Albistea entzun

Mattin Larzabal

«Lanak galdetzen zuena baino askoz gehiago eman diot»

Gure Irratia sortu eta handik bi urtera hasi zen kazetari lanetan. Joan den ostiralaz geroztik, Ipar Euskal Herriko ehunka albisteren berri eman duen ahotsa ez da gehiago entzuten uhinetan. 30 urtez irratian egin lana utzi du, erretretara joateko.

Joanes Etxebarria -

2013ko ekainak 16

Haren ahotsa manifestaldiei, euskararen egoerari, greba mugimenduei edo Baionako auzoei lotua da, besteak beste. 30 urtez, Euskal Irratietako entzuleei gaur-gaurko gaien berri eman die Mattin Larzabalek (Aiherra, 1950). Joan den ostiraletik, erretreta hartu du.

30 urtez Gure Irratian lan egin ondotik erretreta iritsi zaizu. Penaz edo pozik hartzen duzu fase berri hau?

Egia erran, penarik ez dut sentitzen, oraino ez baitut horri pentsatu. Gero bai, egia erran, pentsatzen dut asko eman diedala Euskal Irratiei eta Gure Irratiari, energia asko ezarri dudala hor. Erran nezake, hain segur ere, askotan lanak profesionalki galdetzen zuena baino askoz gehiago eman diodala. Ene ustez, ontsa ari izan naiz, eta ongi egokitu naiz euskaraz komunikatzeko problematikara.

Hainbeste energia eman izana lotua ote da elkarte munduan lan egin izanari?

Dudarik gabe. Izan dira garai zailagoak, 1994.aren itzuliko urteetan biziki garai zailak izan ditugu, nik ere gisa batez. Sentitzen nuen gure entzuleen aldetik pixka bat apaltzen zela gurekiko konfiantza. Hor sentitu dut behar zela zerbait egin. Guhaurrek bagenuen gizaldi aldaketa problema bat, zeren eta ordura arte boluntario gisa lagundu gintuztenek hatsa hartu nahi zuten eta segidarik ez zen heldu. Egia da Iparraldeko elkarte bat izanik, boluntariorik gabe neke dela elkarte bat kurriaraztea.

Urte horietan, izan dira gaiak hastetik buru segitu dituzunak. Joatean gai batzuk bururaino segitu gabe utziko dituzu, Lurralde Elkargoaren galdea bezala.

Alde horretatik, arrangurarik ez dut egia erran. Breafing asko egiten dugu kazetarien artean; nik gehiago ezagutzen dudan gai batez besteei elementu prezagarri batzuk ematen dizkiet, abiapuntu bat ukan dezaten. Bestenaz, ezertxo ere gabe kazetari bat igortzea Hautetsien Kontseiluak egiten duen prentsaurreko batera, adibidez, ez baldin badaki tutik ere, ezin da. Gisa batez edo beste, nire esperientzia eta jakintza hori partekatu ditut. Gure Irratian badira kazetari gazteak, oso argiak eta gauzak biziki fite konprenitzen dituztenak; alde horretatik, ez naiz batere kezkatua.

Zure lankideez harago, bagara hainbat kazetari zuk duzun telefono zenbaki zerrenda ukan nahi genukeenak...

Ofizioan, eginbidea besterik ez nuen gauza bat baizik ez dut egin azkenean. Zerrenda hor dut, ez dut erranen libreki ezarriko dudala Interneten, baina eskatzen duenari beti zerbait emanen diot.

Iaz Rikardo Arregi saria eman zizuten. Umila izanagatik, ezagupen hori eskertzen duzula pentsa daiteke.

Bai. Hori estimatu nuen biziki, egia erran; ez dut hala ikustera eman, baina 2012ko ekainaren 30ean eskuratu nuen Rikardo Arregi sari hori estimatu dut. Kazetari «independente» gisa izan naizela ezagupen bat baita. Anitz kontatzen du enetzat.

Beste sari bat izan daiteke zure alaba kazetari bilakatu izana. Ofizioarekiko duzun maitasuna pasaraziko zenion etxean.

Bai, baditut bi atsegin pertsonal, familia kontuetan. Nire bizilagunak naturalki ikasi duela euskara, nik sekula deus ere erran gabe, deus eskatu gabe, nahiz bera hemengoa ez izan. Bistan dena, bigarrena, eta hari beretik, nire alaba kazetaritzan sartu dela. Biziki zoriontsu izan nintzen, orain hamar bat urte hasi zelarik. Egia da, estimatzen dut hori, eta badut nire ofizioan konplizitate naturala eta biziki inportanta nire alabarekin.

Teknika aldaketak ezagutu dituzu bidean. Tresnekin kazetaritza ere aldatu ote da?

Lan teknikoa erraztu da ordenagailuekin eta horiekin, ez da dudarik. Nik badut ordenagailu bat etxean, eta hortik igortzen ditut dokumentu franko. Horri esker, askotan ez dut Uztaritzeko estudiora joan behar izan. Denbora aurrezten da, Baionatik Uztaritzera joan beharrean lauak aldean, oren txarretan. Garai hartan lankidea nuen Jokin Zaldunbidek erakutsi zidan nola erabili soinu programa, eta egia da lan tekniko biziki ona egiten dela.

Eta Twitter eta kazetaritza lasterrera egokitzeko denbora ukan ote duzu?

Aitortzen dut ezetz. Sakelako telefonora egokitu naiz, SMS sistemara egokitu naiz, soinu programa erabiltzera egokitua naiz badu orain hamar urte... Horiek oro bai, oinarrizko gauzetara egokitu naiz. Baina hortik hara, Facebook eta Twitter, ez naiz sartu horietan.

Uste ote duzu, funtsean, sare sozialek ofizioa aldatu dutela?

Aurkezteko moldea biziki inportanta da beti. Nik hori pentsatzen dut. Testu bat idazten duzu paper batean, eta, behar baldin bada testu hori plazaratu, behar duzu landu, berriz idatzi. Lehenbiziko ateraldi hartan atera zen hura ezin duzu horrela plazaratu, behar duzu landu jendeari, entzuleari, publikoari aurkezteko. Printzipio hori dut sinpleki nire baitan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.