Donostiako Klasikoa

Bernalek sudurra hautsi du, eta Landak, orno zati bat

Biek ospitalean igaro dute gaua, badaezpada ere. Arabarrak bizpahiru aste egin beharko ditu geldirik. Gorka Izagirrek ez du hausturarik
Mirakruzen behera tropelaren aurre aldean egon zen erorikoa.
Mirakruzen behera tropelaren aurre aldean egon zen erorikoa. BERRIA

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko abuztuak 5
Egan Bernalek (Sky) sudurra hautsita du, lesioa matrailezurrean, eta hainbat hortz galdu ditu. Txirrindulari kolonbiarrak ospitalean igaro du gaua, baina medikuek, hasieran, kalte larriagoak baztertu dituzte. Mikel Landak (Movistar), aldiz, L1 ornoko zati bat hautsi du, eta bizpahiru aste beharko ditu behar bezala sendatzeko. Ondo bidean, gaur jasoko du senda-agiria. Azkenik, Gorka Izagirrek (Bahrain) kolpe eta ubeldu asko ditu enborrean, baina ez du saihetsik hautsi.

Mirakruzeko jaitsierako erorikoan kalte larrienak jasan zituzten hiru txirrindulariek diagnostiko oso ezberdina jaso zuten. Eroriko bitxia izan zen, errepide zabal batean eta abiadura txikian, eta oharkabean harrapatu zituen hirurak. Bernalek aurpegiz jo zuen errepidearen aurka, eta odol ugari isuri zuen. Medikuak iritsi zirenean hura artatu zuten lehenbizi. Deigarria izan zen Gorka Izagirreren keinua harengana joan zitezen eskatuz. Bernalek, hasiera batean, konortea galdu zuen, baina Sky taldeak jakitera eman zuenez, berehala esnatu zuen.

Ohatilan immobilizatu eta ospitalera eraman zuten sakonago aztertzeko. Sudurra hautsi zuen kolpean, eta, hasiera batean, matrailezurra ere hautsi zuela zirudien arren, medikuek «kalteak» aipatu zituzten bakarrik zonalde horretan. Eskanerra egin zioten buruan eta burmuin lesioak alboratu zituzten. Hori bai, Sky taldea bera izan zen, bere oharrean, nabarmendu zuena aurpegiko hezurretako espezialistek hobeto aztertu beharko dutela Bernal. Ikusteko dago ebakuntzarik beharko duen ala ez.

Mikel Landak ere ageriko min keinuak egin zituen, eskua bizkarrera eramanez. Erorikoa jasan eta gutxira ondo zegoela esan zien taldeko buruei, eta horrek lasaitu egin zituen. Frogek, baina, lesioa azaleratu zuten. Bizkarrezurreko L1 ornoko apofisiko zati bat hautsi du. Bizpahiru aste beharko ditu lehiatzen hasteko. Vuelta ezingo du prestatu, baina, ondo bidean, parte hartu ahal beharko luke.

Gorka Izagirre ere eraman zuten ospitalera, baina etxean egin du gaua. Errepidean zela arrastaka mugitu zen, altxatu gabe, baina erradiografiek ez zuten hausturarik erakutsi. Bahraingo medikuaren arabera, hamar egun beharko ditu sendatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna