Pilota. Binakako Txapelketaren finala

Zoritxarra gonbitik gabe sartu da festan

Irujok eskuin eskuko hatz luzea hautsi du 11-10ekoan, eta jarraitzen saiatu den arren, bertan behera utzi du finala. Olaizola II.a-Urrutikoetxea txapeldun; historian aurrenekoz, bi aurrelari
Juan Martinez de Irujo, min keinua egiten, atzo.
Juan Martinez de Irujo, min keinua egiten, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Imanol Magro Eizmendi -

2016ko apirilak 10
AIMAR OLAIZOLA / MIKEL URRUTIKOETXEA 16

JUAN MARTINEZ DE IRUJO / BEÑAT REZUSTA 10

Iraupena. 1.00.46.

Pilotakadak. 460.

Sakez. Olaizola II.ak bi; eta Martinez de Irujok bat.

Eginikoak. Olaizolak bederatzi; Urrutikoetxeak alerik ez; Irujok bost eta Rezustak bat.

Galdutakoak. Olaizolak bat; Urrutikoetxeak bi; Irujok bost eta Rezustak hiru.

Markagailua. 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 2-3, 3-3, 3-6, 6-6, 6-9, 9-9, 9-10, 10-10 eta 16-10 (b.b.).

Bestelakoak. 2.910 ikusle Bizkaia pilotalekuan, Bilbon. 100 sarrera gelditu ziren saltzeke leihatilan. Apustuak 100-60ri irten ziren Olaizola eta Urrutikoetxearen alde. Jokatu eta irabazi zutenek ez zituzten osorik kobratu.

«Sekulako mina nabaritu dut. Min izugarria. Saiatu naiz jarraitzen, baina txorakeria zen. Lur jota nago, pena da, baina, tira, bizitzan gauza okerragoak daude, eta ni pribilegiatu bat naiz». Juan Martinez de Irujok burumakur utzi zuen atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuko prentsa aretoa. Eskuin eskuko hatz luzeko mina agerikoa zen aurpegiko zimurretan. Final bikaina izaten ari zena bertan behera utzi berri zuen. Inork nahi ez zuen amaiera zen, ezta Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak ere. Pozik zeuden, baina sentsazio gazi-gozoa zuten. «Inork ez du horrela txapeldun izan nahi, baina gure txapelketaren saria da», azaldu zuen Olaizola II.ak. Handia egin dute, bai, bereziki Urrutikoetxeak. Bere postutik kanpo jokatuta izan da txapeldun. Urteekin gogoratuko den balentria da hark lortutakoa.

11-10ekoarekin aldatu zen dena. Partida ikusgarri eta bizia izaten ari zena kolpetik eten zen. Olaizola II.ak gantxoa jo zuen zabalera, eta Irujok haren bila egin zuen jauzi. Pilotakada askatu bai, baina lurra jo zuen. Gertu eserita zeudenek hautsi hotsa entzun zela zioten. Iberokoak aldageletarako bidea egin zuen ikusleen txistu artean. Haserrealdi bat izan zitekeela pentsatu zuenik egon zen, baina ez, tamalez, okerragoa zen.

Aspeko medikuak gero azaldu zuenez, hatza hautsi eta kanporantz okertu zuen. Azalpenak berak min ematen zuen. Irujok berak zuzendu zuen hatza erizaindegian. Bere ibilbidean maiz erakutsi du Iberokoak gogorra dela, eta, kirol medikuek dioten bezala, minari eusteko ahalmen handia duela. Babes bat jarri, eta kantxara itzuli zen. Bost tanto jokatu ziren, eta Irujok ezin zuen eskuinarekin ukitu. Keinu itsusiak egin zituen, telebista kamerekin, ikusleen txistuen aurrean... Ernegatuta zegoen. Ez zen gutxiagorako, final bat bertan behera uztea ez baita gozoa. Eta Irujok utzi duenerako, benetan minez zegoen seinale zen. Ikusleei 2013ko finala etorri zitzaien gogora, orduan Pablo Berasaluze izan zen min hartu zuena. Ordezkoek jokatzen jarraitu zuten, baina. Atzo ez, atzo dena kolpetik moztu zen. 16-10ekoarekin haize hotz bolada batek gurutzatu zuen pilotalekua.

Bart egin zizkioten erradiografiak Irujori, Iruñean, eta gaur bertan jakingo da lesioa larria den ala ez. Haustura baldin bada, hiru edo lau aste beharko ditu, Aspeko medikuaren arabera. Irujok berak esan zuen: «Eta orain buruz burukoa dator...». Denborak esango du jokatu ahal izango duen.

Pena handia izan zen lesioa, final handia izaten ari baitzen, joko eta erritmo bizikoa. Beñat Rezusta oso ondo sartu zen partidan, eta ordura arte hura ari zen onena izaten. 11-10ekorako nekea nabaritzen hasi zitzaion, dena den. Partida hasiera harena izan zen. Bere lehen finala izan arren ez zuela kiriorik sumatu esan zuen gero, eta edozeinek sinetsiko lioke.

Euren asmoa luze jokatzea zen, eta Irujorekin bat eginez lortu zuten (3-6). Urrutikoetxea meritu izugarriko defentsak egitera behartu zuten. Hura txapelketa guztian bezala bosgarren koadroan kokatu zen tarteak txikitzeko asmoz. Harrigarria izan zen 2-3ko tantoan eginikoa, zazpi pilota zail eraman zituen jarraian airez, zortzigarrenean kale egin zuen arte.

Partida oso gogor zihoan, hauspo fisikoak zer esan handia izango zuen. Olaizola II.a 3-6koan sartu zen jokoan, eta bere magiari esker seinakoa ezarri zuen. Alde handia zegoen pilotetan, baina tanto sortak ez ziren luzeak. Deigarria izan zen gorriek eginiko jokoa, Urrutikoetxeak txapelketa guztian baino aurrelariago jokatu baitzuen. Hainbat pilota moztu zituen, baita gantxoak jo ere zabalera. Irujoren bila zihoazen.

Urdinek beste kolpe bat jo zuten ondoren. Rezustaren unerik onenak izan ziren, eta Irujok errematean asmatu zuen. Pilota bizia atera eta Urrutikoetxea bere tokitik atera zuten, botera jokatzera behartuz. Aspekoak 6-9 aurreratu ziren, eta urduri jarri faboritoen alde apustu egin zutenak.

Olaizola II.a eta Urrutikoetxea, baina, arnas luzeko pilotariak dira. Urrutikoetxeak berak esan zuenez, ez zuen nekerik sumatzen, eta euren jokoarekin jarraitu zuten. Rezusta apurka behera egiten ari zen, eta bi huts egin zituen jarraian, 8-9koa eta 9-9nakoa. Gorriek defentsa itogarria egin zuten, eta Irujok hainbat tantotan imintzio nabarmenak egin zituen. «Ez zegoen zulorik inon ere», onartu zuen gero. Finala kutsu gorria hartzen ari zen, ahal fisikoarengatik batez ere, zorigaitza finalean gonbidapenik gabe sartu zen arte.

16-10era artekoak sufrikarioa izan ziren Irujorentzat. Ezin zuen pilota eskuinez jo, eta behin eta berriz pasatzen utzi zuen. Olaizola II.aren erremate pare bat ehizatu zituen kontrakantxan, baina ezin izan zituen taxuz itzuli. Rezusta bakarrik ari zen, eta Iberokoak hura etetea erabaki zuen. Ez zuen merezi jarraitzeak, min gehiago hartzeko arrisku handia zegoen.

Urrutikoetxearen balentria

Urrutikoetxearena izan da txapelketako izen handia. «Horrelakorik ez dut uste berriz ikusiko denik», goratu zuen haren bikotekideak. Bere postutik kanpo jokatu du, eta hala ere, binakako txapela irabazi du. Postu horretan ere bikain moldatzen dela erakutsi du. Bide batez hiru jokamoldeetako txapelak irabazi dituzte pilotarien klubean sartu da.

Olaizola II.arentzat, berriz, hamalaugarren txapela da, hirugarrena binakakoan. Irujorekin duen buruz buruko lehian aurrea hartu dio orain: zazpi ditu hark eta sei Iberokoak. Bi irabazleek zorte ona opatu zioten Irujori. Kirol legea da. Ea buruz burukoa jokatzerik duen. Patuak zor dio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna