'Xabaltx'

«44 urte ditut; erran nezake pasatu ditudala 37 urte haur baten gisa»

Gure Irratiko estudioak aspaldi utzi zituen Xabaltxek. Duela denbora bat, oholtzatik ere urrundu zen, Gaurko Makila enpresa sortzeko. Zortzi belaunaldiz, bere familiak egindako makilei itxura aldatu die. Sorkuntza eta teknologia uztartzen ditu.

Joanes Etxebarria.
2013ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Pantxoa Bergara (Baiona, 1969) ezaguna da, baina ez haren izenarekin, Xabaltx ezizenarekin baizik. Musikarekin agertu zen plazara, eta, hainbat disko argitaratu ondotik, orain makila egile bilakatu da. Gaurko Makila enpresaren izenarekin aurkezten direnak, ez dira betiko makilak.

Nork erranen zukeen egun batez makilak karbonoarekin eginen zirela?

Nik [irriak].

Makila euskal sinbolo bat da. Zuk karbonoz egiten dituzu, GPSa ukan dezakete... Zer antzekotasun ikusten duzu euskal kulturaren eta zure makilen artean?

Badakigu zer sinbolo duen gure kulturan. Bazen denbora nire sorkuntza gehiago mamitu nahi nuela. Zizelkatzeak egiten ditut, baina ez nintzen ausartzen erakustera. Lagun baten etxean kafea edaten ari ginela, bezperan erosia zuen kafe makina ikaragarri design, ederra bazuen... Erraten nion nire amatxik kafea egiten zuela kazola zuri handi batean, eta bat-batean ikusten dut makila tximinia gainean. Horrela etorri zait Bergara familian makila ez dela sekula mugitu zortzi belaunaldiz... Sinboloa galdu gabe, gaurkotasun batean kokatzen da gaur.

Pertsona bat baino gehiago harritu duzu zure makilekin...

Bistan da hori harrigarria izan dela...

Bereziki, musikari gisa ezagutzen zintuztenentzat.

Bai, baina niretzat hori artea da, sorkuntza. Ni ez naiz bakarrik kantari, idazle... artista gisa definitzen naiz gehiago, zinez kantari baino. Gauzak marrazten ditut, teknologiak gustuko ditut, eta teknologiei esker marraztu eta diseinatu ditut makila horiek.

Segur zen zerbait desberdina eginen zenuela, musikan egin duzun bezala.

Ez nuen interesik makilak egiteko familian egiten ditugun bezala. Bazen hiru edo lau urte xerkatzen nuela zerbait, eta bat-batean etorri zait.

Aipatu duzu zure familian makilak egiten zirela. Nola hartu dute berrikuntza hori?

Familian biziki gaizki hartu izan dute,egia errateko. Uste dute makila bakarrik haiena dela. Nolabait, niretzat ere zen familiari oldartzeko gisa bat. Gero berdin zait, nik ene makilak egiten ditut. Baina, oro har, ongi hartua izan da. Makilak erosten dizkidanetatik %35ek jada makilak baditu, eta 55 urtez gorakoak dira. Erran nahi du jendeak goaitatzen zuela horrelako zerbait, segur aski.

Bestalde, egin dituzun lau modeloetan, bat emazteari lotzen duzu.

Bai, makila beti gizonari lotua da. Mundaka modelo hori uhinekin egina da, biziki goxoa da formetan. Eta emazteei gustatzen zaie. Erran nahi dut emazteek ere makilak erosten dituztela gaur egun, eta haientzat. Hori eta Baztan modeloa, biak pixka bat femeninoak dira.

Musika munduaz mintzatzean usu kritikoa izan zara. Artisau mundu horretan ere, iduri zaizu gazteak edo hasiberriak ez direla aski laguntzen?

Badu orain urte eta erdi, artisau edo enpresa munduan sartu naizela. Tarteka merkataritza ganbarak antolatzen dituen bilkura batzuetara joaten naiz, eta dinamika azkar bat bada. Gero, beti gauza bera da: laguntzak badira, baina eskuinetik eskaintzen dena ezkerretik hartzen da. Baina musika munduarekin konparatuz, ni goxoago naiz memento honetan. Ez dut konkurrentziarik, munduan bakarra naiz horrelako makilak egiten dituena! Oro har, erranen dut ene bizian ere goxoago naizela.

Musika mundura itzuliz, lehen egiten zenituen kritikek gaur ere balio dutela uste al duzu?

Pixka bat urrundu naiz musika mundutik. Baina, adibidez, Euskal Herria Zuzenean festibalaren afixan, gogoan badut Fermin izanen da, behako bat eman nuen... Iruditzen zitzaidan duela hamar urteko afixa ia berbera zela. Paradoxa handi bat da; badira taldeak nonahi, Durangoko azokan ikusi nituen, eta iduri du taula handietan beti gauza berak ikusten direla.

Eta, zuhaurrek, berriz taula gainera igotzeko beharrik ez duzu sentitzen?

Atzo arratsean gitarra eskutan nuen, eta jotzen ari izan naiz. Uste dut gauza hori ez dela sekula joaten. Eta bitxi dena, azken diskoa atera nuenean, Cymeus, ene ustez, disko ona zen, baina ez zuen bere publikoa lortu. Orain, deiak baditut leku guztietatik. Hor ere, paradoxak badira. Baina uste dut oraino urte bat edo bi beharko ditudala lan bati lotzeko. Ene xantza da ez dela ogibide bat, ez dut musikaren beharrik egunero jateko, baina bizitzeko bai.

Ostatu giroko kantuekin hasi, eta orain enpresa munduan sartu zara. Nolako jauzia!

Handitu behar da egun batez! Orain 44 urte ditut; erran nezake pasatu ditudala 37 urte haur baten gisa; ostatuetan, neskak, drogak, kanpoan beti, alkohola egunero... Hori utzia dut. Uste dut goxoago naizela ene buruarekin. Lagun batzuk bidean egon dira, nik, segur aski, oso goiz utzi ditut gauza horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.