Christine Maynard

«Borrokak galtzen direnean ere, borrokatzea ezinbestekoa da»

Paris eta inguruetan bizi izan zen gaztetan. Anarkista edo komunista libertarioa da, eta borroka ugarirekiko interesak ekarri zuen aspaldian Euskal Herrira.

Joanes Etxebarria.
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Hemezortzi urterekin Parisen ikasten ari zen 1968ko Maiatzak eztanda egin zuenean. Hamar urte geroago Euskal Herrira iritsi zen, eta geroztik hemen bizi da. Euskara ikasten ahalegindu da, eta, aldi berean, frantsesa irakatsi du. Borrokak erakarri zuen, eta borrokan dihardu oraindik ere. Baionan (Lapurdi) eta Sohütan (Zuberoa) bizi izan da, besteak beste, eta bere Domintxineko (Nafarroa Behera) etxean hartu gaitu.

1968ko Maiatza Parisen bizi izan zenuen. Zer izan zen hura zuretzat?

Bai, 68ko dinamikarekin, zoragarria izan zen ikustea nola mugimendu sozial batek jendea bereganatu dezakeen. Ni bereziki libertarioen dinamikaz interesatua nintzen garai hartan.

Baina urteak pasatu ondoren, ikusten denean matxinada hark zer utzi duen, hobeki egin zitekeela pentsa daiteke... Zer diozu zuk?

Ni boterea ez hartzearen logikan kokatzen nintzen. Batzuek hauteskundeetara ez aurkeztearen hautua kritikatzen zuten. Niri bost axola zitzaidan, eta bost axola zait. 68ko matxinadatik gauza batzuk gelditu dira, hala nola autonomia eta askatasun nahia. Gainera, frogatu zen langileek lana uzten dutenean dena gelditzen dela, hots dena horien esku dagoela, nahiz eta grebak orain sinbolikoagoak diren.

Parisen jende gutxik ulertzen ditu abertzaleak; zuk nola ikusten zenuen hemengo borroka handik?

Euskal Herria hegoaldetik ezagutu nuen. Espainiako mugimendu anarkistaren berri banuen, eta hola aurkitu nuen Hego Euskal Herriko borroka. 70eko hamarkadan, euskal militanteen auzi handiak egon zirenean ere, Parisko mobilizazioetan parte hartu nuen. 1978an Peyrehoraden egon nintzen, eta handik beti Baionara joaten nintzen. Gogoratzen ditut manifak, aldarrikapenak paretetan... Bazen bizitasun bat ezagutzen ez nuena.

Nolako harrera egin zizuten?

Oso ona. Ohitua nintzen esplikazio gehiago ukaitera; hemen, berriz, gauzak ikusi ahala ulertzen nituen, denborarekin. Bazen misterio parte bat, eta emeki-emeki aurkituz joan naiz.

Euskararen mentsa sentitu zenuen?

Tolerantzia handia bazen. Gauza segurua da Hego Euskal Herrira joan banintz euskara ikasi beharko nukeela, ez baitakit gaztelania... Frantsesez hitz egiten nuen, eta hizkuntza berean erantzuten zidaten. Ezin diet ezer leporatu orduan ezagutu nituen horiei, baina egoera horrek ez zidan utzi euskara eneganatzen. Halere, nahiz eta geroztik euskara ikasi dudan, komunikatzeko traba da ez ongi jakitea. Bakarrik nire lagunaren bilobarekin egiten dut euskaraz, berak bakarrik lagunduko nau hobeki ikasten. Aldiz, euskaraz irakurtzen dut.

Euskara hitz egin ez, eta frantsesa irakatsi duzu hemen, erretiratu arte.

Niretzat kontraesan handia da, ez pentsa. Kanpotik etortzea eta frantsesa irakastea bere hizkuntza birkonkistatu nahi duen herri batean, niretzat asumitzeko zaila zen. Baina ikasle euskaldunekin batzuetan euskara oinarritzat hartzen nuen frantses hizkuntza irakasteko, edo azaltzeko hizkuntzek munduaren ikuspegi ugari dituztela. Erranaldiak aztertzean ikus daiteke hori. Nire inperialismoa arintzeko manera bat izan da.

Patxa, Leia, LAB sindikatua... zure ibilbide militantea ikusirik, nork pentsatuko luke kanpotik etorri zinela ?

Gogoratzen naiz batzuei erran niela Euskal Herrian segitzen dudala arrotz izaten, eta harrituak izan ziren. Ez naute kanpotar gisa tratatzen, baina ez dut euskal herritarra izateko pretentsiorik. Ez naiz oso euskalduna, eta ez nintzen nire laguna bezala gazte-gazterik kultura honetan murgildu. Herri honetakoa sentitzen naiz, herri honek onartzen nauelako, baina ez naiz osoki hemengoa.

Mugimendu abertzaleetan ibiltzea eta anarkista izatea ez ote da kontraesanezkoa?

Sindikatu batean ez. Sindikatuan klase borroka onartzen dugu, eta, ondorioz, nazionalismoan dagoen klaseen arteko interakzioa ere bai. Hala ere, hemen alderdi nazionalak gaina hartzen du. Nahiz eta herri bat burgesez eta proletarioz osatua dela ulertu, ez nuke independentzia ulertuko sistema ekonomiko eta produktibo hau irauliko ez balitz.

Iraganeko borrokek nostalgia eragiten ote dizute ?

Ez. Oroitzapen onak ditut. Borrokak galtzen direnean ere, eta gehienak galtzen dira, borrokatzea ezinbestekoa da niretzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.