SAIOA ITXI

Hasiera / Tartea

Julian Iantzi

«Lasaia eta ipurterrea naiz, kontraesana dirudien arren»

Artzain baten seme, Euskal Herriko «artalde» suharrena zaintzen ibiltzen da Patagoniako paraje ederretan urtean hiruzpalau hilabete. Lesakara bueltan, Ternuako berokirik gabe ibiltzen da herriko sanferminetan, goizeko ordu txikiak amaitu arte.

Iñaki Lasa Etura

2013ko otsailak 17
ETBko ilehori ezagunena da Julian Iantzi (Woodland, AEB, 1967). Komunikatzailea eta berritsua, umore onez erantzun ditu galderak. Hori bai, El conquistador del fin del mundoko irabazleari buruz ez du hitzik esan.

AEBetan jaio zinen aita artzaina zenuelako, eta 7 urterekin etorri zinen Lesakara. Zein oroitzapen duzu egun horietaz?

Gure rantxoa, hango lursailak eta animaliak. Gogoratzen dut tarteka aitarekin joaten nintzela pick-up-ean txangoak egitera. Eskolan hasi nintzenean, banekien euskaraz, baina ez gaztelaniaz, ez ingelesez. Komeriak pasatu nituen. Filmetako autobus hori horietako batean joaten nintzen eskolara.

Euskaraz eta ingelesez soilik jakiteak arazoren bat sortu zizun Lesakara iristean.

Ez nekien gaztelaniaz. Hona etorri, eta hura paradoxa! Zakurraren ipurdian ikasitako nire benetako hizkuntza ezin erabili! Nire oroitzapenak ez dira sobera onak: paretaren kontra, beti zigorrak jasoz. Nire kalte bakarra, gaztelaniaz ez nekiela.

Aitaren artzain sena erraietan duzula esan liteke. Ez da lan makala Jose Luis Korta, Juanito Oiarzabal eta Manu Maritxalar bezalako ardiak gobernatzea.

Ardiak, ardi beltzak eta dena!

Otsoak ez badira...

Denetarik daukagu. Aita ibiltzen zen ardiekin, eta egun niri egokitu zait artaldea gobernatzea. Ez dakit haiek diren otsoak edo ni. Hortxe gabiltza, elkarri mokoka; baina ongi eta gustura.

Zeinek estutzen zaitu gehien?

Estutu, kapitainek normalean: Juanito eta Korta, gehienbat; aurten Manuk ere dezente estutu nau. Kanpoan, oso harreman ona daukagu, baina barruan, bakoitzak berea defendatzen du; haserrealdiak benetakoak dira. Baina, futbolean bezala, zelai barruan gertatzen dena bertan gera dadila.

Argentinan zaude beti, Patagonia aldean edo Aconcaguan. Laster herritartasuna eskatu beharko duzu!

Askotan esaten didate ea han etxerik dudan. Egia esan urtean hiru-lau hilabete izaten dira euskaldunez beteriko Argentina eder horretan.

Argentina ia bigarren aberri. Gore-tex, bigarren larru?

Ternuaz harago bada bizia! Jendea ohitua dago ni Ternuaz jantzita ikusteaz. Mendiko arropa oso ona eta erosoa da, baina egunerokoan ez dut erabiltzen. Baina bai, jendeak esaten dit arraro egiten zaiela nire janzkera, orrazkera...

El conquistador del fin del mundo eta El conquistador del Aconcagua saioetan ikusten zaitugu gehienbat. Baina ezin hor soilik sailkatu zure mailako saltsero bat!

Komunikatzea gustatzen zait, istorio bat kontatzea, ahalik eta hobekien eta atseginen. Nahiko ipurterrea naiz, eta beti gauza bera egiteaz aspertzen naiz. Ez dakit zenbat lanbide izan ditudan eta auskalo non bukatuko dudan.

Ausarta bazara, behintzat. Ez diozu sekula muzinik egin erronka berri bati.

Neure buruari erronkak jartzen dizkiot, eta adrenalina eta arriskua gustuko ditut. Bizipenak dira. Izan naiz estratosferan, 23 kilometroko altueran; 10.000 metrotik paraxutarekin salto egin dut... baina beti neure burua ondo prestatuta; bai fisikoki,bai mentalki. Eroa bai, baina tamainan.

Espainiako esamesen prentsaren oilategian ere ausartu zinen. Zein dira okerrago: gure ardi latxak, hala hango oilalokak?

Kar-kar. Juanito eta Kortatik Patiño eta Mariñasera pasatzea... gogoko ditut erronkak. Orduan langabezian nengoen, eta aukera hori sortu zen. Ez nuen mundu hori ezagutzen, zergatik ez saiatu bada? Baldintza bat jarri nuen: ez nuela iritzirik emango, ez naizelako nor hori egiteko.

Erotzen gaituzu «iragarkien ondoren» esaten duzun bakoitzean. Zure egunerokoan hainbeste luzatzen al duzu guztia?

Aizu, hemen luzatu behar dena luzatzen da, eta motzean, motz behar duena. Lasaia eta, era berean, ipurterrea naiz, kontraesana dirudien arren. Publizitatea derrigor sartu behar da, diru iturria da, eta behar dugu publizitatea.

Gaia aldatuta: Lesakako sanferminak, sakratuak?

Bai! Beti esaten diot emazteari, ezkondu ginenetik ahozko kontratu bat daukagula. Urteak 365 egun ditu. Niretzat eskatzen ditut inauterietako bizpahiru, sanferminetako hiruzpalau, Olentzero eta Urtezahar gaua. Gainontzekoak, beretzat, nahi duena egiteko.

Eskatzen dizkiozun egun guztiak parrandari lotuak daude, kasualitatea ote?

Kar-kar. Bai, eta ateratzen naizenean, dena ematen dut, ez naiz atzean geratzen den horietakoa. Gaua beti egiten zait motza; ohartzerako, 11:00.

Oraindik gauez ibiltzen zaren galdetu behar nizun, baina jada ez da beharrezkoa...

Bada anekdota bat. Lagunak bestazaleak ginen; ostiralean atera, eta igandean itzuli, gaupasaz. Behin, neure buruari ez nintzela aterako agindu nion. Joan nintzen tabernara etxeko zapatiletan, tentaziorik ez izateko. Hartu nuen kafea eta etxera itzuli... igandean! Asteburu osoa etxeko zapatiletan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna