UDAKO SERIEA. Gatazka ahaztuak (I). Hego Sudan

Botere borrokak gosetearen erdian

Autodeterminazio erreferenduma egin ostean, herrialde independente bilakatu zen Hego Sudan 2011ko uztailean. Ospakizunek ez zuten asko iraun. Etnien arteko botere borrokek herrialdeko nekazaritza geldiarazi dute, eta ondorio lazgarriak eragin ditu: gosete eta eritasunak.
Ruandako soldaduak, Jubako errefuxiatu eremuan. Urtarrilean, armak bilatzeko miaketa bat egin zuten.
Ruandako soldaduak, Jubako errefuxiatu eremuan. Urtarrilean, armak bilatzeko miaketa bat egin zuten. I. ALEBE A / EFE

Bidatz Villanueva Etxague -

2014ko uztailak 22
Erresuma Batuak 1956an Sudan deskolonizatu zuenetik, iparraldekoen eta hegoaldekoen arteko liskarra etengabea izan da. Une batetik bestera, bere kasara utzi zuten herrialdea; eta gerraren txinparta, piztua. 50 urtez baino gehiagoz egona zen Sudan bitan zatitua, eta, britainiarrek alde egin zutenean, iparra eta hegoa batzea ezinezko izan zen. Bi gerra zibilen ondoren eta Darfurgo gatazka oraindik gori-gori zegoela —oraindik ere hala dago—, Hego Sudanek independentzia lortu zuen 2011ko uztailaren 9an autodeterminazio erreferendum baten bidez, eta munduko herrialderik berriena bilakatu zen. Bozkatu zutenen %99k eman zuten baiezkoa.

Ospakizunak ez du asko iraun, ordea. Hego Sudangoek hainbat arazori aurre egin behar diete. Alde batetik, Khartumgo gobernuarekin liskarrak ez dira amaitu. Izan ere, herrialdeen banaketa prozesuan, ez ziren guztiz zehaztu mugak eta petrolioaren negozioaren nondik norakoak. Bestetik, 2013ko abenduan gerra etnikoa piztu zen Hego Sudanen, Salva Kiir presidentearen eta Riek Machar presidenteordearen etsaitasunaren ondorioz. Egoera okerrera doa. Atzo bertan, NBEk Macharri leporatu zion ezarritako su-etena haustea. Baina laguntza ez da iristen, eta herrialde aberatsek beste leku batera bideratzen dute begirada. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatari Antonio Guterresek esan bezala, Afrika «kontinente ahaztua» da. «Baina, geoestrategikoki garrantzi txikiagoa duenez, beste krisi batzuetan jartzen dute arreta: Siriakoan eta Ukrainakoan, esaterako».

Gerrak eragindako etengabeko biolentziak eta hilketek egiten die kalte handiena Hego Sudani. Bi etnia nagusien artean sortu zen liskarra: Kiirren gidaritzapeko dinken —hiru milioi dira— eta Machar babesten duten nuerren —bi milioi— artean, alegia. 2013ko abenduaren 15ean estatu kolpe saialdi bat egon zen, eta Kiirrek Macharri egotzi zion ekintza. Machar 2015eko hauteskundeetan aurkeztekoa zen, Kiirrek gobernutik bota baitzituen hura eta haren jarraitzaileak. Orduan areagotu zen etnien arteko borroka. Izan ere, gobernua ezegonkortu baino lehenago ere bazeuden tirabirak. Talde anitzetako buruek Juba hiriburuko administrazio zentralean dagokien boterea exijitzen dute, eta horrek biztanleen artean tentsioak sorrarazten ditu. Abereen lapurretek, nekazari eta abeltzainen arteko lehiak, lurren okupazioak eta abarrek 3.000 hildako eta 40.000 lekualdaketa eragin zituzten 2012an.

Mende erdiz baino gehiagoz, bitan egon zen zatitua Sudan, Britainiar Inperioaren pean. Iparraldean islama zen nagusi; hegoaldean, kristauak eta animistak. Deskolonizazioaren hasiera-hasieratik hasi ziren arazoak. Hego Sudangoek ez zuten onartu Khartumgo gobernua, eta liskarrek bide eman zioten Sudango Lehenengo Gerra Zibilari (1955-1972). Addis Abeba hirian sinatu zuten bake akordioa (Etiopia). Horretan, autonomia eskaini zitzaion Hego Sudani, gobernu bat eratzeko aukerarekin. Yaafar al-Numeiry zen Sudango presidente, 1969an emandako estatu kolpeaz geroztik. 1983an, xaria ezarri nahi izan zuen estatu osoan, eta, ondorioz, Sudango Bigarren Gerra Zibila piztu zen. Horrekin batera sortu zen SLM Sudan Askatzeko Mugimendua, John Garangen gidaritzapean, eta estu loturik zegoen SPLA Sudan Askatzeko Herri Armadarekin. 2005eko urtarrilaren 9an sinatu zuten Bake Akordio Orokorra, Nairobin (Kenia). Sei urte geroago aldarrikatu zuten independentzia Hego Sudangoek.

Ondorio latzak

Garaipen hark, ordea, beste fronte bat ireki du Hego Sudanen. Iparraldearen aurka borrokatzeko batu zen jendea, baina orain garrantzi handiagoa hartu du etnia bateko edo besteko kideen arteko gatazkak. Boterea eskuratzeko Kiir eta Macharren arteko norgehiagoka biztanleriarengan islatzen da, etnia eta talde ezberdinen arteko borroka etengabean.

Gerra zibila hasi zenetik 10.000 hilketa eta 1,3 milioi lekualdaketa izan direla kalkulatzen dute. Ezegonkortasunak uztak jasotzea eta lurrak lantzea eragotzi du; Hego Sudangoen %78ren ogibide da hori. Bestalde, igo egin dira elikagaien eta erregaiaren prezioak, eta horrek eragin txarra izan du tokiko merkataritzan. Gainera, lau milioi pertsona —biztanleen herenak— gosete larria pairatzeko arriskuan daude. FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak eta MEP Munduko Elikadura Programak urtarrilerako igarria zuten biolentziak gosea areagotuko zuela, nekez irits baitaiteke laguntza. 50.000 haur gosez hil daitezke, eta hemendik urte amaierara 250.000 izan litezke egoerak berdin jarraitzen badu, Unicefek kaleratutako datuen arabera. Amador Gomezek, Gosetearen Aurkako Ekintza erakundearen zuzendari teknikoak, independentziaren urteurrenaren egunean adierazi zuen «urteotako elikadura krisirik okerrena» izan daitekeela. Bestalde, gaineratu zuen Nazio Batuen Erakundeak 1.300 milioi euroko eskaera egin ziola nazioarteari eta %42 besterik ez dela ziurtatu.

Gosetearen Aurkako Ekintzako komunikazio arduradun Carla Fiblak, Bentiu kanpamentuan egondakoak (iparraldean), hango egoera jasangaitza deskribatu zuen: «Gero eta jende gehiago dator, eta komunak falta dira. Haurrek eskolara joateari utzi diote, amei banbua biltzen lagundu eta merkatuan saltzeko; edo ur bila joateko, bost edo sei orduz egon behar baitute ilaran itxoiten». Horrez gain, azaldu zuen euriteek dena lokazten dutela eta dendak urez betetzen direla, ez dagoelako plastiko nahikorik.

Hori gutxi ez, eta Osasun Ministerioak kolera hedatzen ari zela adierazi zuen maiatzaren 15ean. Juban agertu ziren lehen kasuak, baina gaixotasuna herrialdean zabaltzen ari da. 2.400 kasu atzeman dituzte orain arte, eta hirurogei pertsona hil dira. Gobernuz kanpoko erakundeek lanean dihardute, kolera ez dadin gehiago zabaldu eta gaixo daudenak laguntzeko. Baina baliabideak urriak dira; zailtasunak dituzte terapia egokia eskaini ahal izateko. Antibiotikoz senda daitekeenak larrialdi egoera sortu du Hego Sudanen.

Interes ekonomikoak

Identitateaz harago, interes ekonomiko eta politikoek sustatu dute gatazka; petrolioaren ustiaketa da gakoa. Hobiak dauden lekuetara hedatu da borroka, Batasuna eta Nilo Garaia estatuetara bereziki. Hego Sudanek petrolio aberastasunaren %75 dauka, baina itsasorik ez esportatu ahal izateko. Sudan arduratzen da horretaz, hura baita oliobide bakarraren jabe. Alabaina, petrolioaren ustiaketa, garraioa eta esportazioa ez zituzten inoiz ongi zehaztu, eta arazoak izan ohi dituzte prezioak ezartzeko orduan. 2012ko urtarrilean, esaterako, Hego Sudanek eguneko 350.000 petrolio upelen ustiaketa eten zuen, Sudanek ezarritako igarotze tasak handiegiak zirelako. Horrez gain, Sudan petrolio findugabea konfiskatzen hasi zen, ordaindu gabeko muga zergen «kalte-ordain» gisa. Urte bereko abuztuan, zergen inguruko akordio bat sinatu zuten. Tirabirak, baina, ez ziren horrekin amaitu. Bi gobernuak oraindik borrokan ari dira mugako lurraldeetan, petrolio hobiak dauden eremuan.

Bestalde, interes internazionalak daude jokoan. AEBek eta Txinak dute eragin handiena herrialdean. Historikoki, AEBak Hego Sudanen independentziaren alde egon dira, Txina ez bezala. Halere, banaketa gertatu zenean, Pekinek bestelako jarrera hartu zuen, nahiz eta hasieran Sudan lagundu zuen hegoaldekoen kontra. Orain, Txina da Hego Sudanen bezero nagusia: petrolio esportazioen %67,8 hara bidaltzen dira. AEBek ez dute inoiz ikusteko askorik izan Sudan eta Hego Sudango petrolioaren produkzioan eta banaketan, baina, ezegonkortasuna areagotu delarik, muturra sartu nahi izan dute hegoaldean. Hego Sudanek duen enbaxadore Susan Pagek onartu zuen Washingtonek gero eta interes handiagoa duela hango petrolioan. AEBek, petrolioari ez ezik segurtasunari lotutako interesak ere badituzte, Michael Raunbaud Frantziaren Khartumgo enbaxadorearen esanetan, Sudan jihadisten babesleku izan baita historikoki.

Paradoxikoa da Hego Sudan munduko herrialde txiroenetakoa izatea petrolioan hain aberatsa izanik. 2013ko gerra hasi aurretik ere, biztanleen %50,6 pobrezian bizi ziren. Gatazkak egoera areagotu besterik ez du egin. Goseteari aurre egiteko, ez du berezko baliabiderik, eta azpiegiturak faltan dira osasun arazoak konpontzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria