Peio Ospital

«Euskarak elizkizunetan duen tokia eztabaidagai bizi-bizia da»

Segur jakiteko nor den, Pantxoa eta Peio kantari bikotea aipatu behar da. Urteetako plaza ibilia bazter utzi zuten joan den urtean, bakoitzak bere bideari segitzeko. Peio Ospitalenak zerikusia badu Elizarekin. Kristautasuna gogoetarekin lotzen du.

Joanes Etxebarria.
2013ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
EITBk Ipar Euskal Herriko meza bat hedatzen duenean, Elizaren eta telebistaren arteko lotura egiten du. Fedea, bere kantari garaietan, oholtzara igo aitzineko tentsioan sentitzen zuen, besteak beste. Pantxoa eta Peio bikotea pausan da, gogoetan.

Azken Haur Kantu Txapelketan epaile lanetan aritu zinen. Segurtatu nahi ote zenuen ondoko belaunaldietan ere kantariak izanen direla?

Nik uste dut bizi den kultura batean kantariak, idazleak, poetak, artistak beti izanen dutela ez bakarrik tokia, baita sorgunea ere. Hori kontuan hartu behar da. Azken esperientzia hori enetzat biziki atsegina izan da. Txapelketak sortzen duen giroa eta ilusioa uste dut artatu behar direla.

Pantxoa eta Peio taldea ez da ari gehiago. Hutsunea sentitzen duzu?

Duela urtebete eta erdi erabaki genuen etenaldi bat markatzea, 40 urtez baino gehiagoz kantuz ibili ondoan. Hutsunea... Mementoan ez, baina ez dakit hemendik hilabete batzuetara zer gerta daitekeen. Guk gure ibilbidea egin dugu, eta, guk bezala, beste batzuek; eta, azkenean, herri batek ekarriak bezala izana gara, haste-hastetik. Giro bat zegoen, herri bat osoa gibeletik, eta uste dut hori baliatu dugula eta horri esker egin dugula bidea kantagintzan.

Hain zuzen, zuen kantagintza Euskal Herriko borrokari lotua zen, Monzonen kantuekin, besteak beste. Orain, herri hau garai berri batean bizi da...

Egia da Monzonen kantuak, Manex Pagolarenak, Roger Idiartenak eta Jean-Louis Davantenak halaxe kokatzen dira. Nik erran nezake erresistentzia kantuak zirela. Garaiak horrelakoak ziren, 60ko hamarkada hondarrean hasi ginen gu kantuz; pentsatu behar da frankismoaren urteak zirela oraino, eta, hemen Ipar Euskal Herrian ere, euskara, zerbait gisaz erreprimitua izan zela. Berez, euskaraz kantatzea oholtza batean iraultzailea zen. Kantu horiek, Monzonenak bereziki, garai horri lotuak gelditzen dira. Egia da denak aldatu direla; orain, bake prozesu batean sartu gara. Horrek, pentsatzen dut, sorkuntza bidea ireki dezake batzuentzat.

Baina Monzonen kantuek segitzen dute hor izaten.

Bada Itziarren Semeak taldea ere! Grazia ematen du halako gauzak ikusteak. Erran nahi du garai hori mentalitateetan arras barnaki gelditzen dela. Historia berria da oraino, 40 urte ez da deus herri baten historian. Niretzat, urteak joan eta, atsegingarria da ikustea gure kantuak gisa batean, jende batentzat, bidelagun izan direla.

Erran izan duzu oholtzara igotzeko mementoan, tentsio une horretan, Jainkoaren presentzia sentitzen zenuela.

Oholtza batera igotzerakoan bai, tentsioa bizi da, eta, urteak joan arau, kasik indartu baizik ez da egiten. Baina azkenean gauzak ontsa pentsatuta, ni gehienik lasaitzen nauena da pentsatzea 'zertarako gaude, zertarako dago horko jendea?' Memento goxo bat elkarrekin pasatzeko. Orduan zerbait gaizki ateratzen baldin bada, hitz bat huts egiten badut edo neurri bat jaten badut, zer da grabea? Ez da deus graberik. Nik pixka bat otoitz gisa hartzen dut horrelako gogoeta.

Lehen erran dugu Euskal Herria aldatu dela, baina Eliza ere anitz aldatu da.

Bai Elizak aldaketa handiak izan ditu, eta ez naiz bakarrik aita saindu aldaketaz ari, baizik eta hemen, gure elizbarrutian edo Hego Euskal Herrikoan gertatzen ari denaz. Pixka bat bortizki erranik, azkenik izendatuak izan diren apezpikuak niri iduri zaizkit gehiago aparatuko gizonak artzainak baino. Hor dago ere kristau elkargoa. Beharbada, agintariak baino aitzinatuagoak dira zenbait gizarte gaietan: emaztearen tokia Elizan, edo apaizen ezkontzeaz. Bake prozesuan ere uste dut kristau elkargoak baduela egitekoa, neholako protagonismorik xerkatu gabe

Halere, aita sainduak du manatzen.

Manatzen edo orientazio batzuk ematen. Baina hor ere barne eztabaida hazi egin behar da. Ez pentsa Elizak agintari batek zerbait erran eta gogoetatu gabe, pentsatu gabe, elkarrizketatu gabe obeditu behar duenik.

Irratietako berriemaile lanetan ere aritzen zara. Beti mezulari lanetan?

Ematen dudan laguntzatxoa euskaraz egiten dut. Horretan ere badugu zer egin; euskarak elizkizunetan duen tokia, hori eztabaidagai bizi-bizia da gure artean. Uste dut ez garela usatuak erlijio gaiak euskaraz gogoetatzen. Badugu ikastekoa, bainapraktikaz.

Itzul gaitezen kantura:plazetara itzultzeko gogoa bazenuke?

Bai. Nik, urte horietan, horixe estimatu dut gehien: jendearen hurbiltasuna. Anitzetan ere lekukotasun hunkigarriak hartzen ditugu. Kantu bati norberak lotzen dizkio hainbat oroitzapen, anitzetan intimoak. Jakiteak kantu horiek jendeen bidelagunak izan direla, ni horrek asetzen nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.