Eusko Label Liga

Txanpona non eroriko den

Eusko Label ligako bosgarren estropada Coruñan (Galizia) jokatuko da, gaur eta bihar, eta arraunerako baldintza egokiak izango direla dirudi. Azken bi txandetan beharko luke garaileak

Urdaibaik ez dio ondo ekin Eusko Label ligari. Irudian, Bermeoko trainerua iazko Coruñako estropadan. EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Lurra bukatzen ei zen lekuak ezinbestean izan behar du zirraragarria. Ikusteko eta gozatzeko, iraganaren lurrin atseginak dastatzeko. Zer esanik ez itsas gizon-emakumeentzat, eta, batez ere, itsasoaren gainazalean jarri eta arraun egiteko. Coruñan (Galizia) dira gaur Euskolabel ligako arraunlariak, aurtengo lehiaketako bosgarren jardunaldia jokatzeko (18:30, ETB1), eta itsas apar eta olatu leku gustagarriarekin jolasteko moduan izango dira. Nahiz eta ez dagoen emanda itsaso eta eguraldi txarra.

Olaturik apenas, eta haizea ere apal, hortaz. Baina ibiliko dira, azalduko dira, gehiago edo gutxiago, eta ura ez da bare-bare egongo. Xarmatik badu Riazor hondartzaren inguruko eremuak, eta imajinazioa dantzan jartzea nahikoa izaten da garai bateko piratak eta kortsarioak itsasoan ikusteko, hor bertan, nola lapurtuko aberatsen altxorrak eta txanponak. Izango zuten zortearen eragina borroka handi horiek, txanpona airean txanponen jabe nor izango, eta badu horretatik ere aurtengo Eusko Label liga honen hasierak.

Izan ere, hautagai asko daude banderak astintzeko: bat, bi, hiru, lau, bost eta sei bai, oraingoz. Beti behar du zortea alde garaileak, eta halako talde on asko izanda garaipen gose eta ahalez, txanpona zein aldetara joango oso garrantzitsua izango da gaur ere; eta bihar ere bai, bi jardunalditan jokatzen baita Coruñako bandera. Zortearena, baina, azken tanta izan liteke garailea erabakitzeko, aurretik oso lan ona egitea ezinbestekoa izango baita.

Ligako sailkapenaren arabera osatuko dituzte txandak, eta azken bietan behar luke gaurko garaileak. Orain arteko lau jardunaldietan, ohorezko txandakoren bat izan da garailea: Orio lehen bi jardunaldietan, Hondarribia hirugarrenean, eta Santurtzi azkenekoan. Hain zuzen, hiru talde horiek eta Zierbena elkartuko dira azkeneko txandan, eta, ligako hurrenkera errespetatze aldera, Oriok aukera asko dauzka gaur ere aurrena izateko; ondoren etorriko lirateke Hondarribia, Santurtzi eta Zierbena.

Bigarren txandan ere bada pirata arriskutsurik usainean; bi bereziki: Donostiarra eta Urdaibai. Donostiako ontzia aurrenekotik gertu ibili zen joan den igandean, Lekeition, bigarren txandan arraun eginda orduan ere, eta orduko bide bera egiten saiatuko da gaur ere. Bermeotarrak, berriz, aurrez haiek zehazturiko bidean doaz, poliki, sasoi puntu indartsua geroxeagoko lagata, baina, aurkarien maila ikusgarriaren eraginez, liga irabazteko aukerarik gabe dagoeneko. Gosea talde guztietan egongo da, baina bereziki Bou Bizkaia traineruaren barruan dabil sabel hutsen zarata, jan nahi eta ezin hori lagun txarra izaten baita barruan gordeta eramateko. Atera behar dute egunen batean, eta Galizia leku egokia gertatzen ari zaie: azken hiru urteetan, hamar estropada izan dira ligakoak han, eta zortzitan Urdaibai izan da garaile. Coruñan jokatu diren ligako hiru jardunaldietan, Bermeokoak izan dira garaile. Bigarren txandako beste ontziak Cabo eta Kaiku dira.

Lehen txandan ere, estu

Banderaren lehian ez ezik, azpialdean ere txanpon asko izaten dira jokoan, eta, gauzak doazen bezala, borroka horretan ere txanpona nora erori daitekeen eragile garrantzitsua izango da. Estu dabiltza azken hirurak, oso puntu gutxitan baitira. Isuntzak hamar dauzka; San Pedrok, zortzi; eta Astillerok, sei. Lekeitiarrak gorago dauden arren, hiruretako inor ez da aritu nabarmen goitik besteen aldean. Txanda honetan arraun egiten laugarren taldeaOndarroa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.