Koronabirusa

Maiatz amaierako zenbakietara itzuli dira Hego Euskal Herriko ospitaleak

Beste 931 kasu atzeman dituzte. Datozen egunetan kasuak «egonkortzea» espero du Murgak

Gurutzetako ospitaleko langileak babes ekipamenduarekin lanean, artxiboko irudian. ANDONI LUBAKI / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Atzean gelditu da uda sasoirako espero zen barealdia, azken egunetako grafikoetan marrak gora eta gora ari baitira. Kezkati mintzatu zen atzo Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua: «Ez da lortu goranzko kurba iraultzea; ez kutsatuen kopuruan, ezta ospitaleratzeen kasuan ere». Izan ere, pandemia osoko kopururik handienak izan ziren ostegunekoak, eta azken orduetan ere goitik ibili dira kutsatzeak: 931 kasu detektatu dituzte. Positiboen datuak ez dira, baina, gorantz doazen bakarrak. Ospitaleak ere udako beteen daude: 321 gaixo daude COVID-19aren eraginez Hego Euskal Herriko ospitaleetan. Datuok bigarren fasearen garaikoen pare daude: maiatzaren 30ean 314 lagun zeuden ospitalean, eta hurrengo egunean, 318. Antzekoa da egoera ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan: 40 pertsona daude egun; maiatzaren 30ean eta 31n, 37 ziren.

Uda «batere lasaia» izaten ari ez den arren, Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak nabarmendu du kutsatu kopurua ezin dela lehenengo olatukoekin alderatu, pandemiaren hasieran ez zelako ia PCRrik egiten, eta orain, egunean 1.800 PCR inguru egiten direlako Nafarroan. Gaineratu du ere egungo kasuak «arinagoak» direla martxoko datuekin alderatuta, baina, halere, kasuen gorakadak egoera «okertu» egin duela. Murgak, berriz, nabarmendu du kurbaren bilakaera martxokoa baino geldoagoa dela, eta adierazi du datorren astean kasuak «egonkortu» daitezkeela, aurreko astean ezarritako neurrien ondorioz.

Herrialdeka, bada alderik azken orduko eta bezperako datuen artean; Nafarroan, batez ere. Izan ere, Tuterako lantegi batean ostegunean izandako 175 positiboek bikoiztu egin zuten egunotan herrialdean atzeman diren kasuen batezbestekoa. Gobernuak atzo jakinarazi zuen kasu horietatik 148 direla Nafarroakoak. Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan apaldu egin dira kasuak; Bizkaian, berriz, ugaritu. Bizkaian 432 kasu atzeman dituzte azken orduetan, bezperan baino 76 gehiago; Gipuzkoan, 225 kasu izan dira, hemezortzi gutxiago; Nafarroan, 167, bezperan baino 86 gutxiago eta Araban, 94, bezperan baino 37 gutxiago.

Proba gutxi Donostian

Tuterakoaren (Nafarroa) ondotik, Gernikakoa (Bizkaia) da oraintxe bertan kasu gehien duen agerraldia: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, 2.705 proba egin dituzte orain arte, eta 113 kasu atzeman dituzte ez-jaietan sorturiko agerraldiarekin lotura dutenak. Gernikan egin diren proba kopuruaren aldean, gutxi izan dira Donostiako bi dantzalekutan izandako agerraldiekin lotuta egin direnak. Osasun Sailaren arabera, Komplot diskotekan izan ziren 240 pertsonari egin diete testa, eta horietatik 26 izan dira positiboak. Tropical diskotekan izan zirenen artean, aldiz, 43 proba baino ez dira egin, eta 19 kasu atzeman dituzte: hots, %44k eman dute positibo.

Proba egitera joan diren pertsonen kopuru apalak Murga sailburuaren ernegua eragin du. Sailburuak adierazi du testa egitera joan ez diren pertsonak «besteak kutsatzen» dabiltzala: «Gizartearen zati batek ez die kasurik egiten probak egitera joateko gomendioei, eta ez da arrisku pertsona gisa identifikatzen». Hain zuzen ere, gogor jardun da sailburua batzuek duten jarreraren inguruan. Gogoratu du orain 40 pertsonatik gora daudela ZIUetan «heriotzaren aurka borrokan», eta ziurrenik «poteoan edo familiarteko bilera batean egon den norbaitek» kutsatu dituela. Osasun Sailaren beste kezketako bat bakartzeak betetzen ez dituzten herritarrak dira orain, halako kasuak atzeman baitituzte. Autokritika ere egin du sailburuak: «Agian ez naiz gai izan neurriak eta gomendioak helarazteko; agian ez naiz gai izan egoeraren larritasunaz eta izan dezakeen eraginaz ohartarazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.