Beñat Amorena

«Egoista izanen da, baina plazera hartzea besterik ez dut behar»

Bost urtez Parisen perkusioa ikasirik itzuli zen Euskal Herrira Beñat Amorena. Errobi taldean eta Beñat Axiarirekin ibilia da; bigarren mailako izena da, baina lehen mailako musikaria. Ikuskizunak sortzen ere hasi da berriki.

Joanes Etxebarria.
2013ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Milafrangako (Lapurdi) etxe handi bezain ederrean hartu gaitu Beñat Amorenak (1950, Baigorri, Nafarroa Beherea). Etxeak gela txiki bat du, goizeroko haren aterpe, bateria erdigunean dela. Dio plazera bilatzea besterik ez zaiola gelditzen.

Landetako kontserbatorioan perkusio irakasle izan zara luzaz. Erretretara pasatzeak zerbaiten eskasa sentiarazten dizu?

Ez. Ene ibilbidean, irakasle lanaren faltarik ez dut sumatzen. Bakantza handiak hartu ditut, burua husten dut ibiliz, irakurriz, parapentea eginez. Aldiz, uste dut luze gabe ene esperientzia umila ez partekatzearen falta sumatuko dudala, bateria jotzaileekin bereziki. Baina orain ari naiz berriz bateria bakarka jotzen; berriz deskubritzen dut tresna sentsuala dela.

Beraz, irakasle lana da utzi duzuna, ez musikariarena.

Ez, ez. Badira gauza anitz ez ditudanak gehiago egin nahi, baina ariman musikaria naiz. Segitzen dut musika konposatzen ere. Uste dut bizi osoan musikari izanen naizela.

Errobi taldean ari izan zinen. Ordutik hona egin ibilbidea nola laburbilduko zenuke?

Badut ibilbide sinusoidala. Laster aspertzen naiz, behar dut aldatu, batetik bestera joan eta gero itzultzen naiz. Beti horrela egin izan dut. Parisen nintzelarik, jazzarekin hasi nintzen; Errobirekin rocka jotzen genuen; hortik jazz ikonoklasta talde bat sortu genuen... Beñat Axiarirekin hainbat disko egin nituen, eta orduan Burrunkaren arbasoa sortu nuen, Jotakurri.

Hain zuzen Burrunka —gaitak eta perkusioak nahasten dituen taldea— Uztaritzeko Hartzaro festibalarentzat sortu zenuen. Zer lotura du taldeak inauteriekin?

Taldearen estetika oso inauterietakoa da. Festibalak galdetu zidan taldea sortzea, beraz logikoa da zentzu horretan doan musika egin izana. Musika alaia ematen du, bortitza, pixka bat xamanikoa... Inauteriak deabruak, frustrazioak haizatzeko dira.

Inauteriak heldu dira berriz. Zer ekartzen dizute zuri?

Inauteriak, gaur egun, zintzoki, ez du gehiago funtzio bera betetzen. Interesgarria litzateke inauteriaren funtzioan pentsatzea. Inauterien historia da hierarkiak gain behera ezartzea. Ez du gehiago konnotazio bera.

Bestalde, sorkuntzak ere plazaratu dituzu, horien artean Olentzero badator. Mitologia inspirazio iturri zaizu?

Bai, hor parada ukan nuen sorkuntzan aritzeko, eszenografian, pertsonaiak sortzen, elkarrizketak idazten... Istorio bat kontatzea, azkenean, bisualki eta musikaren bidez.

Eta mitologiaren lekua zein zen?

Olentzeroren historia berrasmatu dut. Gozokiak ematen dituen Olentzerori itzulia eman diot. Oinarrizko Olentzeroren antza gehiago zuen pertsonaia bat egin nuen nik uste: basa, gaiztoa, bortitza zen. Eguzkiaren bila joan behar zuen, eta Lurrera ekartzen zuen.

Bazuen erokeria ere, pertsonaia fantastikoekin,besteak beste...

Bai, eta baziren, nahitara, anakronismoak. Eguzkiak ihes egin zuen, eta Olentzerok bidaia intergalaktikoa egin zuen haren bila joateko. Eguzkia ekarri zuen, baina harekin batera, eguzkiaren neskak eta beste pertsonaiak baziren. Fikzioa egitekotan, mitologia berritu nahi nuen. Mitologia musika tradizionala bezalakoa da, badu alde aspergarri bat gazteentzat. Mamia atxikiz baina itxurak aldatuz.

Zer egiten zaizu interesgarriago sorkuntza aldetik, bateria jotzea edo bulego batean idazten aritzea?

Idazteak liluratu nau. Nahiz eta esperientzia oso hurbila den, eta bateria jotzea bizitza osoan egin dudan. Bat eta bestea... Erran dizudan bezala, maite dut batetik bestera ibiltzea, eta uste dut batak besteari ekartzen diola.

Musikan, aipatu dituzu hunki dituzun estilo batzuk. Ba ote dira oraino aurkitu nahi dituzun bide edo estiloak?

Bai! Adinak heldutasuna ekartzen omen du; beraz, baliatzen naiz Coltrane edo beste batzuk entzuteko, eta gaur egun ez dut lehen bezala entzuten. Orain sentsualitateari buruz noa gehiago, hizkuntzaren heldutasunariburuz. Ez dut gehiago helburu laster edo azkar jotzea.

Zurekin ikasi zutenen bilakaera ikustean, zer pentsatzen duzu?

Oso pozik naiz, eta harro ere. Ukan ditudan milaka ikasleetarik badira anitz profesionalak bilakatu direnak. Espero dut musikaren maitasuna, birus hori transmititu diedala izan ditudan ikasleei.

Profesionala bilakatzeak ez ote du ekartzen plazera galtzeko arriskua?

Arriskua bada. Batzuetan, ene ibilbidean, ohartu izan naiz plazera ahanzten nuela. Orain, aldiz, ez dut gehiago ordainsari beharrik bizitzeko; beraz, badut askatasun osoa. Egoista izanen da erranen dudana malerus guztiekiko, baina plazera hartzea besterik ez dut egin behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.