«Arriskuen eta bizitzaren arteko oreka zaila da»

Amaia Irazusta. Haren alabak aparteko beharrak ditu, eta bertatik bertara bizi izan du zerbitzuak gutxitzeak sarri gurasoei ekarri dien gainkarga. Oraindik beldur da egoerarekin.

Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun

Iazkoa ez da Amaia Irazustak (Donostia, 1975) bizi izan duen lehen konfinamendua. Duela zazpi urte ere, sei hilabete eman zituen etxean itxita, higiene eta segurtasun neurri zorrotzen pean, Madrilen, urtebeteko alabari hezur-muineko transplantea egin eta gero, hura osatu bitartean. Izan ere, alabak gaixotasun arraro bat du: bizkarrari larriki esaten dio, eta entzumen urritasuna ere eragin dio.


Jon Urbe / FOKU

Oraingoa, aurreneko haren ondoan laburragoa izan bada ere, «askoz gogorragoa» egin zaio: «Ez geunden prest honetarako». Izan ere, etxeko lau hormen artean egon behar izan zuen osasun arazoak dituen alabarekin, eta beste bi seme-alabekin; horietako batek ere osasun arazoak ditu. Oso zaila egin zitzaion.

Hezkuntza telematikoa izan da parterik zailena Irazustarentzat: alabak eskolan fisioterapeuta, logopeda, hezitzaile bereziak... Horiek guztiak ditu; amak egin behar izan zuen horien guztien lana. Horregatik, egoera luzatzen ari zela ikusi zutenean, Pausoka elkartean fisioterapia eta logopedia zerbitzuak beren kabuz antolatzea erabaki zuten; argi zuen hori egin ezean itxialdiaren ostean alabak okerrera egingo zuela.

Etxean egiten zituzten fisioterapiako eguneroko ariketek alabaren bizkarrezurrari asko lagundu diotela ikusi badu ere — «Beti saiatzen ginen jolas modura egiten, edota yoga estilora», azaldu du—, etxealdiaren ondoren nabaritu zuen alabaren gaitasun aerobikoa gutxitu zela; oso azkar nekatzen zen, alegia. Horretan, apurka-apurka hobetu dute aurtengo ikasturtean, amaren ustez.

Logopedia zerbitzuak apurka berreskuratu ziren, era telematikoan, eta egun ere horrela egiten dituzte, aurrez aurre egitekotan maskara jantzita egin beharko lituzketelako: eta horrek asko zailduko lieke komunikazioa.

Baina dena ez da telematikoa. Eskola orduak, behintzat, aurrez aurre egitea lortu dute ikasturte honetan, medikuek iritzi baitiote alaba ikastetxera joan daitekeela aparteko arriskurik gabe. Dena den, beldurrak hor dirau. Alabak arriskurik hartu ez dezan zenbait leku itxitara ez joateko esan dio amak; era berean, haren bizitza ahalik eta normalena izatea nahi du: «Orekari eustea oso zaila da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.