Katalunia. Erasoei erantzuna

Elisenda Paluzie ANCko presidente hautatu dute gehiengo zabal batekin

Kataluniako errepublika lortu arte «atsedenik gabe» lanean jarraituko dutela adierazi du. Josep Crunyes izango da presidenteordea

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
«Mozten duten buru bakoitzeko beste bat sortuko da». Garbi hitz egin zuen atzo Elisenda PaluzieANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente berriak, kargua hartu zuenean. Espetxeratua dagoen Jordi Sanchezi lekukoa hartu zion Sant Cugat del Vallesen (Herrialde Katalanak) egindako batzarrean, eta preso dauden eragile politikoei erabateko elkartasuna azaldu zien lehen agerraldian: «Presoak libre izango dira errepublika benetako bihurtzen den egunean». Eta bide horretan jarraituko dutela adierazi zuen ostera, «errepublika benetakoa bihurtu dadin lanean atsedenik gabe» arituko direla abisatuz.

Espainiarentzako hitz gogorrak izan zituen, «estatu autoritario eta mendekatzailea» dela esanez, eta ordezkari politikoak espetxera sartzeko «delituak asmatu» dituelako. Hala ere, Katalunian egun duten egoera ikusirik, itxaropena ez galtzeko deia egin zuen: «Hau ez da Guinness errekorretarako manifestazioak egiteko garaia, etorkizunerako prest egotekoa baizik; aukera berri baten zirrikitu bat zabaltzen denerako prest egon behar dugu».

Independentzia lortzeko erabili beharreko argumentuen artean, uste du berriz ere pisua hartu behar dutela arrazoi ekonomiko eta juridikoek: «Derrotismoan oinarrituta, ez gara jende gehiagorengana iritsiko, eta ez zaigu inor gehiago batuko». Nazioartean presioa areagotzea ere helburua izango da presidentearentzat.

Bozketa luzeak

Paluziek ANCko idazkaritza nagusiko 77 kideren 71 boto jaso zituen, atzo, presidentea aukeratzeko batzarrean. Gehiengo nabarmenarekin aukeratu zuten presidente izateko, baina aurreikuspenen barruan zegoen hautaketa hori ere. Izan ere, ANCk joan den larunbatean egin zuen idazkaritza nagusia osatuko zuten kideak hautatzeko bozketa, eta Paluziek jaso zuen boto gehien. Bigarren hautagaiak baino 2.000 boto gehiago lortu zituen. Horiek horrela, presidente kargurako hautagai izan zitezkeen Adria Alsina eta David Minovesek ez aurkeztea erabaki zuten. Paluzie Ekonomiako irakaslea da Bartzelonako Unibertsitatean.

Presidenteordea aukeratzeko, ordea, arazo gehiago izan zituen ANCk. Idazkaritza orokorrerako hauteskundeetan, baztertu egin zuten Antonio Bañosen hautagaitza, eta horrek zatiketa eragin zuen. Atzo eguerdirako zuzendaritzako lau karguak aukeratuta egon behar zuten, baina arratsaldera arte luzatu zen hautaketa. Josep Cruanyes izango da aurrerantzean ANCko presidenteordea, Montserrat Rossell idazkaria, eta Joaquim Arnau diruzaina. «Kataluniaren independentzia lortu arte jarraituko dugu lanean», adierazi zuen Paluziek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.