Idoia Nievesen agerraldia

Barcina, gero eta bakarrago

Nafarroako Gobernuak barne krisiak izan ditu etengabe, eta hainbat goi kargu garrantzitsuk erakundea utzi dute

Pejenaute, Gizarte Politikako kontseilari kargua hartu zuen egunean, Barcina begira duela. 2012ko urrian dimititu zuen. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
2014ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea bakarrik geratzen ari da. Nafarroako Gobernuan zuloak estali behar izan ditu etengabe legegintzaldia hasi zuenetik, hainbat goi karguk eman baitute dimisioa edo gobernuak kendu baititu. Gobernuko krisiez gain, alderdikoa eta Nafarroako Kutxako ustelkeria salaketena ere izan ditu.

Kargua hartu eta urtebete eskasera izan zuen lehen krisi potoloa, 2012ko ekainean. Gobernuko presidenteorde kargutik kendu zuen Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia. Jimenez Lehendakaritza, Administrazio Publiko eta Barne kontseilaria zen. UPN-PSN koalizioa hautsi egin zen.

Haustura Nafarroako Gobernuaren diru kontuek eragin zuten: Jimenezek zalantzan jarri zituen ordura arte ontzat jo zituen diru kontuak, eta aurreikusitako 132 milioi euroko murrizketak handiagoak izan zitezkeela esan zuen. Barcinak paretik kendu zuen. Jimenez kargugabetuta, PSNko Anai Astiz Sustapen kontseilariak eta Elena Torres Gizarte Politikakoak dimisioa eman zuten, «Jimenezekiko elkartasunagatik». PSNeko kontseilariez gain, haien mende zeuden zuzendari nagusiek eta gainerako goi karguek ere utzi zuten gobernua.

Baina 2012ko ekaineko krisia ez zuen PSNrekin gobernu koalizioa hausteak bakarrik eragin. Hilabete berean gobernua utzi zuen Alvaro Mirandalehendakariorde eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Bi lehendakariorde hilabete berean. Eta gobernuaren ekonomiaren lemazaina. Mirandak hamasei urte zeramatzan gobernuan.

Barcinak ustelkeria salaketei aurre egin behar izan die. Bereei eta gobernuko kideenei. Gobernua berritu eta hilabete gutxira, 2012ko urrian, Jesus Pejenaute Gizarte Politikako kontseilariak utzi zuen kargua, ustelkeria salaketek bultzatuta. Kontuz plataformak salatu zuen Pejenautek 2007an 180.000 euro zuritu zituela, Nafarroako Kutxako arlo komertzialeko zuzendariorde zela. Pejenautek salaketak ukatu zituen eta berak jarri zuen salaketaKontuzen kontra. Dimisioa ematea erabaki zuen, Barcinari eta Nafarroako Gobernuari kalte ez egiteko. Gero onartu zuen diru hori «erregularizatu» zuela Ogasunaren aurrean.

Barcinaren «arriskuak»

Nafarroako Gobernuak Pejenaute kontseilari izendatu zuenerako bazekien haren diru mugimenduen berri. «Modu berezian, beste kontseilariekin ez bezala» aztertu zuten kasua, baina espedientea «garbia» zuela erabaki zuen. Barcinak aurrera egitea erabaki zuen eta eskandalua Pejenaute gobernuan zegoela lehertu zen. Huts egin zuela onartu zuen, nolabait, Barcinak: «Ohartzen nintzen arriskua hartzen nuela». Pejenaute Barcinaren gertukoa eta apustu pertsonala zen.

Iaz Barcinak gizarte zerbitzuetan izan zituen gobernuko krisiak, Osasun Departamentuan batez ere, eredua kolokan jartzeraino. Urteotan kargua utzi dute arduradun gehienek: Ruth Vera Nafarroako Ospitale Guneko zuzendari medikuak; Jose Miguel Lara Nafarroako Ospitale Guneko kirurgiaburuak; Ignacio Iribarren Nafarroako Ospitale Guneko kudeatzaile zuzendariak; Jose Luis Yanguas Laguntza Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Zerbitzuko zuzendariak; eta Angel Sanz Barea Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaile zuzendariak. Nafarroako Gobernuak dimisioak zuritu zituen esanez Osasun Departamentua «berregiraturatzen» ari zirela.

Eta aurtengo urtarrilaren 20an dimisioa eman zuen Idoia Nieves Ogasun zuzendariak. Bi egun geroago baita Nievesen ondokoak, Manuel Arana Plangintza eta Kontrol zuzendariak ere.

Gaur egun, baina, Nafarroako Gobernuak Osasunean dauzka gatazka gehien. Urtarrilaren amaieran kargua utzi zuen Pedro Antuñano Nafarroako Ospitale Guneko Traumatologia arduradunak. Urtebete zeraman karguan. Azkenengoek ez dute kargua utzi, Marta Vera Osasun kontseilariak kanporatu ditu: Yolanda Landa Gaixoen Arretarako arduraduna eta Judith Chamorro Medikuntza Prebentiboko arduraduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.