Telesailak

Pixkanaka kozinatutako platera

Bryan Fullerrek telebistara eraman zuen Hannibal Lecter psikiatra kanibalaren istorioa, eta produktu original bat sortu
Mads Mikkelsek egiten du Hannibal Lecterrena.
Mads Mikkelsek egiten du Hannibal Lecterrena. BERRIA

Ander Perez Zala -

2018ko otsailak 24
Thomas Harrisek 1981ean sortu zuen literatura modernoko pertsonaiarik beldurgarriena, gerora zinemak are ezagunagoa eta beldurgarriagoa bilakatuko zuena. The Silence of The Lambs filmarekin, eta Anthony Hopkinsen antzezlanarekin, ikusleen oroimenean geratu zen Hannibal Lecter kanibala, eta pertsonaia horrekin lotzen dute zaleek aktorea; biak elkarrekin, aktorea eta pertsonaia. Bryan Fullerrek telebistarako egin zuen moldaketak, ordea, beste ikuspuntu bat eman zion istorioari, ikuspuntu original, ausart eta bisualki ezin aberatsagoa, betiere Harrisen liburuetan oinarrituta. Telesailean, Mads Mikkelsen aktore daniarrak bere egin zuen pertsonaia, eta Hannibal telesailaren zaleek jada ez dute lotzen Lecter Hopkinsekin, Mikkelsenekin baizik. NBC kateak askatasuna eman zion Fullerry nahi zuena egiteko, eta sortzaile eta gidoilariak ez zion inori huts egin.

Hiru urte, hiru denboraldi eta 39 atal gogoangarrirekin eman zuen agurra Hannibal-ek 2015ean, kateak telesaila bertan behera uzteko erabakia hartu ostean. Zaleak bazituen —eta oraindik baditu—, zaleek era sutsuan defendatu zuten telesaila, baina ez zen inoiz iritsi NBCk eskatutako audientzia mailara. Telebistarako gehiegi ote zen telesailaren estiloa eta narratiba?

Antzeko itxura fisikoa duten zortzi gazteren desagertzeekin abiatzen da Hannibal. Jack Crawford FBIko agenteak Will Grahami laguntza eskatuko dio orduan, kasuak argitzeko, hura gai baita kriminalen pentsamoldeekin bat egiteko, ulertzeko eta, horren bidez, gertatutakoa ulertzeko. Graham, ordea, psikologikoki ahula da, eta Hannibal Lecter psikiatraren laguntza beharko du; hala, hura ere ikerketetan murgilduko da.

Lehen denboraldia abiatu zenetik, telesailak estilo bisual aberats eta paregabe baten aldeko apustua egin zuen. Hilketa eta laurdenkatze bakoitza artelan bat balitz bezala tratatu zuten, are gehiago Lecterren biktimak protagonista ziren jakiak prestatzerakoan. Planoak, koloreak, kokaguneak —hirugarren denboraldiko Florentzia hiria, esaterako— indar eta garrantzi handia eman dio obrak bisualki gozatzeko aukerari.

Argazkigintza eta zuzendaritza lan paregabeen mailara iritsi zen musika ere. Brian Reitzellen esperimentazioak atmosfera ahalik eta itogarriena sortzea lortu zuen; sekulako indarra duten uneak eraikitzea lortu zuten soilik bateria eta isiltasuna erabiliz, esaterako. Baina, gauza guztien gainetik, bi pertsonaia nagusien arteko adiskidetasun eta amodioa nabarmentzen da. Hannibal Lecter eta Will Grahamen arteko harremana mende honetako orijinalena da, atzean hilketa, tortura, jaki eta manipulazioak protagonista diren bitartean pixkanaka garatzen dena.

Fullerrek laugarren denboraldia egiteko atea ireki zuen, eta irekia utzi du. Zenbait katerekin elkarrizketak abiatu zituela iragarri zuen sortzaileak iaz, Twitterren, eta bi aktore nagusiek, Mads Mikkelsenek eta Hugh Dancyk, hainbatetan adierazi dute telesailera itzultzeko prest daudela. Orain kate edo streaming bidezko zerbitzu bati dagokio ausarta izatea eta Hannibal-en aldeko apustua egitea.

'HANNIBAL'

Sortzailea: Bryan Fuller.

Aktoreak: Mads Mikkelsen, Hugh Dancy, Laurence Fishburne, Caroline Dhavernas, Kacey Rohl, Lara Jean Chorostecki, Gillian Anderson.

Herrialdea: AEB.

Urteak: 2013-2015.

Non ikusi: AXN eta 13eme Rue.

Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu. Hamahiruna ataleko hiru denboraldi.

Generoa: Drama. Krimenak. Ikerketak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ander Perez Zala

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna