskal Herriaren arteko elkarlana sustatzeko deia

Bilboko Arriaga plazan atzo egin zuten elkarretaratzearen irudia.
Bilboko Arriaga plazan atzo egin zuten elkarretaratzearen irudia. M. D. V. / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko urriak 2
Kataluniako erreferendumaren urteurrenak oihartzuna izan du Euskal Herrian ere. Elkartasun adierazpenak ugaritzeaz batera, bi herriak elkarrekin aritzeko deiak ere egon dira. Hori izan da, esaterako, GED Gure Esku Dago plataformak Belgikara eraman duen mezua, Carles Puigdemont Generalitateko presidente erbesteratuarekin izan duten bileraren karietara.

Joan den larunbatean Gernikan elkartasun ekitaldia egin ondoren, Belgikara jo dute GEDeko ordezkari Anjel Oiarbidek eta Jone Amonarrizek, eta han erbesteraturik dagoen Puigdemont presidentearekin batzartu dira, «erreferenduma posible egiteagatik kartzelan zein erbestean daudenei egindako babes keinu» gisa.

Bileran, bi herrien arteko «elkarlan esparrua» indartzeko aukera aztertu dute, bai eta horretarako konpromisoa azaldu ere. Oiarbidek esan duenez, «elkartasunetik elkarlanera» igarotzeko momentua iritsi da.

Bileraren oroigarri gisa, enbor baten xafla eman diote Gure Esku Dago-ko ordezkariek Puigdemont presidenteari. Hor irarrita ageri dira Jose Antonio Agirre lehendakariak 1939ko urtarrilaren 29an Kataluniaren inguruan esandako hitzak: «Euskadik inork baino gehiago sentitzen du Kataluniaren antsietatea... Katalanek eta euskaldunok oztopo berdinei aurre egin behar diegu, eta, horregatik, elkarrekin biziko dugun arrakasta kolektiboa izango da». Esaldiez gain, GEDen logoa eta Estem amb vosaltres (Zuekin gaude) leloa ere ageri da.

Mobilizazioak

Euskal Herrian ugariak izan dira Kataluniari elkartasuna adierazteko antolaturiko mobilizazioak, Kataluniaren autodeterminazio erreferendumaren urteurrenean. Euskal Herriko ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Independentistak sareak antolatuta, elkarretaratzeak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Bi herri, borroka bakarra; gora Kataluniako Errepublika goiburupean.

Hiriburuetako mobilizazioez gain, Gure Esku Dago-k ere elkarretaratzeak egin ditu zenbait herritan, hala nola Getxon, Elorrion, Galdakaon (Bizkaia), Zarautzen, Andoainen, Usurbilen, Aretxabaletan, (Gipuzkoa), Arbizun (Nafarroa) eta beste herri askotan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna