Durangoko 52. Azoka. ARAZOKA

(Kultura bat)

Martxel Rodriguez dantzariak ireki zituen, atzo, 10:30ean, Landakoko ateak. Bost egunez egongo dira irekita.
Martxel Rodriguez dantzariak ireki zituen, atzo, 10:30ean, Landakoko ateak. Bost egunez egongo dira irekita. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz

2017ko abenduak 7
«Batzuk parentesi artean bizi gara». Ez dakit zer testuinguru zehatzek bultzatuko zuen Iurretatik Durangorako bidean dagoen biribilguneko pintadagilea esaldi hori idaztera, baina ezinbestean Durangoko Azokari egindako erreferentzia zuzena balitz bezala irakurri dut nik gaur goizean Landako gunerako bidean. Eta, biribilgune batean behar bezala egindako pintaketa bati dagokion bezala, buelta eta buelta izan dut esaldia buruan gero egun osoan. Pentsatzen dut ez naizela bakarra izango, gainera. Gaur nik neuk gurutzatu dudan bezala, beste milaka pertsonak ere gurutzatuko baitute esaldi hori bera hemendik igandera. Bildu ere, milaka eta milaka pertsona bilduko baitira egunez egun, hasi berri den Durangoko 52. Azokan. Eta, halere, ezin esaldiari guztiz izkin egin: parentesi artean bizi gara batzuk.

Nagusiki euskaraz bizi da Durangoko Azoka; bere euskañol, eustses eta euskanglish aldaera guztiekin, porsupuesto, baina euskaraz halere. Eta agerikoa da hori etxetik Durangorainoko joaneko autobuseko elkarrizketetatik hasita Durangotik etxerako itzulerako autobusera arte. Baina ez da inpresio hutsa. Iazko azaroan Gerediaga elkarteak, Deustuko Unibertsitateak eta Siadeco ikerketa enpresak elkarrekin aurkeztutako datuek baieztatu egiten dute sentsazio hori. Euskaldunak dira azokako bisitarien %92. Eta nabarmentzekoa da horrek esan nahi duena ere: Euskal Herriko euskal hiztun guztien %12 pasatzen dira Landako gunetik egunotan.

Hamar euskaldunetik bat pasatuko da egunotan Durangotik. Eta berdin Iurretako biribilguneko pintaketatik ere.

Bada lorpena. Europako beste ezein hizkuntza gutxituk ez du datu hori parekatzen. Horregatik esaten da Landako gunea bost eguneko oasia dela. Eta egia da. Gutxiagotan esaten da, ordea, Landako gunea bost eguneko arrainontzi bat ere badela, nahiz eta hori ere baden egia. Inpresio hori ere baieztatzen dute Gerediaga elkartearen, Deustuko Unibertsitatearen eta Siadecoren datuek. Euskal Herriko biztanleria ez-euskaldunaren %0,5 bakarrik pasatzen da Durangotik.

Parentesi arteko kultura bat da euskal kultura, Landako guneak markatzen ditu parentesi arteko espazio horren lorpenak eta mugak, baina parentesi arteko jendea gara, halere, eta ez dugu oraindik erabat asmatzen biribilgune horretatik nola atera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna