Ximun Fuchs

«Gaztaroan, sari baten dirutza gauean berean xahutuko nuen»

Taula gainean zein bizian gaztaroa ehorzten ari den aktore baten konfesioa, nahiz eta punk kukurusta oraindik jalgitzen zaion, artetan. Lana ametsen ildora egokitzen du.

Xan Aire.
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Mikrorik ez delarik, Errautsak antzerkia «astakeria» dela dio Ximun Fuchsek (1974, Larzabale, Nafarroa Beherea). «Astakeria», «basakeria» zentzuan. Alta, antzezlan horrek Donostia Antzerki saria gaur bertan jasoko du. Bigarren aldia izanen da Fuchsentzat, Juglarea, puta eta eroa lana ere hola-hola saritua izan baitzen 2009an. Baina Le Petit Theatre de Pain taldeko aktorea jadanik geroari so dago, euskal antzerkia aitzinarazi beharrez.

Hara, astakeria bat saritua... Harritu zaitu?

Bai eta ez... Arrakasta ona ukan du antzerkiak. Nik lehen aldikoz bizi izan dut Euskal Herria guzian arrakasta, antzokiak beteak... Harrokeria hutsa da, baina euskaldun antzerki herrikoi baten itzulia bizitzeko sentipena dugu. Jendeari mintzatu zaio, hasteko.

Diskurtso bat prestatu duzu?

Ez! Gure ideia da Unai Iturriagak eta Igor Elortzak saria eskuratzea, testua idatzi baitute eta diskurtso kantatuaren profesionalak baitira...

Eta antzerkilariak?

Gu, bufoiak gara! Dario Foren ildotik, ni bai behintzat. Gauza seriosak aipatu, geure buruak ez sobera serioski hartzen saiatzen gara. Gure harrokeria ere dugu... Erran nahi ditugunak antzerkian egiten ditugu.

Zeremoniak ez dira antzerkiak?

Beharrezkoak dira, zerbait ofizialtzen du... Euskal antzerkian sariak ukaiteak aitzina egiten laguntzen du zure lana. Terrenoko lana da inportantena.

Zu, halakoanarkista; sariak onartzen dituzu?

Kontrabandistak gara... Izpiritu horretan naiz, behintzat. Ezohiko ogibidea dut, baina bizi normala ere bai. Alokairua ordaintzen dut; beraz, dirua onartzen dut. Eta hor, sariak dakarren dirutza inbertituko dugu. Adibidez, Juglarea, puta eta eroa lanaren sariak Errautsak ekoizten lagundu du. Ez dut uste sariek euskal antzerkiaren egoera konponduko dutela, baina, bitartean, laguntzen dute.

Diru aldetik soilik?

Ez, saritua den antzezlana aipatua da. Kazetariak heldu zaizkigu, eta publikoak ere ezagutzen du. Baina antzerkilaria euskaraz bizitzeko giltza politikan da.

Zuen antzerki taldea geroz eta baldintza hobeetan ari da...

Bai. Duela hamazazpi urte hasi ginen, hala ere. Gaur onartuak gara, baina hastapenean ukan ditugun erantzunak... Ez ginela haien buru kaxetan sartzen, edo zinezko ofizio bat bilatzea hobe genuela entzun dugu! Botere publikoak guri interesatzen hasi dira beren interesa ikusi dutenean. Ez gara agintarien seme-alabak...

Mundua aldatu nahi zuen belaunaldiaren haurrak zarete...

Bai, eta Errautsak antzezlaneko gaia hori da: zer gara, eta zer bilakatu gara? Bertzeak ikusten ditugu, aspaldiko lagunak, eta seko izutzen gara! Hau nola gizendu den, eta abar...

Eta zu?

Hori da antzerkiko bigarren galdera... Nire lagunak ez ote dira, azken finean, nire miraila?

Zertan zara zeure gaztaroko ilusioekin?

Lehenik, erran behar dut, Euskal Herrian, gurasoek iraultzarako sena transmititu dutela. Frantzian, konparazione, borrokalari handienak zer dira, ekologistak? Hemen, gaztaroan, Hertzainak, Itoiz, Kortatu taldeen doinuetan besarkatu gara, lehen porroak erre ditugu...

Baina zer bilakatu zara zu?

Ez dakit erantzuten ahal dudan. Egiten badut, Errautsak lanari kasik zentzua ematen diot. Gure antzerkian, ordea, klixeak hartu ditugu. Bata da sorterritik mugitu ez dena; bestea, etxetik kanpo egon dena beti. Edo bada euskaldun fededuna, eta euskaltasuna gehiago jasaten ez duena. Bada hipotekatua, zorrez betea, lanez itoa. Eta gaztarotik honat aitzinatu ez dena. Nik denetan pixka bat kokatzen dut neure burua.

Eta gaztaroa ehorzten duzue... Bizi errealean lan hori betea duzu?

Ez dut uste. Horren galderan naiz. Haurrak egiterakoan badira bi gauza: lehenik bizia ematen da, eta heriotzaren galdera heldu da ondotik. Bat-batean, nonbait gauza batzuk ehortziak ditut. Erran nahi dut badakidala hilen naizela. Eta hori duela guti ikasi dut, kontzienteki.

Ez da nerabetasunean egiten hori?

Baina ni, gaztaroan, sex, drugs and rock-and-roll nintzen! Gerokoak gero! Hor ohartzen naiz antzerkilariek beren haurkeriak lantzen dituztela. Ingurua begiratzen hasi naizelarik, total deskonektatua nintzela ikusi dut! Gure artista bizimoldeak ere eragiten du.

Sariak eta arrakasta mundiala ukan bazenitu hamazazpi urtetan, nola hartuko zenituen?

Ez dakit; ez dut irudikatzen ahal. Katakonbetako artistak gara. Ez dugu zinemako distirarik. Edo telebistakorik. Baina hobe, kaka baizik ez baita telebistan.

Hara...

Gaztaroko punk kukurusta atera zait hor; kasu egin behar dut! Baina, gisa guztiz, hamazazpi urtetan ez nuen saririk ukanen. Rock-and-rollari eta bizitzeari baizik ez nuen pentsatzen. Gaztaroan, sari baten dirutza segur aski gauean berean xahutuko nuen. Nire ametsak ez dira diruaren inguruan josiak. Le Petit Theatre de Pain taldeko helburua beti izan da gure lana pentsatzea gure ametsen ildora. Ez dugu lortzen, baina horretatik hurbiltzen saiatzen gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.