Markos Zapiain

«Gizakiok asmatzen dizkiogu bizitzari zentzuak»

Filosofian doktore eta filologian lizentziatua. Hainbat herritan eskolak eman ondoren, egun Bermeoko institutuan irakasle dihardu.

Amaia Agirre Arrastoa.
2011ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Hainbat euskal komunikabidetan kolaboratzaile gisa aritzen da Markos Zapiain (Irun, 1963); haren iritziak ez dira oharkabean joaten.

Uztailean UEUko Filosofia ikastaroan Bizitzaren zentzua hitzaldia eman behar duzu. Ezer aurreratzerik bai?

Joxe Azurmendiri buruzko ikastaroa da, eta bizitzaren zentzuaz Azurmendik pentsatzen duena azaltzea egokitu zait. Prestakuntza lanetan nabil, gogorra da, batez ere kontuan harturik bizitzak berez ez duela zentzu handirik. Gizakiok asmatzen dizkiogu bizitzari zentzuak, lasaigarriak baitzaizkigu. Esadazu maite nauzula, fikzioa izan arren.

Negoziazioak puri-purian daude garaiotan. Zuretzat zer da inondik inora negozia ezin daitekeena?

Perejil Salamanca bezain espainola da, kito. Negoziazioak baino eragingarriagoak dira opariak, hala nola Bilduk jeltzaleei Araban eginikoa. Negoziazio mahaira opariak egiteko asmoz esertzeko gaitasuna duenak bide erdia egina du politikan irabazteko. Oparigileak ez du negoziatzeko behar handirik.

Zure alaben aita izateaz gain euren lagun izaten ere saiatzen al zara?

Burutik pasatu ere ez zait egiten. Intzestuaren debekua errespetatu beharra dago.

Zergatik iruditzen zaizu Michel Gondryren Human Nature filma azken urteotako onena?

Gure bizimoduaren oinarri filosofikoa ganoraz adierazten duelako. Etikan orain Dortokek hegan egin dezakete ikusten ari gara: bestelako bizimodu bat erakusten du, gurea baino latzagoa, kurduena errefuxiatu eremu batean, eta Human nature bezain ona da.

Bermeoko institutuan irakaslea zara. Ba al dakizu zuri buruz zer iritzi duten zure ikasleek?

Denetarik entzun daiteke. Izugarri ikasten da ikasleengandik. 17 urteko neska batek bota berri dit kalitate txarrekoa behar duela nire espermak, adina dela eta.

Zer erantzun jaso zuen?

Errealitateak zigortu du honezkero. Zientziak dio bere adinkideen espermatozoideak noraezean dabiltzala, obulurako bidea ezin aurkiturik, galduta, ergelduta, elikadura kaskarraren erruz, beroketa klimatikoaren eta transgenikoen erruz. Ez da ezinezkoa hamar urte barru gazte hori etor dakidan tanta bat eskatuz otoi eta arren. Gozamen handiz oroitaraziko diot joan den asteko iraina.

Humek frogatu zuenez, baieztapen orokorrak aiseago gezurta daitezke ezezko esaldiak baino. Jarriko didazu adibide bat?

Gaur egun maiz entzuten da «kirolari guztiak drogazaleak dira» esaldia, drogazalea ez den kirolari bakar batek ezezta lezakeena. Aitzitik, «kirolari guztiak ez dira drogazaleak» zaila duzu gezurtatzen, egiazkoa baita; esperantza hori badugu bederen.

Nolakoa da amesten duzun Euskal Herria?

Harrokeria gutxiago, elkartasun handiagoa, zentzuna, eta guardia zibilek ezin edonor atxilotu eta torturatu, zentralismo xenofoboari amore emaniko epaile arbitrario batek agindurik. Alegia, balio etiko xarmagarriek mugiarazia baina, aldi berean, indoeuroparrengandik babesteko moduko defentsaz hornitua.

Komunikabideak zure moduko tertuliakideak erakartzeko desiatzen egoten direla dirudi.

Saioak prestatzeak zenbat ordu kentzen dizkidan kontuan hartuta, merkea naiz, sekulako mauka; duintasunari uko egiteko beti prest. Nahiago Radio Euskadin eta ETB2n antzeko jardueren truke zenbat ordaintzen duten jakin barik.

Zer esan nahi du «batzuetan Pelipe pizten da ene baitan» esaldiak?

Bipolartasunaren arazo intimoak. Zaila da adierazten, baina esperientzia pairatu duenak badaki.

Itxura, ohitura edo arraza desberdinen aurreko beldurra edo nazka ez omen da arrazakeria. Hori natura omen da, zure iritziz. Euskaldunak arrazistak gara?

Arrazakeria da beldur edo nazka natural hori ideologia baten bidez zuritzea eta arrazak hierarkizatzea. Sabino Aranaren testu mordoa da arrazista. ETAk hautsi zuen euskal arrazakeria hura. Edonola ere, irakurri Sabinoren garaiko europar politikari eta pentsalarien testuak, eta okerragoak dira oraindik Sabinorenak baino, ez baitira defentsazkoak.

Zergatik ez da institutuko liburuetan emakume filosoforik ageri?

Ezagunak diren arrazoi lotsagarriak direla-eta, emakume filosofo gutxi izan da. Eta gutxi horiek betitik baztertu izan dituzte Filosofiako Historia handiek, zeinetan oinarritzen baitira institutuko testu liburuak. Gure ikastetxean Virgina Woolf, Hannah Arendt eta Elisabeth de Fontenay programazioan sartzen ditugu.

Zer esango zenioke seme-alabak filosofia ikasketak egitea alferrikakoa dela pentsatzen duen guraso bati?

Gero eta ikasle gehiago matrikulatzen da Filosofian, agian gaur egun, lana aurkitzen laguntzeko orduan, karrera guztiak direlako alferrikako samarrak.

Joxe Azurmendi.

Inoizko euskal pentsalaririk handiena. Bitoriano Gandiaga lagun minari, hil zorian zela, esan zion, erdi lotsaz: «Badakizu euskaldunok ez dakigula gizonak gizonari maite zaitut edo holakorik esaten».

Sigmund Freud.

Misoginoa izan zen, homofobo, atzerakoi, zeken, gezurti eta egolatra; aldi berean idazle bikaina, saiakera, narrazio eta ateraldi gogoangarri mordoa utzi zigun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.