Hilketen atzean dauden arrazoiak

Hiltzaileen inguruko galderak eta etikari buruzko hausnarketak proposatzen ditu 'Mindhunter' telesailak.
Liburu batean oinarrituta dago telesaila.
Liburu batean oinarrituta dago telesaila. BERRIA

Ander Perez Zala -

2018ko otsailak 10
Zergatik liluratzen dute jendea serieko hiltzaileek? Galdera horri erantzun argigarria ematen dio Mindhunter telesailak. John E. Douglasek eta Mark Olshakerrek 1995ean argitaratu zuten Mind Hunter: Inside the FBI Elite Serial Crime Unit liburuan oinarritzen da Netflixen azken arrakasta, FBIko bi agenteren lana kontatzeko. Douglas Psikologian eta Soziologian lizentziaduna da, eta, egun, erretiroa hartuta dago, FBIko agente izan ostean. FBIko akademiako irakasle izan zen, eta, gero, NCAVC Krimen Bortitzen Azterketarako Zentro Nazionalari laguntza emateko unitateko zuzendari bihurtu zen, eta haren figura inspirazio gisa hartu dute AEBetako hainbat telesail eta pertsonaia sortzeko. Orain, Douglasen figura eta ibilbidea oinarri hartu du Netflixek, Charlize Theron aktoreak bultzatutako, Joe Penhall gidoilari eta dramaturgo ezagunak idatzitako eta David Fincher zuzendariak zuzendutako —hamarretik lau zuzendu ditu— telesaila osatzeko. Sekulako arrakasta izan du lehen denboraldiak, bai kritikarien bai ikusleen artean, eta bigarren atal sorta iragarri dute jada.

Hain justu, streaming zerbitzu katearen azken arrakasta handiak Fincherren Zodiac filmaren antza du, bai estetikoki, bai testuinguruan, baita gaian ere —AEBak, 1970eko hamarkada, eta hilketen inguruko ikerketak—. Egiazko figurak oinarri hartuta, egiazko hilketei eta hiltzaileei buruz aritzen da telesaila. Bertan agertzen dira, antzeztuta, 1970eko hamarkadan sona handia izan zuten hiltzaileak. Bi protagonistak, Holden Ford gaztea eta Bill Tench beteranoa, ikerketa soziologiko batean murgiltzen dira, argitzeko zerk izan duen eragina hiltzaileengan hilketa horiek egiteko. Hamarkada hartan berritzailea zen metodologia bati ekiten diote: kartzeletara joan, eta hiltzaileak elkarrizketatzea, aurrez aurre. Telesaila aurrera joan ahala, eta lanak bere fruituak eman ahala, hiltzaileen eta FBIko bi agenteen arteko harremana estutzen hasiko da, agenteetako baten bizian eragin larriak izateraino.

Ez dago akziorik, lehen denboraldia elkarrizketetan oinarritzen da, eta hori da Netflixen obraren arrakastaren arrazoietako bat. Ataletan aurrera egin ahala, gehiago jakiteko nahia nagusitzen da ikuslearengan, hiltzaileen buruan zer dagoen jakiteko nahia. Alegia, planteatzen diren galderen erantzunak eta etikaren inguruan egiten diren gogoeten erantzunak jakiteko nahia. Hori guztia lortzen dute kontakizun eliptiko eta minimalista bati esker. Genero poliziakoa dago telesailaren erdigunean, baina tirorik gabe, akziozko ekintzarik gabe; soilik ikuspuntu intelektuala eta horrek sortzen duen gosea; bete-betean asmatu dute gidoilariek telesaila ideien arteko truke batera bideratzean, morboa alde batera utziz. Punturik interesgarriena da Ford agentearen eboluzioa, guztiz murgiltzen baita hiltzaileen munduan eta beren pentsamenduetan, sentsibilitate oro galtzeraino.

Agenteen psikologia hiltzaileen psikologia bezain garrantzitsu da Mindhunter-en. Nolakoak diren gizabanakoak, zerk motibatzen dituen, zein ideiak eta jokaerek duten haiengan eragina... Psikologia kriminala maila interesgarri batera eramaten dute gidoilariek, arreta pertsonaia anitz bezain aberatsetan jarrita.

'MINDHUNTER'

Sortzailea: Joe Penhall.

Aktoreak: Jonathan Groff, Holt McCallany, Anna Torv, Cotter Smith, Hannah Gross, Cameron Britton, Alex Morf,

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2017.

Non ikusi?: Netflix.

Atal bakoitzaren iraupena: 55 minutu.

Generoa: Drama. Krimenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna