Albistea entzun

Albiturri, Leintzerako bidean

Marietan abiatuta, Leintz Gatzagarako bidea hartu eta Albiturrirako bideari ekingo diogu. Santa Marina baseliza ikusiko dugu basoan, pago sendoek partekatutako lepo liluragarrian.
Katazuloetako haitzuloa.
Katazuloetako haitzuloa. JOSEAN GIL-GARCIA

Josean Gil-Garcia -

2015eko azaroak 24

Albiturriko tontorra Gipuzkoa eta Araba probintzien arteko mugan dago, Elgea mendilerroaren mendebaldeko bazter pribilegiatuan. Talaia baten moldean, gainera, Usako Atxa eta Mugarriluze tontor ezagunen artean altxaturik ikusiko dugu, Lautadako zabalguneari begia kendu ezinean. Bere ikuspegi eskergarriak direla eta, bazter horiei gortea egiteko prest ageri ohi dira naturazale ugari. Ez da harritzekoa. Zadorrako urtegietatik abiatzeko ohitura izaten dute gehienek: tontorrerako bidea atsegina da, eta haritzen eta pagoen artean osatzen da azken zatia.

Ibilbide honek interesgune asko ditu, besteak beste, paisaia, bidea eta Santa Marina baseliza. Uztail inguruan erromesak gerturatzen dira Leintz Gatzagako bidean altxatutako ermita apartari bisita egiteko. Urtegia egin aurretik, Zuhatzu-Ganboakoak ere joaten omen ziren, denak animoso-animoso eskusoinua aldamenean zutela. Urtegia egin zenetik, ordea, Ganboakoek joateari utzi eta bertaratzeko ardura marietarren eskuetan laga zuten. Gaur egun, jai giroan ospatzen dute erromeria jendetsua, herri bazkaria egiten dutela baselizaren aurreko zelaian.

Katazuloetako haitzuloa

Marieta herrian (Araba) hasiko gara ibili-ibilian. Errepide ondoko tabernaren aurrean utziko dugu autoa. Kale nagusiari men eginez, eliza altxatzen den gunera bideratuko ditugu gure pausoak. Herriko iturriaren paretik igarota, Basondo izena duen kaletik jarraituko dugu. Arkitektura bitxidun baserri modernoak ikusteko aukera izango dugu kalean aurrera egin ahala. Begirada ipar-ekialdean zabaltzen den baso aldera joango zaigu. Bide seinaleak ikusiko ditugu han eta hemen. Izan ere, bazter hauek korritzen dituzten bide ezagunak Marietan bertan gurutzatzen dira. Zidor horien artean Lautada inguratzen duen GR 25 bidea dago, oraingo honetan bazter egingo duguna. Haren ordez, tinda zuri-berdeko zidorra lehenetsiko dugu. Aizkorri-Aratz natur parkeari dagokion ibilbide laburra da, eta, hari jarraikirik, Elgeko lepora igoko gara.

Marieta atzean utzita, Iturraro zubi txikia ikusiko dugu bide ondoan. Izen bera duen errekastoaren gainetik igaro ondoren, basoan barrena doan basabide nagusiari jarraituko diogu. Burdinazko igarobidea tentu handiz igarota, mendian gora hasiko gara, hariztiaren babesean. Pinudiarekin bat egingo dugu laster batean. Handik metro gutxira, ibilbide honetako lehen ezustekoa datorkigu: Katazuloetako haitzuloa. Marietako bizilagun Ramonen etxaldea izan zen aspaldi, eta, gaur egun, aho biko estalpe bitxia da.

Albiturriko talaia

Basabideak gora egiten lagunduko digu, eta ameztian sartzeko gonbita eskainiko digu. Ibilian hainbat minutu eman ostean, iturri baten albotik igaro eta pagadiak harrera polita egingo digu: Santa Marina baselizaren inguralde harrigarrian gaude, non pagadiak inguruko paisaia ederkiro hartzen duen. Baselizan ezkerrera jo eta, goranzko aldatsetik segiturik, bistan izango dugu Iturraro errekak sortzen duen sakonune ederra. Ibarraz bestaldean, Albiturri tontor xumea ikusiko dugu, hareazko eta konglomeratuzko harritzarrak nabarmendurik tontorrean. Basabideak iparralderantz bideratuko gaitu. Behin Elgeko lepoan, zidor laburra utzi eta bista aurrean dugun magalean gaindi jarraituko dugu. Tontorrean ikuspegi panoramikaz gozatzeko aukera izango dugu, hots, Zadorra sistemako urtegi artifizialak eskaintzen duen irudiaz gozatzeko tenorea.

Gailurretik hegoalderanzko bidea hartu eta, hegiz hegi ibilita, Utxitigaranako lekuan bat egingo dugu Urkitzako iturritik datorren bidearekin. Noranzkoa aldatu gabe, pagadia inguratuko dugu beherago. Hurrengo bidebanatzean, eskuineko bidea laga eta pinudi baterantz joko dugu. Bertan sartu gabe, pistarik behinenari jaramon egin eta bide sarde batera helduko gara. GR 25 zidorra topatuko dugu han, ur biltegi zahar baten inguruan. Basabidea utzita, eskuinetik doan bidezidorrari jarraituta, ur biltegi handira helduko gara. Haren eskuinetik segituta, Marietara iritsiko gara.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Stephanie Frappart epailea, aginduak ematen. Lehen arbitro emakumea izan da gizonen Munduko Kopan. ©G.LICOVSKI / EFE
Richarlison de Andrade Brasilgo aurrelaria, Serbiari sartutako bi goletako bat ospatzen. ©ANTONIO LACERDA / EFE

Oinutsik daudenak gogoan ditu

Eñaut Agirrebengoa

Pobreziak eta indarkeriak zipriztindutako umezaroa bizi izan zuen Richarlison de Andradek. Hori guztia ahaztu gabe, distira egiten ari da orain Brasilen, bederatzidun elastikoarekin.

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea Qatarko emir Tamim bin Hamad al-Thanirekin, Espainiako Errege Jauregian. ©IBERDROLA

Petrolioa, gasa eta perlak

Irune Lasa

Qatarko funts subiranoaren, eta, beraz, errege familiaren jabetzak itzelezkoak dira. Erregai fosiletatik lortutako dirutzak mundu osoan inbertitu dituzte, ordain ekonomiko eta politikoen truke

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...