ERRESUMA BATUA. Bozen azken txanpa (IV). Hauteskunde gaua

Zailtasunei eutsi die Mayk

Bozkalekuak itxi ondoren argitaratutako lehenbiziko proiekzioaren arabera, kontserbadoreek erraz eutsiko liokete lidergoari, baina liberal-demokraten babesa beharko lukete gehiengo osora ailegatzeko. 

Bozkaleku bat kafetegi batean ezarrita, atzo, Londresko Borough High Streeten. Muturreko islamistek inguru horretan hil zituzten zortzi herritar, joan den larunbatean. ANDY RAIN / EFE.
mikel rodriguez
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Duela bi urteko antzeko panorama irudikatu zuen atzo Erresuma Batuko hauteskunde orokorren ondoren jakinarazitako zundaketak. Kontserbadoreek 314 jarleku lortuko lituzkete horren arabera, eta gehiengo absolututik hamabira geldituko lirateke. Egoera horretan, Theresa May lehen ministroak liberal-demokraten babesa beharko luke gehiengo osora ailegatzeko, zundaketak hamalau jarleku eman baitzizkien, 2015eko hauteskundeetan baino sei gehiago. Laboristen susperraldia ere aurreikusi zuten zundaketek: 266 jarleku, orain arteko 232en aldean. Gehiengo alternatiboak zail leudeke, baina, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalari dezenteko galera aurreikusi baitzion lehenbiziko proiekzioak, 56tik 34rakoa. UKIP Erresuma Batuko Independentziaren Alderdia, Westminsterretik kanpo geldituko litzateke. Gaur 05:00 aldera jakinaraztekoak ziren behin betiko emaitzak.

2015eko bozetako zundaketek ez zuten asmatu tory-ek gehiengo osoa lortuko zutela. 316 eserleku eman zizkieten, eta 331 lortu zituzten. Hala ere, David Cameronek argi irabaziko zuela iragarri zuten, eta gainerako alderdien artean zundaketen eta azken emaitzen arteko aldea jarleku gutxi batzuen artekoa izan zen.

Inkestek zenbateraino asmatu duten edo zenbateraino okertu diren ere aztertzeko ordua izanen da gaur. Brexit-eko erreferendumaz geroztik, Erresuma Batuko politologo anitz ez dira ausartu iragarpen zehatzak egitera. Hauteskunde egunean bertan argitaratu ziren azken inkestak. YouGovek The Times-entzat egindakoaren arabera, botoen %42 tory-entzat, eta %35 laboristentzat. Liberal-demokratak hirugarren, 510ekin, eta UKIP laugarren, %5ekin. Astelehenetik asteazkenera egin zituen YouGovek galdeketak; joan den astean egindako azken inkestarekin konparatuta, kontserbadoreei emaitza berbera eman zien YouGovek, eta laboristei, berriz, atzo argitaratutakoan baino hiru puntu gehiago. Bertze inkesta bat The Guardian-ek argitaratu zuen atzo, IMC etxeak egindakoa. Horretan, kontserbadoreek alde handiagoa zuten laboristekin: %46 Mayren alderdiak, eta %34 Corbynenak.

46,9 milioi herritarrek zuten botorako eskubidea. Erresuma Batuko hauteskundeetako bi topiko bete ziren atzo ere: eguraldi goibela, eta bozkaleku bitxien zerrenda —kafetegi bat Londresko Borough High Streeten, boxeo gimnasio bat Liverpoolen, tren baten bagoia Yorkshiren iparraldean, etxebizitza pribatu bat Ingalaterrako Winnwick herrian, eta, horrela, 40.000ra arte—. May eta Corbyn goizean joan ziren bozkatzera. Lehen ministroak Ingalaterrako Sonning herrian eman zuen botoa. Kazetariak agurtu zituen, baina ez zuen adierazpenik egin. Corbynek, berriz, Londresen iparraldean eman zuen botoa. Adierazpenak egin zituen, baina sakontasun politikorik gabeak: «Harro nago egin dugun kanpainarekin».

Bi buruzagiek herenegun arratsean egin zituzten kanpainako azken ekitaldiak. Mayk Ingalaterra erdiko Meriden herrian bukatu zuen kanpaina. «Brexit-a ongi egiten badugu, Britainia oparoago eta seguruago bat eraiki ahalko dugu, oparotasuna eta aukerak guztien artean banatu ahalko ditugun Britainia bat». Hain zuzen, duela zazpi aste hauteskundeak aitzinatzea erabaki zuenean—2020an egitekoak ziren—, brexit-aren negoziazioak hasi aitzinetik lidergoa sendotzeko helburuz deitu zituen; izan ere, inkestetan Mayren aldeko joera argia adierazi zen orduan, eta lehen ministroak ez zuen hauteskundeen legitimazio zuzenik, Cameronek dimisioa eman ondoren hautatu baitzuten lehen ministro, iaz, kontserbadoreen gehiengo osoaren babesarekin.

Segurtasunaren kezka

Kanpainako bidea hasieran pentsatutakoa baino malkartsuagoa egin zaio, ordea. Alde batetik, laboristek asmatu dutelako gizartean kezka sortu duten gai sozial jakin batzuk erdigunean paratzen. «Gobernurako prestatzen ari ginen bitartean, debatea aldatzea lortu dugu, eta jendeari itxaropena ematea», adierazi zuen Corbynek azken mitinean, Londresen. «Gauzek ez dutela horrela izan behar sinestea, berdintasunik ezari aurre egin diezaiokegula sinestea, austeritatea bukatu dezakegula sinestea, eliteen eta zinikoen aitzinean altxatu zaitezketela sinestea. Hori da jokalekuaren zentro berria».

Kanpaina astindu duen bertze faktore nagusia muturreko islamisten erasoak izan dira. Gobernuak segurtasun neurri bereziak ezarri zituen atzo. 22 lagun hil zituzten Manchesterren (Ingalaterra) maiatzaren 22an, eta bertze zortzi Londresen joan den larunbatean. Zibilen aurkako erasoak izan ziren biak. May eskubide gehiago murriztearen alde agertu da, horrek segurtasuna handituko duelakoan. Corbynek, berriz, May kritikatu du Barne ministro zela Polizian egindako murrizketengatik, eta atzerri politika berrikustearen alde agertu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.