Iñigo Cabacasen auzia. Epaiketa

«Akusatuen artean egon beharko luke»

Iñigo Cabacasen sendiaren iritziz, akusatuen eserlekuan egon behar luke 'Ugarteko' esaten dioten ertzainburuak, eta ez lekukoenean. Elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurrean, salaketa egiteko.

Iñigo Cabacasen senideek egindako protesta, atzo, Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren aurrean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Kalexkan sartu, daukagun guztiarekin». Gara egunkariak 2013ko apirilean argitaratu zituen elkarrizketen grabazioak behin eta berriz jarri zituzten atzo Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren aurrean; Ugarteko ezizenez ezaguna den ertzainburuaren eta ertzainen arteko elkarrizketen grabazioak. Iñigo Cabacas hil zutenean Deustuko ertzain etxeko burua zen Ugartekok lekuko gisa deklaratu zuen atzoko saioan, eta elkarretaratzea egin zuten Cabacasen senide eta lagunek horregatik. Lekuko gisa ez, akusatuen aulkian egon beharko lukeela adierazi zuen Eneritz Zabalak, senideen izenean. «Iritzi eta logika guztien kontra oldartzeko agindua eman zuen Ugartekok Iñigo [Cabacas] hil zuten egunean. Lekukoen aulkian eseriko da akusatuen eserlekuan egon beharko lukeena». Bozgorailuetatik entzuten zen ahotsari egin zion keinu. «Justizia egingo balitz, akusatuen artean egon beharko luke oldarraldiaren arduradun zuzena izan zenak».

Senideei babesa eman eta epaiketan begirale lanak egiteko, Kataluniatik etorritako bi kide izan ziren atzoko saioan: Laia Serra Kataluniako Giza Eskubideen Elkarteko eta Bartzelonako Abokatutzaren Elkargoaren Defentsa Batzordeko kidea, eta Carles Gillot Stop Bales de Goma elkartekoa.

Gomazko pilota baten eraginez begia galdu zuen Gillotek. «Gomazko pilotei eta, oro har, Poliziak erabiltzen duen armamentuari buruzko eztabaida mahaiaren gainean jarri behar da berehala. Ezaguna zen hilgarriak zirela, eta hala frogatu da orain ere; beraz, egoera honetan jarraitzeak ez du inolako justifikaziorik». Polizia ereduari buruzko hausnarketa egitea beharrezkoa dela azaldu zuen Serrak ere. «Sinestezina da 2018. urtean agente jakin batzuei buruzko informazioa ezin bilatzea».

Poliziaren bortizkeria epaitzen duten auzien gardentasun falta salatu zuen abokatu katalanak. «Epaiketa hau errepikapena besterik ez da. Poliziaren bortxa epaitu duten auzi guztiak gurutzada bat dira familia eta senideentzat. Zergatik? Poliziak ez dituelako barne erantzukizunak argitzen. Entzuten diren bertsioak senideen duintasunaren kontrako errespetu falta argia dira». Datuak estaltzen dituztela uste du. «Ezinezkoa da gaur egun ditugun operatibo sofistikatuekin halako gertaeren egileak ez ezagutzea».

Polizia identifikatzeko gabeziak izan zituen hizpide Serrak. «Identifikazio falta da zigorgabetasunaren ardatz nagusia. Gabezia horrekin ezinezkoa da larrialdi edo bortxa egoeretan agenteak identifikatzea, gerora erantzukizunak argitzeko». Zehaztu zuen, hala ere, erantzukizunen eskala bat dagoela, ertzainburuen eta Ugartekoren kasuari erreferentzia zuzena eginez. «Epaiketa hau ezin da bihurtu eskopetari nork sakatu zion argitzeko auzia. Hemen erantzukizun mailakatuak daude, eta polizia nagusiek erantzukizun organikoa dute. Hilgarriak edo kaltegarriak diren ondorioak eragoztea da haien egitekoa. Aldagai honek gure arreta osoa behar du, eta espero dugu epaitegiak ere aintzat hartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.