Albistea entzun

Okariz eta Munaingo baso zaharra

XVI. mendean, Larreako Dorreko Lazarraga jaunak bere eskuizkribu sonatua idatzi zuen garaian, hariztirik ederrena ernaltzen hasia zen Arabako Lautadan.
Munain eta Okarizko basoan zutik dagoen haritz eder bat.
Munain eta Okarizko basoan zutik dagoen haritz eder bat. JOSEAN GIL-GARCIA

Josean Gil-Garcia -

2015eko ekainak 9

Munain eta Okariz herrietatik hurbil, Donemiliagako udalerrian, 400 hektarea dituen baso berezi bat dago. Hain da deigarria, ezen orain dela zazpi urte Euskal Herriko hainbat ikerlarik eta zientzialarik lanari ekin zioten buru-belarri bertoko landaretza eta fauna aztertzeko asmoz. Talde horrek Entzia mendilerroaren ipar-isurialdeko zoko-moko guztiak miatu zituen, tentu handiz. Emaitzak, zinez, harrigarriak izan ziren: guztira, 600 haritz inguru katalogatu zituzten, 485 zentimetroko enborra dutenak, gehienak orain dela bost mende jaioak. Banaka batzuek, gainera, 1.500 urte dituztela ondorioztatu zuten adituek.

Baso zaharra

Ikerlarion lana, ordea, ez zen hariztira soilik mugatu. Faunak ere interes handia piztu zuen. Horrela, azkonarrak, katajinetak, azeriak, basurdeak eta orkatzak bistaratzeaz gainera, euren irteeretan 103 kakalardo desberdin katalogatu zituzten, den-denak haritz potoloekin lotuta. Hori nahikoa ez eta ikerlariok 225 onddo mota diferente ere jaso zituzten Okariz-Munaingo basoan.

Munain herrian (Araba) emango diogu hasiera ibilbideari. Autoa elizaren ondoan utzita, hegoaldera begira hasiko gara ibilian. Zadorra kaleari men eginez, Entzia mendilerroko basoan barrena galduko zaigu soa. Herria atzean utzi dugula, eskuin-ezker egingo dugu bidebanatzean, eta, PR bide-seinaleak lagun, burdinazko barrera batera iritsiko gara. Langa ondo itxita —behorrak izan baitira ondoko belazean—, Baso Zaharrerako bideari ekingo diogu, maldan gora. Bidea ondo prestatuta dagoenez, arin-arin hurbilduko gara basora. Anartean, ipuruak eta elorri zuriak ikusiko ditugu bide ertzean, txori ugariren bizilekuak direla. Basabide behinenetik atera gabe, egurrezko langa bat zeharkatuko dugu laster: Munaingo baso zaharrean sartu gara jada; hots, haritz sendoek lozorroan dirauten errainuan. Langatik metro gutxira, gezi batek lagunduko digu noranzko zuzena hartzen. Bidean aurrera egin eta, sigi-saga egin ondoren, bisitarientzat egokitutako parke batera iritsiko gara.

Okarizerako bidea

Baranda batzuk dituen igarobide batek belardi polit bateraino lagunduko digu. Hamaiketakoa egiteko leku egokia ez ezik, lehen haritz sendoak miresteko lekua ere bada. Atsedenaren ostean, bide nagusira irten eta, bertako bidebanatzean, Zadorraren Iturrien zidorra bazter eginda, jaitsiera xumea egiteko gonbita ematen digun bideari jarraituko diogu. Okarizera doan bidea hartuko dugu, beraz. Bideak errekasto bateraino lagunduko digu. Zubia gurutzatu, eta bidexkan gora egingo dugu. Bidexkak zailtasunik ez badu ere, aise labainkorra izaten da, batez ere zorua bustita dagoenean. Behin garaiera hartuta, beherako bideari ekingo diogu. Gero, hesia igaro ostean, Okarizko eremuan sartu eta jaitsiera polita egingo dugu. Inguruko haritz sendoez gozatzeko paraje ezin hobean gaude orain. Beste zubi batek lagunduko digu aurrerago errekasto baten ur-emari apurra saihesten. Zubitik hurbil, basabide zabala hartuko dugu, eta, huraxe abandonatu gabe, sigi-saga egingo dugu basoan barrena. Langa gurutzatuta, ezkerretik segitu eta Okarizen sartuko gara, Karobioste kaleari men eginez. Elizaren aurretik igaro eta berehala, eskuinera joko dugu bidebanatzean, eta, nekazari-bideari oratuta, Munainera iritsiko gara.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gorka Urbizu, Berri Txarraken azken kontzertuan, 2019an. ©Idoia Zabaleta, FOKU

Gorka Urbizuk emanaldia eginen du Realaren eta Athleticen arteko derbian

Uxue Rey Gorraiz

Partidaren aurretik eta atsedenaldian joko du Urbizuk, Reale Arena estadioan. Iradoki dute sorpresa gehiago ere izanen dela neurketaren atarian.

 ©JUANAN RUIZ / FOKU

Oraina eta etorkizuna

Jone Bastida Alzuru

Zeresana ematen ari da Salsamendi pilotaria. 14 urte baino ez ditu, baina maila ikusgarria duela erakutsi du, eta gai izan da goi mailako pilotariei irabazteko. Bideaz gozatzen ari dela dio, eta horretan jarraitu nahi du. Orain min hartuta dago.
Gari Bravo Euskaltel-Euskadiko txirrindularia eta Jon Irisarri Caja Ruralekoa, herenegun, Tolosan, Iñaki Lopetegi zenaren oroimenezko proban parte hartu aurretik. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Etapa berri bat dute aurrean Gari Bravok eta Jon Irisarrik

IƱigo Lasa

Txirrindularitza profesionaletik erretiroa hartu berri dute Gari Bravok eta Jon Irisarrik. «Lasai eta damurik gabe» utzi dute. «Pribilegiatuak» sentitzen dira gehien gustatzen zaiena egiteko aukera izan dutelako. Biak goi mailako ikasketak egiten ari dira bide berri bati ekiteko asmoz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.