Eric Dicharry

«Uste dut beste herrietan baino metaforikoagoak garela»

Antropologo gisa joan zen Barkoxera 1995ean, eta lapurtarra izanik ere, maskaradetan parte hartu zuen. Tesi bat egin zuen maskaradez. Berriki, arte instalazio bat egin du Baionan; eta Durangon, olerki liburu bat aurkeztu du.

Joanes Etxebarria.
2012ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Zakua ireki eta txosten potolo bat eta bi aldizkari atera ditu Eric Dicharryk (1969, Baiona): bertsolaritzan erabiltzen den umorea ikertzen duen lana eta Bertsolari eta Maiatz aldizkarien ale bana dira, bere testuekin. Euskal Museoan bere erakusketa bat bada egun hauetan. Antropologoa baino zerbait gehiago da.

Umorea ikertu duzu bertsolaritzan. Ba ote da euskal umore bat eta, baldin bada, nolakoa da?

Frantziako umorea hartzen badugu konparatzeko, uste dut, Antton Lukuk erraten zuen bezala, Euskal Herrian ez dugula Vaudeville bezalako umorerik ezagutzen. Gure gizartea horrelakoa baita; bikote batean bereizketa bat badenean, drama bat da, gure tradizioak kontuan hartuz. Guk horrelako gauzez ez dugu irri egiten. Erranen nuke irria politizatua dela, bereziki bertsolaritzan. Politikariek ezin baitzuten haien lana egin, bertsolariek haien gain hartu zuten politikaz aritzea.

Iraganean aipatu duzu. Diozun hori aldatu delako?

Hegoaldean ikusi dugu, bai, Bildu sortu zenetik... Uste dut aldatzen ari dela, emeki-emeki. Aldaketa ikusten dut. Orain galdera izanen da zer aldatuko den bertsolaritzan. Jendea bertso emanaldietara joaten zen politika entzutera ere, ezin baitzuten beste lekuetan entzun. Aurore Martin adibide on bat da; bazoaz bulego batera politika egitera eta bukatzen duzu kartzela batean. Nik dakidala bertsolariak ez dira kartzelan egoten. Agian, poetak askatasun handiagoa badute politikariek baino.

Horretaz gain, hitzaldi batean erran izan duzu, halere, autozentsura badela ...

Egia da; mugak badira. Presoekin ez dugu irri eginen sufrimendu handiegia badelako. Sufrimendu handia dagoenean, ez dugu irri egiten. Eta gero bereiziko nituzke bi irri; batetik, autoderisioa, geroz eta gutxiago baliatzen duguna. Orain lehen baino etsai gehiago baititugu edo, beste umore motarekin, besteaz trufa gehiago egiten dugu (EAJkoez, Patxi Lopez, Miren Azkarate...).

Bertsolaritza ikertu duzu mugaz bi aldeetan. Umorean desberdintasunak ba ote dira mugaren alde batetik bestera?

Ezker abertzaleko umoreak ez du mugarik, baina pertsonaren araberakoa da. Gero, uste dut euskaldunak beste herrietan baino metaforikoagoak garela; metafora baliatu izan da gauzak hitzez hitz ez errateko. Mintzaira sekretu bat da, gatazka denboran biziki baliatua izan dena. Errepresioa handitu, eta umorea ere handitzen da politikoki; beraz, Hegoaldean gehiago baliatzen da.

Orain antropologoaren kasketa kendu eta artistarena jantzi. Baionako Euskal Museoan egin duzun instalazioak [aizkorak harietatik zintzilikatu ditu, bake prozesua irudikatuz] umoretik gutxi du, ezta?

Umorea ez da pentsatzen duzun lekuetan kokatzen. Erakusketa ironiaz betea da. Gaur egun arte garaikidean dauden lanez irri egiten dut; batzuetan, museo batean sartzen zara, eta taula meta bat arte garaikidea izan daiteke. Artistek, gero eta gehiago, sorkuntzara heltzeko bideak ezabatzen dituzte, eta gelditzen den gauza bakarra produktua da, sorkuntzaren emaitza nahi bada. Baina arte garaikidea ulertzeko, behar dituzu bideak ulertu. Horregatik, pista joko neuronala gisako bat egin nahi nuen. Erakusketan, ongi begiratzen baduzu, sorkuntza ulertzeko elementu guztiak badituzu. Nahitara egin dut arte garaikideko sorkuntzez trufatzeko.

Olerkigintzan ere ari zara, Maiatz aldizkarian erregularki, eta Hormatik Hormaraino liburua publikatu duzu berriki. Nola egiten da hainbeste alorretan aritzeko?

Olerkia nire oxigenoa da. Olerkiaren askatasuna behar dut bizitzeko. Testuak idazten ditudanean, askatasun osoa dut; saiatzen naiz beste bide batzuk irekitzea.

Interneteko helbide eta irudi batzuk erabiltzen dituzu...

Kasurik ez diogu ematen, baina pantaila aitzinean egoten zarenean, milaka informazio jasotzen dituzu: interesgarriak eta bestelakoak, publizitateak eta... Saiatzen naiz horrelako aldaketak azpimarratzen eta ikusten zer eragin duten irudi horiek, publizitateak, gure burmuinetan. Olerki hauek eginak dira ahoskatzeko; testuak bere zentzua hartzen du errana denean.

Durangon, liburua aurkezteko, hiru irakurlek aldi berean irakurtzen zuten zure liburua... Hor eman diozu forma testuari?

Bai. Ostatuan egoten zarenean, bost edo hamar ahots entzuten dituzu; gure bizia ahotsez betea dago. Ahotsak beste ahotsen gainean ezartzen dituzunean, argiago ikusten duzu zein mundutan bizi garen.

Zure lanek (liburu, erakusketa...) duten oihartzunaz kontent zara?

Erakusketa dohainik egin nuen, baina nire soldata diruz ez, jendeengandik etorri da, haien arrapostutik, haien sentsaziotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.