Maddi Oihenart

«Ahalkorra naiz, baina indar bat egiten dut hori gainditzeko»

Barkoxen sortu zen eta Gotainen bizi da, Zuberoan. Bi herriak elkarri hurbil badira ere, bide handia egin du batetik bestera pasatu aitzin, bereziki kantagintzan.

Joanes Etxebarria.
2012ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Sü Azia elkartean lan egiten du, artxibatuak izan ziren kantu zaharrak, mintzaldiak eta beste dokumentu batzuk sailkatzen. Galderei erantzun baino, dokumentu horietaz mintzatu nahiago du Maddi Oihenartek (Barkoxe, Zuberoa, 1956).

Barkoxek badu kantagintzan tradizio handia. Baduzu zerbait handik bildua?

Dudarik gabe. Zernahi gisaz garena gure aitzinekoenganik horra da, guk nahi edo ez. Ene aita eta ama Barkoxeko izatez, ingurumen horretakoa naiz.

Eta badituzu erreferentzia zehatzak?

Ene aitak erraten du, hala delako, adibidez Etxahun Iruriren familiako direla. Baina nik Etxahun ez nuen gurutzatu Jean-Mixel Bedaxagarrek bezainbeste; besta batzuetan ikusi bakarrik. Bestalde, Attuli gure amaren lehengusua da. Familia horretan denek maite ditugu maskaradak, pastorala, dantza, musika...

Barkoxeko beste oroitzapenik baduzu?

Elizan serorak baziren Barkoxen, eta haien ondoan, beraiek bezala kantatu behar genuen. Nik nahiago nuen gibeletik entzuten nuenarekin bigarren boz bat ikertu. Serorek ez zuten onartzen hori.

Zer kantatzen zenuen, gizon bozarekin?

Ez dakit zuzen... baina boza laxatuz, ez punta-puntan atxikiz.

Zuk, halere, Barkoxetik jauzi bat egin zenuen diskoetara, kantaldietara...

Berantago bai. Laket nintzen kantan. Baina, Ximena pastorala izan zelarik, Pitxenean [ostatuan] lan egiten nuen eta gogoz parte hartuko nuen pastoral horretan, baina ez nuen paradarik ukan. Gainera, urrun nintzen gauza horietarik. Orain badakit beste bide eginen nuela hor parte hartu izan banu.

Baina zu nola hasi zinen kantatzen?

Ni anitzez berantago. Santagraztar eta altzaiar elibatekin Atharratzen ostatuan biltzen ginen, kantan. Haiek hitzez hitz ematen zituzten kantuak; nik, berriz, ez. Ekartzen zizkidaten kantuen hitzak, eta astean bi edo hiru ikasten nituen. Nik euskara hola ikasi dut, kantuak ikasiz. Batista Sobietekin kantu txapelketako finalera joan ginen, Eiheralarrera [Nafarroa Beherea], eta ez genuen irabazi. Halere, esperientzia ona izan zen, ondoko hilabeteetan kantatu baikenuen, eta Hegoaldean ere bai.

Nola ikusi zenuen Hegoaldea?

Oso berri eta indartsu. Behin Larrabetzura (Bizkaia) abiatu ginen kantaldi bat ematera. Galdakaotik iragan ginen, eta han bazen alimaleko manifestaldi bat. Enetzat, zinez hunkigarri izan zen holako jendetza bildurik ikustea, oihuka. Kontraste handia, hemengo bakartasunari begira. Oso aberatsa izan zen Euskal Herriaren itxura zabalagoa ezagutzea.

Bada Zuberoarekiko miresmen zerbait Hegoaldean. Ordu hartan ere hala zen?

Ordu hartan, kantugintzan indartsuenak abertzale mundukoak ziren. Gero uste dut Euskal Herrian zenbait mendialdeko guneri atxikiak direla gehiago, hirian barne bizi izan direnak beste borroka mundu batean... azkenekoz denentzat bada lekua.

Kontatu otoi nola atera zenuen lehen diskoa bakarrik, Lürralde zilarra, Arbailak eta beste lan kolektiboak aipatu gabe?

Ez dut nihaurek egin diskorik! Aiseago zait lagunen ondoan aritzea. Josetxo Goia Maulera jin zen behin disko baten ideiarekin, eta ondokoetan Juantxo Zeberiok nau bultzatu. Nihaurek ez nuen deus eginen.

Egin dituzun diskoei behatzean harro sentitzen zara?

Ez diet behatzen, ez bada behar gorririk. Orain kontzertu bat baldin badut, usu sei hilabete iragaten baitira batetik bestera, kantuei behatzen diet. Ez dut uste harrotasuna dudanik. Ohiko kantu bat entzutean, transmisio lotura egiteko beharrunea sentitzen dut. Ez da egin lanari so egoteko batere.

Kantu zaharrak sailkatzen dituzu. Batzuen kantatzeko gogoa pizten zaizu?

Lotsa ere ematen du zenbait aldiz. Hainbeste duda baitut nihaurekin... Junes Xübürük erraten didalarik kantari bat entzutean bere aita anitzez hobe zela, ene buruan pentsatzen dut hobe nukeela isilik egotea. Ni ahalkorra naiz, baina indar bat egiten dut aldi oroz hori gainditzeko.

Nolako harremana duzu Itxaro Bordarekin? Haren testuak kantatzen dituzu...

Itxaro hemen bizi izan da, eta ontsa ezagutzen ditu hemengo giroa, bizitza, jendeak. Azkenean, nitaz hurbil diren gauzak sentitzen ditut haren poemetan. Haren hitzak eneganatzen ditut. Emazte delako ere bai: kantu zahar haboroenak gizonek idatziak dira, eta ez beti emazteen alde!

Kantuan beti ukan duzu norbait akuilu gisa. Zerbait eginen zenuke bakarrik?

Ni beti gibelean edo saihetsean diren horietako bat naiz. Edozein lanetan zinez maite dut laguntzeko rol batean izatea, ezi ez aitzindari edo eramaile. Jendeen artean lotura egitea, hori dut maite.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.