Albistea entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abian da aspaldi handiko boz kanpainarik ezohikoena

Pandemiak markatutako kanpaina abiarazi dute alderdiek. EAJk Gernikan egin du lehen ekitaldia; PSE-EEk, Bilbon; eta gainerakoek, Gasteizen
Iñigo Urkullu, atzo, Gernikan.
Iñigo Urkullu, atzo, Gernikan. MIGUEL TOÑA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2020ko ekainak 26

Hasi da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina, aspaldi handiko kanpainarik ezohikoena; eta ez soilki ez delako batere arrunta kanpainan aritzea ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran, herritar gehienek aisialdia eta oporrak buruan dituztenean: COVID-19ak eragindako sarraskiak, igaro berri den itxialdi gogor eta luzeak, eta oraindik ere pandemiaren bilakaeraz dauden zalantza eta ziurgabetasun handiek oso egoera nahasia zirriborratzen dute. Inguruabar horretan, proposamenak herritarrei helarazten saiatuko dira alderdi politikoak, eta atzo iluntzean ekin zioten horri: EAJk, Gernikan (Bizkaia); PSE-EEk, Bilbon; eta gainerako alderdi guztiek, —EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek, PP-Ciudadanos koalizioak eta Equok— Gasteizen.

EAJ
Autogobernuaren aldarria Gernikako arbolaren aurrean

Gernikako juntetxea aukeratu du EAJk kanpaina abiarazteko, eta arbolaren aurrean egin dute ekitaldia. Iñigo Urkullu lehendakarigaiak azaldu du zergatik: «Euskal autogobernuaren ikurra eta zenbat sufritu dugun gogorarazten digun lekua».

Haren esanetan, COVID-19aren lehenengo kolpeari aurre egitea lortu da:«Autogobernu sendoa dugulako, eta orain bigarren kolpeari, krisiari, aurre egin ahal izateko, autogobernuan sakondu behar dugu».

Hori lortzeko bidean, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Batzordean «asko» aurreratu da, Urkulluren esanetan, eta hori «oinarria» izango da hurrengo legegintzaldian estatus berria erdietsi ahal izateko.

EAJren EBBren presidente Andoni Ortuzarrek, berriz, alderdiaren izenean «Euskadi zutik jartzeko» konpromisoa hartu du, eta herritarrei eskatu die botoa eman dezaten «birusaren eta etorkizunaren beldur izan gabe». «EAJk emaitza sendoa lortzen badu, aurrera ateratzen hasteko lehenengo pausoa emango dugu», esan du; «uztailaren 12an hasiko da etorkizuna».

EH BILDU
«Aldaketa bakarra» EAJren «eredu agortuaren» aurrean

Kanpaina Gasteizen hasi du EH Bilduk, eta, Plaza Berrian egindako ekitaldian, Maddalen Iriarte lehendakarigaiak esan du EH Bildu dela «aldaketa bakarra», hori beharrezkoa dela uste duten herritar guztientzat. «Herri honek jendea ulertu eta zainduko duen gobernu bat behar du», erantsi du.

Iriarteren ustez, EAJren kudeaketa eredua «agorturik» dago, eta, esan duenez, horren erakusgarri dira pandemiari emandako erantzuna —«osasun langileak babesteko materialik ere ez zuten, eta ikastetxeetara itzultzeko planak ez zeukan ez hanka ez buru»—, Zaldibarko hondamendia eta De Miguel eta Alonsotegi auzien moduko ustelkeria kasuak.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik ere esku hartu du ekitaldian, eta gogora ekarri du Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan koalizioaren emaitzek ordezkaririk gabe utzi zutela Espainiako eskuina: «Oraingoan ere, Araba gailenduko zaio autoritarismoari, EH Bildu alternatiba antifaxista ere badelako».

Otegik esan duenez, «segurtasun alternatiboa» sortu nahi du EH Bilduk, herritar guztiek «etxebizitzarako, osasunerako, hezkuntzarako, enplegu duinerako eta zahartzaroan zaintza jasotzeko eskubideak bermatuak» izan ditzaten.

ELKARREKIN PODEMOS
Ezkerreko indarren arteko «zubia» izateko asmoz

Elkarrekin Podemosek ere Gasteizen egin du lehen hauteskunde ekitaldia, eta han Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak esan du koalizioa prest dagoela ezkerreko indarren arteko «zubia» izateko, gobernu aurrerakoia lortzeko bidean: «Guk mahaia jartzen dugu; ezkerreko beste indar politikoei erantzukizuna adierazteko eskatzen diegu».

Gorrotxategiren ustez, Espainiako koalizio gobernuak frogatu du «gehiengo sozialaren ongizatea helburu duten politikak» egin daitezkeela, eta pentsatzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere «gobernu aurrerakoi bat eraikitzeko baldintzak» betetzen direla.

Esan duenez, euskal ezkerra ez da gauza akordioak egiteko: «Denok ezagutzen ditugun arrazoi historikoengatik». Baina «etorkizunera begiratzeko» garaia iritsi dela deritzo, eta horrela «politika kontserbadoreko 40 urteko inertzia» amaitu: «Ez dezatela esan ezinezkoa dela. Boto aurrerakoia eskatzen dugu zubi hori eraikitzeko».

PSE-EE
Espainian gobernuan egoteari etekina atera nahian

Sozialistek Bilbon egin dute hauteskunde kanpainaren lehen ekitaldia, eta, Idoia Mendia lehendakarigaiaz eta Eneko Andueza eta Gloria Sanchez zerrendaburuez gain, Espainiako Gobernuko presidenteorde Carmen Calvok ere parte hartu du ekitaldian. PSOE Espainiako Gobernuan egotea beren alde baliatu nahi dute euskal sozialistek, eta, horregatik, ministro eta agintari ugari gonbidatu dituzte kanpainan parte hartzera. Calvoz gain, gaur Fernando Grande-Marlaska Portugaleten (Bizkaia) egongo da, eta igandean Pedro Sanchez gobernuburua Donostian izango da.

Mendiak esan du PSE-EEren hautagaitzak «elkarrizketa eta ituna nahi duen Euskadi» ordezkatzen duela: «Zerrenda sozialistak dira nazionalistek berriro ere beren gatazka eta arazoetan gu ez nahasteko itxaropena».

Nabarmendu du sozialistak direla gobernu guztietan dauden bakarrak, eta balioetsi egin du hori «krisiaren kontra borrokatzeko baturik egon behar dugun honetan». Haren esanetan, PSE-EE da «euskal ezker arduratsu eta gobernukoa, tentazio nazionalistei itzuri egiten diena».

Mendiak esan duenez, PSE-EEk lortuko dituen botoak «akordioetara iristeko eta ekinerako» baliatuko dituzte. «Bakarrik egonda, ezin dugu aurrera egin. Eskutik eta elkar hartuta egin behar dugu. Eta sozialistak gara berreraikitze prozesuari koherentzia eman ahal diogun bakarrak», erantsi du PSE-EEren lehendakarigaiak .

PP-CIUDADANOS
«Konstituzionalismoaren gotorlekua»

PP eta Ciudadanos koalizioan aurkeztuko dira bozetara, eta Gasteizen egin dute lehen ekitaldia, Carmelo Barrio, Muriel Larrea eta Luis Gordillo hautagaiekin, eta Carlos Iturgaiz lehendakarigaiarekin. Ekitaldian Iturgaizek esan du haien koalizioa dela «konstituzionalismoaren gotorlekua eta Espainiaren batasunaren defentsaren bermea nazionalismoaren aurrean».

«Orain arte, herri hau erosoa izan da nazionalistentzat, eta deserosoa nazionalista ez direnentzat», esan du. «Gure helburua da herritar guztientzat erosoa izango den herri bat eraikitzea».

Iturgaizek EAJren kudeaketa kritikatu du, eta esan du «desastre hutsa» dela: «Urkulluk gaizki kudeatu du Zaldibarko hondamendia, gaizki kudeatu ditu eskola jantokiak, eta gaizki kudeatzen du Osakidetza. Guk, berriz, frogatu dugu badakigula gobernatzen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ernaik deitutako manifestazioa, gaur, Gasteizen. ©Raul Bogajo / Foku

Ertzaintzak Ernaiko zortzi kide atxilotu ditu Bilbon eta Gasteizen

Ainhoa Larretxea Agirre - Paulo Ostolaza

Gazte antolakundeak mobilizazioak egin ditu Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Donostian. Krisia kapitalak ordaintzeko aldarrikatu dute. Bilboko manifestazioaren amaieran gazteen kontra kargatu du Ertzaintzak, eta Gasteizen ere izan dira istiluak.

Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa Gasteizen, urtarrilaren 9an. ©Endika Portillo / Foku

Preso bat gerturatuko dute, eta biri sailkapena malgutuko diete

Jon O. Urain

Lexuri Gallastegi Almeriatik Zuerara hurbilduko dute. Gainera, Karlos Apeztegia Iruñeko kartzelatik Martutenekora eramango dute.

 ©JON URBE / FOKU

«Krisia badator, eta inpaktua izango du gazteon bizitzan»

Ainhoa Larretxea Agirre

Gazteak« larrialdi» egoeran daudela salatuko du Ernaik gaur Hegoaldeko lau hiriburuetan. Hernando eledunak nabarmendu du hausnarketa sakona behar dela sistema «eraldatzeko».
Raquel Gonzalez, artxiboko irudian. ©Miguel Toña / EFE

Raquel Gonzalezek jarraituko du Bizkaiko PPren presidentetzan

Berria

Bigarren agintaldia du Gonzalezek PPren Bizkaiko presidente gisa. Egiluz kritikoak ez du nahikoa babes lortu bigarren bozketa egiteko. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Gotzon Hermosilla

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna