Ruben Gomez

«Europak ez ditu herri txikiak nahi, gauza handiak baizik»

Espeleologoa da Ruben Gomez, eta urteetan lekuko sorosle taldearen burua izan da. Zuberoa zeharkatzen duen gasbide xedearen kontra borrokatu zen. Liginagako auzapeza da, ingurumenaren zaintzaile militantea, eta Udalbiltzako kidea aspalditik.

Joanes Etxebarria.
2013ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Espeleologoa, ingurumenaren aldeko militantea, auzapeza... Komunista jakobinista zen, baina aspaldian hasi zen Euskal Herriko aldarrikapenak ulertzen Ruben Gomez. Gaur egun, Udalbiltzako kide da Liginagan (Zuberoa).

Zuberoa zeharkatzen duen gasbidearen kontrako borroka luzea eraman zenuten. Zein zen testuingurua?

Gasbidearen berri prentsan ukan genuen. Lehen gauza hori da. Gasbidea ekarri zuten ekonomikoki baztertua zen lurralde batera, edo bereziki turismora bideratua zena, laborantza edo lanpostu sortzera buruz baino. Orduko kontseilari orokorrek zioten gasbideak 500 lanpostu sorraraziko zituela. Bagenekien hori faltsua zela; gaur egun, erran dezakegu 1.500 lanpostu baino gehiago galdu direla. Orain, gasbidearekin, arrisku larriak badira.

AHT xedea aipatzen da orain. Bien arteko lotura bat ikusten al duzu?

Bai, zeren bi kasuetan inkesta publiko bat egin da. Bizi izan dudanaz gasbidearen inkesta publikoan, begi bistakoa da estatuak, demokrazia eta kontsultaren aitzakian, jendeei gezurra kontatzen diela eta nahi duena egiten duela. Bada ere galdera bat gasbidearekin egiten zena eta orain AHTrekin egiten dena: beharrezkoa ote da? Edo multinazionalei lana emateko da, hunkiak diren herritarrak laguntzeko baino?

Eta, zure ustez, gasbidea egin zen bezala tren lasterra eginen da?

Nik argi nuen borroka egiten bagenuen ere estatua zela garaituko. Gasbidea edo tren lasterra aipatzen dugunean, europar loturak dira. Gasak Errusiatik datoz, edo Magrebetik. Arazorik balitz Errusiarekin, Magrebetik ekarriko lukete. Europaren energia burujabetza da jokoan; beraz, herria borrokatu daiteke, baina ez du irabaziko. Halere, pentsatzen dut herriak borrokatu behar duela. Trenbide lasterrarekin gauza berbera da.

Liginagako auzapeza ere bazara, sentsibilitate ekologista duena. Inguruan ekologista baino ehiztari gehiago bada!

Erran dezagun, hobeki, ingurumenaren babeslea ekologista baino gehiago. Ez naiz integrista. Adibidez, hartzarentzat, Esloveniako hartza ezartzearen kontra naiz. Lekuko hartza desagertu da, eta ez bakarrik ehiztariengatik. Guk harpeetan tigre eta errinozeroak atzeman ditugu. Hortik aitzina aski dute Afrikako errinozeroak hartzea eta hona ekartzea!

Militantziatik herriko etxera...

Urteetan eta urteetan oposizioan izan naiz. Ezkerrekoa nintzen eskuinak gidatzen zituen hainbat erakundetan. Behin pentsatu nuen kritikatzeko partez erakutsiko nuela zer egiten dakidan. Aurkeztu nintzen, eta pasa. Banuen borrokalari fama, gehienetan bakarrik nintzen, baina jendeek konfiantza ukan dute enegan. Ez ninduten segitzen borrokan, baina segur aski intelektualki bai. Hori bai, pentsatzen nuen botere gehiago ukan genezakeela, baina Europak ez ditu herri txikiak nahi, gauza handiak nahi ditu.

Udalbiltzan, berriz, herriak dira biltzen.

Ni alderdi komunistan nintzen; beraz, jakobinoa nintzen. Nire ama hizkuntza frantsesa da, baina egun batez erran bazidaten ingelesez mintzatuko ginela, labana hartuko nuen. Beraz, ulertzen ditut euskaldunen aldarrikapenak haien ama hizkuntzari erasotzen diotenean. Horrek zer pentsatua eman zidan. Horretaz gain, ipar eta hego arteko banaketa politikoa gainditzeko Udalbiltzak proposatzen duenaren aldekoa naiz ni.

Zuberoatik zu bakarrik zoaz...

Erran zidatelarik zuzendaritzara joanen nintzela, hizkuntzaren arazoa ikusten nuen. Onartzen dut Zuberoaren ordezkaria izatea, ohore bat da, baina nahiago nuke hemengo beste batzuk ere joanen balira.

Ipar Euskal Herriaren lurralde elkargo baten beharra ikusten duzu?

Joan den larunbatean, herriko kontseiluan, aho batez bozkatu dugu azken mozioa. Horrekin erantzun dizut.

Mendia ezagutzen baituzu, zure ustez, Euskal Herriarentzat muga bat da edo zubia izan daiteke?

Natura 2000 europar programa zentzu horretan kritikatzen dut: bada muga politiko bat, hori segur, pixka bat geografikoa ere, baina inondik ere ez da geologikoa. Belaguako urak Santa Grazira iristen dira. Natura 2000 muga politikoan gelditzean, Nafarroan produktu toxikoak erabil ditzakete, eta uretik hona heldu dira. Oro har, mugaz gaindiko harremanetan, mendia ez da traba bat gaurko egunean; duela 30 urte, zinez muga bat zen.

Mendian turismoa garatzeko geroz eta gehiago aipatzen da turismo berdea.

Nik beti diot Zuberoak turismoa ez den bestelako laguntza behar duela. Uste dut hobe dela zuberotar laborariak diruz laguntzea, kalitatezko eta lekuko mozkin batzuk ekoitz ditzaten. Turismoan dirua ezartzen bada, lur espekulazioa ekarriko du, laborariei lurrak kenduko dizkiete, eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.