enekoitz telleria sarriegi
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA

Bizikidetzez

2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Politika estrategia bada, edo haren erreparorik gabeko unean uneko moldaketa, Ciudadanos txapeldun. Zauria non, gatza han. Hernani zuten oraingoan begiz jota. Baimenak-eta eskatuta. Altsasu, Errenteria... Prest hurrengo ebakirako ozpina. Baina hara non atxilotu zuten joan den ostegunean Josu Urrutikoetxea, eta egin zuten Ugaon larunbatean haren atxiloketa salatzeko manifestazioa. Aldaketa. Hernani beste baterako. Ugaora Ciudadanos atzo. Gorrotoaren estrategia.

Eta ahotan hartuta jendeak bizikidetza. Hura «hondatzera» nolatan etortzen diren Ciudadanosekoak, Espainian boto sastar batzuk irabaztearen truke. Izan ere, bada aspaldian bizikidetza gatazkaren ondorioetara mugatzeko deitu ariketa, deitu ohitura, deitu interes ulertezin bat.

Zentzuz mugatu beharrean, zergatik ez zentzuz bete. Egin ariketa bat. Pentsatu ahaldungai nagusi batek egiten duela kanpainako ekitaldi bat bere herrialdeko herri batean —bere alderdia nagusi ez den batean—, eta joaten dela handik herrialde bereko beste batera —bere bazkide politikoa nagusi den batera—. Eta esaten diela bigarren horretako biztanleei lehenengo herria «zikina» dagoela. Pentsa ahaldungai nagusi horrek nola sustatu duen bere herritarren artean «bizikidetza».

Pentsa herrialde bateko alderdi bozkatuenak egin duela kanpainako azken astean bere arerio nagusiaren kontra diskurtsoa gogortzeko apustua. Aurpegiratu diola ETAren jardunak emandako boto zaku baten onuradun izatea; haien «koltxoi soziala». Edo aurpegiratu diola alderdi bozkatuena den horren «kopia merkea» izatea. Eta astindu dituela hari buruzko beldurrak, iraganeko mamuak, eta trapuak.

Eta egin ariketa bat: pentsatu nola hondatu daitekeen oraindik konpondu gabe dagoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.