Rajoy, presidente berriro. Erkidegoen finantzaketa. Pedro Luis Uriarte. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu ohia

«Ekaitza dator, baina ekaitz tropikala izango da, ez urakana»

Euskal ogasunek gehiago pagatzeko presio handia egon daitekeela dio Uriartek. «Asko dugu jokoan. Hau ez da bakarrik gai politikoa».

Jon Fernandez.
2016ko urriaren 30a
00:00
Entzun
«Asko daukagu jokoan». Ideia hori azpimarratu du behin eta berriz Pedro Luis Uriartek (Bilbo, 1943), Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu ohiak. Berak negoziatu zuen diktadura osteko lehen kontzertu ekonomikoa. «Hau ez da bakarrik gai politiko bat. Kupoaz ari garenean, ospitaleko oheez ari gara, errepideez, euskaraz, Ertzaintzaz, gastu publikoaz. Asko daukagu jokoan».

Madrilek hurrengo legealdian bere burua behartuta ikusiko du kupoa eta ekarpena adostera?

Ez du derrigorrik, luzapen sistema aurreikusita dagoelako: itunik ez badago, aurreko legea luzatzen da. Madrilek komeni zaionean onartzen du legea, eta baita Jaurlaritzak eta Nafarroak ere.

Zer aurreikusten duzu hurrengo legealdirako?

2017 eta 2018 oso konplikatuak izango dira kontzertuarentzat eta itunarentzat. Ekaitza dator. Ekaitz tropikala izango da. Ez du urakan baten indarra izango, baina egoera zailak igaroko ditugu.

Zein da egoera orain?

EAEren kasuan, 2012-2016rako eta 2017-2021erako kupo legeak daude adosteko. Bestetik, 2007tik urtero egin diren kupoaren behin-behineko ordainketen likidazioa adostu behar da.

Zein da likidaziorako desadostasunaren arrazoia?

Hau ez da ordenagailu batek kalkulatzen duen formula matematiko bat. Funtsean, eskumenen balorazioa egitea da kontua, eta irizpide desadostasunak daude gastu jakin batzuetan. Desadostasun handienak, orain, mendekotasun legean daude: gastu sozial batzuk daude hor, eta EAEk uste du bere eskumena direla eta kupotik atera behar direla. Estatuak, aldiz, kontrakoa deritzo. Irizpide desadostasun horiek oso garrantzitsuak dira, eta urtero islatzen dira aurrekontuetan.

Zelan islatzen dira?

2016rako Madrilen eta EAEren aurrekontuen arteko desadostasuna 500 milioikoa da. 2007tik pilatutako desadostasuna 2.000 milioikoa da. Kopuru garrantzitsuak dira EAE eta Nafarroarentzat, baina ez hain inportanteak estatuarentzat, foru lurraldeek BPGaren %8ko pisua dutelako.

Egozpen indizea gaurkotzeko eskaria ere aspaldikoa da.

Uxue Barkosek duela gutxi zioen ekarpena Nafarroak estatuko ekonomian duen pisu errealera moldatzea nahiko lukeela, zehaztutakoaren azpitik dagoelako. Gauza bera gertatzen da EAEn. Nik 1981ean negoziatu nuen %6,24ko indizea pagatzen da oraindik. Kupo lege berrietan adostu liteke hori aldatzea.

Zelan eragingo du «erregimen bakarreko» sistemaren erreformak euskal negoziazioetan?

Berez ez luke eraginik izan behar, zerikusirik gabeko ereduak direlako. Baina erregimen bakarreko hamabost erkidegoek presio finantziero izugarria dute, eta, beraz, izango du eragina. Erkidegoek ia 210.000 miloi euro zor dizkiote estatuari. EAEk eta Nafarroak, aldiz, zero. Erkidego horiek ikusten dutena da zorrik ez duten bi jauntxo daudela hor, eta ondorioztatzen dute pribilegio egoeran daudela.

Zer eskatzen dute erkidegoek?

Per capita gastu publikoa berdina izateko estatu osoan. Alegia, eurek hezkuntzarako, osasunerako, gizarte zerbitzuetarako... diru gehiago jasotzea, horretarako euskal herritarrei euren eskumenak garatzeko darabilten dirua kenduta.

Madrilek eskain diezaieke gainerako erkidegoei itun ekonomikoaren eredua?

Teknikoki bai. Bizkaiak eta Gipuzkoak ez zuten kontzerturik 1981era arte, Francok kendu zielako 1937an, eta orduan aldatu zuten. Politikoki, arazo gehiago daude: alderdi estatalek ez dute kontzertuaren eredua hedatzea onartzen. Kontua da egungo sistemarekin estatuak kontrola duela erkidegoekiko, Nafarroarekiko eta EAErekiko ez bezala. Hirugarrenik, konstituzioaren argudioa dago: lehen xedapen gehigarriak foru lurraldeen eskubide historikoak babesten eta errespetatzen ditu. Baina zeintzuk dira lurralde foralak?

Historikoki hala ziren Aragoiko koroaren lurrak ere.

Baina 1714an galdu zituzten foruak. 1988an Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen lau direla foru lurraldeak: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Baina Kataluniako auziaren irteeretako bat izan daiteke konstituzioaren lehen xedapen gehigarri horren interpretazio berri bat egitea. Ebaztea Kataluniak eskubidea duela kontzertu ekonomiko bat izateko. Beste erkidegoek kontra egingo lukete, baina hirugarren bidea delako hori gauzatzeko aukera egon egongo litzateke.

Euskal sistemak arriskuan egon daitezke testuinguru horretan?

Kontzertua eta ituna ezabatzeko bi aldeen akordioa behar da, eta hori ez da gertatuko. Euskal erakundeen aldetik ez da onartuko, eta Madrilen aldetik hori planteatzea ergelkeria litzateke. Espainiak dituen arazoekin, Kataluniakoa barne, erokeria pentsaezina litzateke hain gai sentsiblean sartzea. Nahita ere, ezingo luke.

Zergatik?

Batetik, aldaketa konstituzionala behar lukeelako, eta estatu mailako erreferenduma. Uste duzu aldeko emaitza lortuko lukeela XXI. mendeko konstituzio batek Katalunian eta hemen, arrazoi ezberdinengatik, ezezko masibo bat jasota? Politikoki zentzugabea litzateke. Bestetik, autonomia estatutua aldatu beharko litzateke, eta gehiengoa behar da Eusko Legebiltzarrean. PSEk eta PPk 18 parlamentari dituzte 75etik. Nafarroan ere gehiengoa legoke kontra, UPN barne.

Ezabatu ez, baina estutzeko arriskua egon daitezke?

EAEk eta Nafarroak gehiago pagatzeko presio handi bat egon daiteke, baina hori ere bi aldeek negoziatu beharko dute. Bitartean, luzapenarekin jarraituko dugu. Negoziatzeko posizio politiko indartsua dute Gasteizek eta Iruñeak, baina desgaste politikoa izango dute. Euskal herritarrak ez direla solidarioak esango dute beste erkidegoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.