EKOGRAFIAK

Isiltasuna

Miren Manias.
2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Zutabegile naizenetik hainbatek galdetu didate ia horrenbeste telebista ikusteko denbora nondik libratzen dudan. Alde batera zein bestera, korrika eta presaka gabiltzala; arnasa sakon hartzeko etenik gabe; zortzi orduko lanaldiaren ondoren —askotan hamarretik gorakoa da—, etxera iristean, sofan jesartzeko astirik gabe. Tradizionalki, modu horretan kontsumitzeko gailua baita. Egia esan, telebista gutxiegi ikusten dudala esango nuke —sarri, zertaz idatzi ere ez dakidala—. Batzuetan, horretarako denborarik gabe nabilelako, eta, beste batzuetan, eguneroko erritmo bizitik deskonektatzeko beharra dudalako, gutxien nahi izaten dudana da kaxa argia piztea. Areago, une horietan gehien behar dudana isiltasuna da.

Gogoan dut Maria Teresa Campos aurkezleari telebistako bolumena beheratzen niola gazteagoa nintzenean. Garai hartan Tele5 katean zuen programa Camposek, eguerdi partean. Justuki, eskolatik etxera iristen nintzenean bazkaltzeko. Zortzi urte luze egin zituen Camposek Día a día saioan. A ze amesgaiztoa. Aitak edo amak jarria bazuten, eta kasu askorik egiten ez bazioten, mututu egiten nuen emakumea. Listo. Bakea. Gauza bera egiten nuen futbol partidekin, Real Madrilen eta Bartzelonaren arteko partidetan kasurako. Ezin nituen jasan Manolo Sanchis futbolari ohiaren komentarioak. Beraz, hura bazegoen, mutututa ikusten nuen partida. Kito. Isiltasuna.

Uste dut gainbaloratua dagoela hitza telebistan. Batez ere eguerdiko tertulia edo magazine horietan, non edozeinek edozertaz eman dezakeen iritzia. Areago, iritziaz haragokoak ere badira solaskide batzuen hitzak, eskrupulurik gabeko irainak eta akusazioak osatuz. Isiltasunak, berriz, balioa galdu du. Beharbada, pentsatuko duzue ezinezkoa dela hitzik gabeko telebista programarik egitea. Hala bada, oker zaudete. Zuetako inork gogoratzen du Euronews telebista katearen No comment informatiboa? Irudiak soilik emititzen dituen albistegia da, inolako komentariorik gabe. Testu txikia du bakarrik, irudiak hartutako lekua eta dataren gaineko azalpenekin. Euronews katearen izaera markatu duen balioa da isiltasuna, informazioaren gaineko ikusleen gogoeta eta interpretazio propioa bultzatuz. Saioa Interneten ere eskuragarri dago: Youtubeko No comment TV kanalean eta Dailymotion bideo plataforman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.