Iban Rusiñol

«Musika munduan ibiltzean, ofizio asko ikasten dituzu»

Skunk taldean jotzen zuen hasieran; orain, The Sparteens taldeko gitarrista da. Bideoen mundura ere igaro zen, eta 'Sagarra jo' dokumentala prestatzen ari da orain, Remi Riviere eta Nicolas Novionekin, Kalakan taldeak Madonnarekin egin biraz.

Joanes Etxebarria.
2013ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Miarritzeko FIPA nazioarteko ikus-entzunezkoen festibalean zen egun hauetan Iban Rusiñol (Iruñea, 1975). Prestatzen ari den dokumentalarentzat eta, oro har, ikus-entzunezkoez informazioa biltzen. Musikatik hasi zen dena.

Skunk taldearekin arrakasta handia ukan zenuten Euskal Herritik kanpo ere. Garai haien falta sumatzen al duzu?

Faltan sumatu ez, zeren azken finean eskola hori, nik behintzat, nire bizitza osoan eraman izan dut. Skunken eskola da ez jakitea zer daukagun eta horrekin zer egin dezakegun, baizik eta jakitea zer egin nahi dugun eta hori lortzeko zer behar dugun. Nik, behintzat, eta nire inguruan dauden gehienek ez dakigu zer den norbaitentzat lan egitea. Guretzat lan egiten dugu.

Hori xantza bat da!

Inertzia bat da; ez dakit xantza bat den. Azken finean, nerabe naizenetik inertzia bat da, ez dakit gauzak beste modu batean egiten. Ez dakit zer den curriculum bat bidaltzea, ez dakit nola funtzionatzen duen horrek.

Zure oraingo taldea, The Sparteens, txiste batetik abiatu omen zen...

Hasiera batean Mariederren eta nire arteko broma bat zen. Igande goizetan —arratsaldeko hiruak aldera—, larunbatean izandako gau izugarri jaitsu bat izan eta gero, telebista piztu eta ideiak sortzen dira. Broma bat egitea bururatu zitzaigun: musika bortitzen abiapuntua hartu, eta bertsio edulkoratuak egitea, nahiko umoretsuak eta barregarriak, estetikarekin jolastuz.

Su Ta Gar taldearen zaleek 'Jo ta ke' kantuaren bertsioa preziatu zuten?

Su Ta Garren zaleak izaten dira umore gutxien daukatenak. Hori ziur. Gero jakin behar da egokitu ditugun talde gehienak ezagutzen ditugula. 10.000 aldiz elkarrekin jo dugu... Azkenean, gure arteko broma bat zen. Iristen ginen une batera non abesti bat egiten hasi baino lehen jada mehatxuak bidaltzen genituen, adibidez Kuraia taldekoei abisatu genien hurrengoak haiek zirela; mehatxu moduan, baina broma moduan ere bai, noski.

Kontzertuetan, twist dantza lehiaketa izaten da. Euskal Herrian dantzatzen da?

Inoiz utzi al zaio Euskal Herrian twista dantzatzeari? Iparraldean, dantzaldietan, nola dantzatzen dira reggae musika, mutxikoak, punk musika? Dena dantza berdinean dantzatzen da: twista eta rock-and-rolla.

Mozkor izan gabe ere dantzatzen da?

Bai, noski. Azken finean, Euskal Herriko kontzertuen giroa nahiko serioa eta kulturala izaten ari da; baina twist lehiaketa hasten denetik, irabazteko gogoa pizten da, eta nolabaiteko jokoa sortzen da... eta hortik giroa.

Pomada pixka bat pasako dizut. The Sparteens taldeko bideoklipak politak eta zainduak dira!

Egiten ditugu The Sparteensen inguruan sortu den elkarte baten bidez. Gehienetan, hasierako ideia Mariederren eskutik dator, eta ideia Nicolas Novionen eta nire artean gauzatzen dugu. Bideoklipak hirukote horren emaitza dira.

Orain Remi Riviere eta Nicolas Novionekin dokumental bat prestatzen ari zara. Fermin Muguruzaren bide beretik zoaz?

Askotan, mugimendu artistikoak ez dira indarrez sortzen. Izaten dira nolabaiteko kointzidentzia eta klima bat sortzen delako. Ez dakigu zergatik, baina une batean jende askok ideia bera daukate, eta mundu berean hasten dira lanean, jakin gabe besteak ere ari zirela. Pixkanaka, jendea elkartzen da, elkar ezagutzen dute, eta hor konturatzen gara ba ostia!, gauza berdinak egiten ari gara...

Aipa ezazu bidean den dokumentala. Kalakan taldea segitu duzue Madonnaren biran...

Kalakaneko kideak ezagutzen ditugu. Konturatu ginen hor bazela istorio bat kontatzeko, eta pena litzatekela ez kontatzea. Kamerak hartu, eta astebete joan ginen, Niza eta Zurich aldera. Ez dugu soilik Kalakanen abentura pertsonala kontatu nahi, baizik eta, berezitasun batez, oso gai zabala; kultura minorizatu batek nola buka dezakeen masa kultura horretan murgildua, eta Madonnak berak zergatik daukan jarrera hori. Ez dakit jendea ondo konturatu den zer-nolako garrantzia ukan duen Kalakan hirukoteak Madonnaren ikuskizunean.

Eta egun hauetan Miarritzeko FIPA festibalean zaude dokumentala saltzeko?

Bi frontetan ari gara lan egiten. Gauzak egituratu nahian, ikusten ari gara nola funtzionatzen duten gauzek era praktiko eta serio batean. Informazio asko hartu dugu. Noski, bilatzen dugu ere dokumentala nola atera; Frantziako kate hedatzaile bat bilatzen dugu, horrekin gauzak errazten direlako.

Erran duzu ez dakizula zer den norbaitentzat lan egitea. Horren alde txarra hori izan daiteke, dena zuk egin behar duzula.

Hori niretzat alde ona da, zeren lan egitea asko gustatzen zait. Musika munduan ibiltzen zarenean, ofizio asko ikasten dituzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.