LANGABEZIARAKO. LAGUNTZAK. ETA PENTSIOAK

2015eko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Udalak

Hego Euskal Herriko hautetsien kasuan, beraien jarduna (alkate, alkateorde edota zinegotzien izan) esklusiboa bada eta udaletik soldata bat jasotzen badute, gizarte segurantzaren errejimen orokorrean kotizatuko dute eta, kargua utzi ondoren eta lanik ez badute, langabeziarako laguntza eskatu ahal izango dute. Erretiroa hartzean, berriz, kotizatutako urteengatik dagokien pentsioa jasoko dute. Era berean, kargua utzi ondoren eta epe mugarik gabe, edozein lanbidetan jardun ahal izango dute, betetako karguarekin lotura zuzena izan edo ez.

Ipar Euskal Herrian, jarduera esklusiboa eta 20.000 herritar baino gehiago dituzten hirietako hautetsien kasuan, gizarte segurantzaren errejimen orokorrean erregistratuta egongo dira eta langabezia laguntzak jasoko dituzte, kargua uztean lanik ez badute; dagokien pentsioa ere jasoko dute. Kargua bete bitartean eta uztean ez dute mugarik lanean aritzeko.

Batzar nagusiak

Udal hautetsien estatus bera dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzarkideek. Ez, ordea, diputatu nagusiek eta gobernuko kideek eta goi kargudunek. Horiek denek ezin dute errejimen orokorrean kotizatu —baina erretentzioak aplikatu egiten dizkiete—, eta beraz,ezin dituzte langabeziarako laguntzak eskatu. Hala ere, kalte-ordain bat jasotzen dute, batzar nagusiek ordainduta: hileko soldataren %40, urtebetez. Batzarkideek, diputatuek eta goi karguek edozein lanbidetan jardun ahal dute kargua uztean.

Departamendu eta eskualdeak

Udal hautetsien estatus bera dute Akitania Eskualdeko Lurralde kontseilariek eta Pirinio Atlantikoko departamenduko hautetsiek.

Eusko Legebiltzarra

Legebiltzarkideek ezin dute gizarte segurantzaren errejimen orokorrean kotizatu —baina erretentzioak aplikatzen dizkiete—, eta beraz, ezin dituzte langabezia laguntzak eskatu kargua utzi eta lanik ez badute. Hala ere, 2012tik, aldi baterako laguntza bat jasotzen dute, legebiltzarrak ordainduta. Hileko soldataren %40 jasoko dute hiru hilabetez gutxienez legebiltzarrean egindako urte bakoitzeko, eta hamabi hilabetez gehienez. Kargua utzi ondoren ez dute mugarik.

Eusko Jaurlaritza

Lehendakari, sailburu eta goi kargudunek ezin dituzte langabezia laguntzak eskatu, baina erretirorako pentsio osagarri bat jasotzeko eskubidea dute, Eusko Jaurlaritzak ordainduta, eta 65 urte betetzen dituztenean. 2012an aldatu zuen legea legebiltzarrak, aho batez. Ordura arte, Jaurlaritzak bizitza osorako pentsio bat ematen zien denei, karguaren aurretik zein ondoren beste lan batzuetan aritu arren eta errejimen orokorretik erretiroa jaso arren. 60 urtetik gorakoak lege aldaketa horretatik kanpo utzi zituzten; 67 kargudun ohi ari dira jasotzen pentsio hori. Iaztik, muga batzuk dituzte kargua bete bitartean eta utzi ondoren. Bereziki, bi urtez ezin dute lan harremanik izan kargua zela-eta zuzeneko harremana izan duten enpresa, sozietate edo bestelako entitate pribatuekin.

Nafarroako Parlamentua

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako legebiltzarkideen egoera berean daude Nafarroakoak. Iazko abendutik aldi baterako diru laguntza bat jasotzeko aukera dute; talde guztiek babestu zuten neurria. Eusko legebiltzarkideen oso antzekoak dira baldintzak. Kargua utzi ondoren ez dute mugarik.

Nafarroako Gobernua

Gobernua utzi eta beste lan bat aurkitu bitartean, kargudun ohi guztiek soldata gordinaren %80 jasotzeko eskubidea dute, gehienez bi urtez. Soldata horiek ez dira bateragarriak beste edozein lanengatik jasotako ordainsariekin, laneko edo merkataritzako jardueren diru sarrerekin, dieta publikoekin, eta aurreikuspen sozialeko edozein erregimen publikotako pentsioekin. Era berean, eta 2007tik, horiek denek ez dute jarduera pribatuetan aritzerik izango bi urtez, baldin eta jarduera horiek zerikusia badute kargua betetzen ari zirela haiek ebatzitako espedienteekin; era berean, ezin dute laguntza teknikoko kontraturik izenpetu administrazioekin, ez eta zerbitzukorik edo antzekorik ere.

Espainiako eta Frantziako parlamentuak

Espainiako Gorteetako diputatu eta senatariek autonomia erkidegoetako parlamentuetako legebiltzarkideen estatus bera daukate, 2011tik. Ez dute errejimen orokorrean kotizatzen, ezin dute langabezia laguntza eskatu, eta ez dute pentsiorik jasotzen. Baina kalte-ordain gisa jasotzen dute legebiltzarkide bati dagokion hileko soldata bat osorik 24 hilabetez. 2011 baino lehen, besteak beste, soldata bat jaso zezakeen lanik gabe zegoen edozein diputatu ohik, eta erretiroa hartzean pentsio osagarri bat, Gorteetako aurrekontuetatik. Legebiltzarra utzi ondoren, ez dute inolako mugarik.

Frantziako diputatu eta senatariek, berriz, pentsio funts bat dute, eta hori elikatzen dute parlamentariek euren soldatekin, eta estatuak. 2012tik aurrera parlamentariek ezin dute bi pentsio errejimenetan izena eman. Bateraezintasunei dagokionez, kargua utzi ondoren ez dute inolako mugarik.

Europako Parlamentua

2009tik, Europako Parlamentuak bere aurrekontuetatik ordaintzen die pentsio bat parlamentari ohiei —lehen Sicav pentsio funts pribatu baten bidez egiten zuten—. 63 urteak bete ondoren jasotzen dute pentsioa, legegintzaldi urte bateko soldataren %3,5. Agintaldia amaitzean, halaber, eskubidea aitortzen die hileko soldata jasotzen jarraitzeko, sei eta 24 hilabete bitarte. Diru kopuru horiek bateragarriak dira europarlamentari ohiek euren estatuetan jasotzen dituzten bestelako laguntza eta pentsioekin. Kargua bete ondoren, edozein jardueratan aritu daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.