Frantziako Tourra

Skyk ez du lagun zaharrik

Thomasek irabazi du Alpeetako bigarren etapa, Nieve helmugatik 300 metrora pasatu ondoren. Froome indartsu agertu da, eta Landak 1.27 galdu du harekiko
Geraint Thomas atzoko etapako irabazlea, amorru keinua egiten, La Rosiereko helmuga gurutzatzen ari zela.
Geraint Thomas atzoko etapako irabazlea, amorru keinua egiten, La Rosiereko helmuga gurutzatzen ari zela. YOAN VALAT/ EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko uztailak 19
La Rosiere mendateko azken zuzengunekoak munduan dauden 300 metro luzeenak dira. Zientziak dio distantziak beti berdinak direla toki guztietan, 300 metro beti direla 300 metro, neurri finkoa dela, baina Mikel Nieveri (Mitchelton) galdetuz gero, ziur ez datorrela bat. Izan ere, atzo eguneko ihesaldian sartu, eta La Rosieren lan bikaina egin ondoren, Geraint Thomasek (Sky) helmugatik 300 metrora harrapatu zuen. Amets egiteko moduan zen, azken kilometroan hogei segundoren aldea zuen, baina Thomasen amaierako esprinta harrigarria izan zen. Hankak fresko zituen, eta, garaipenaz gain elastiko horirantz egin zuen hegan. Orain berak du tropel osoa atzetik sailkapenean.

Sky taldeak kolpe psikologiko handia jo zuen Alpeetako bigarren etapan. Indar erakustaldia eman zuen, eta ez bakarrik Thomasekin, Chris Froome (Sky) ere beste hautagai handiak baino indartsuago agertu baitzen azken bost kilometroetako sestran. Britainiarra Tom Dumoulinekin (Sunweb) batera sartu zen helmugan, 20 segundora. Dagoeneko mendiko bi etapa jokatu dira, eta Skyko bi kide daude sailkapen nagusiko buruan. Herenegun, Tourra bahitu zuten, eta, atzo, dardarka utzi. Froomek indarra erakutsi zuen, bai, baina ez zuen tarte handirik ireki. Hala ere, zalaparta horretako kaltetu nagusietakoa Mikel Landa (Movistar) izan zen. 1.27ren tartea galdu zuen Froome eta Dumoulinekiko eta 48 segundorena Nairo Quintana taldekidearekiko. Movistarreko hierarkia sailkapenak ezartzen badu, Landa aurretik da oraindik, 20 segundoren aldearekin, baina atzokoan Quintana hobeto aritu zen. Roubaixeko erorikoak, dirudienez, uste baino ondorio larriagoa utzi dio bizkarrean. Atzo ez zen egun ona Mikel izateko. Biek Skyren elastikoa jantzi zuten iaz arte, baina kide ohiek ez zuten izan lagun zaharren errukirik.

108 kilometro eskas eta lau mendateko etapa zen. Agertoki aproposa zen etapa urduri batentzat. Etapa urduri horren gidoiak ihesaldi sendo bat eskatzen zuen, ehiztari eta faboritoen taldekideekin osaturikoa. Eta bete egin zen. Bisanne eguneko lehen mendatean gora, hogei txirrindulariko multzo batek egin zuen aurrera. Han ziren, besteak beste, Julian Alaphilippe (Quick Step), Warren Barguil (Fortuneo)... eta hiru euskal herritar: Gorka Izagirre (Bahrain), Mikel Nieve eta Romain Sicard (Direct Energie). Skyk ez zuen kiderik sartu, baina pentsaturiko estrategia beste bat zen.

Ihesaldiak bidea egin zuen, ez zen gutxiagorako, jende ona zegoen, eta tropelak, hasieran, baimena eman zion. Lau minutu ingururen tartea izan zuen, eta apurka aleak galduz joan zen. Atzean, Alejandro Valverde (Movistar) izan zen bakea hautsi zuena. Pre mendateko aldapetan, eguneko bigarrena, eta helmugatik 50 kilometrora erasoa jo zuen. Saiakerak ez zuen eragin erreakziorik, eta minutu baten tartearekin pasatu zen Roselend eguneko azken-aurreko mendatetik. Marc Soler taldekideak lan handia egin zuen.

Dumoulin izan zen faboritoen tropela uzten hurrengoa: Cormet de Roselenden behera, helmugatik 38 kilometrora. Valverderekin bat egin zuen, eta elkarrekin hasi zuten azken igoera: La Rosiere, 17 kilometro luze eta pendiz ez oso gogorreko mendatea. Ihesaldian, berriz, boskote bat gelditzen zen, eta helmugatik bederatzi kilometrora jo zuen erasoa Nievek. Bera zegoen freskoen, eta bi minuturen aldea zuen. Sky utzi eta Mitcheltonera joan zenean askatasun hori bilatu zuen. Giroan dastatu zuen loria, eta beste trago bat nahi zuen.

Sky, berriz ere beldurgarri

Nieve maitatua da Sky taldean, eta, amaieran, Thomasek hitz politak izan zituen «Frosty»-rentzat, eta hura pasatu izanak pena pixka bat eman ziola onartu zuen. Jazarpen lana, dena den, gupidagabea izan zen. La Rosieren gora Skyk sei txirrindulari jarri zituen tropelaren buruan. Erritmo itogarria ezarri zuten, eta herenegungo irudi etsigarria errepikatu zen. Nievek eutsi egin zion, eta helmugatik bost kilometrora 30 segundoren aldea zuen Dumoulinekin, eta minutu batena oilarrekin.

Tropeltxoan Romain Bardet (Ag2r) izan zen Skyrekin ernegatu zen aurrenekoa, eta erasoa jo zuen. Hari erantzun zioten Thomasek eta Froomek. Galestarrak aurrera egin zuen, Nieveren bila, eta Froome Bardetekin gelditu zen. Hainbestekoa da duten nagusitasuna. Igoerako azken kilometroak leunagoak ziren, eta Nievek aldeari eutsi zion. Thomas Dumoulinekin zen, eta Froomeri itxaron behar zion. Bitartean faboritoen multzoa aletuz zihoan. Quintanak, Vincenzo Nibalik (Bahrain) eta Bardetek eusten zioten Froomeri, baina Landak ez.

Nievek 30 segundo aldeko tartea zuen, bere itxaropena Froomek Dumoulin ez harrapatzean zetzan, horrek Thomas askatuko zuelako. Baina azken kilometroan gertatu zen. Froome ikusi zuenean Thomas herio batean abiatu zen Nieveren bila, eta hogei segundoak 700 metrotan jan zizkion. Dauphinen bigarren izan zen etapa berdinean, eta atzo atera zuen arantza. Leitzarrak, aldiz, 300 metro izan zituen soberan, munduko luzeenak. Hain ziren luzeak, azkenean bosgarren izan zela helmugan.

Alpe D'Huezen agurtuko dituzte Alpeak

SAILKAPENAK

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna