Albistea entzun

Anbotoko Mari

Beti hika hitz egin behar zaio Mariri, ez da inoiz eseri behar haren aurrean, eta ez zaio inoiz bizkarra eman behar. Arau horiek bete behar dira Anbotoko Mariren egoitzan, Mariurrika Koban, sartzeko.
Eguraldi ona lagun izanez gero, ikusmira ederra dago ibilbidean zehar.
Eguraldi ona lagun izanez gero, ikusmira ederra dago ibilbidean zehar. ASIER ARANZABAL

Asier Aranzabal -

2015eko irailak 1

Anboto mendi misteriotsua izan da betidanik. Kare haitzezko mendi malkartsu eta arriskutsu honen inguruan euskal mitologiaren elezahar asko sortu izan dira, seguruenik haren magaleko leizeak ezkutaleku eta babesleku izan direlako, bai historiaurrean, bai inkisizio garaian. Mari da, dudarik gabe, Anbotorekin lotzen den izaki garrantzitsuena. Mendietako jeinua leize batetik bestera ibiltzen omen da euskal ortzia zeharkatuz. Hainbat menditan bizi den arren, Anbotoko kobazuloa du gustukoen: Mariurrika Koba, baita Mariye Kobie izenaz ezaguna ere. Mendiaren ekialdeko pareta bertikalean dagoen ezkutuko lekua da benetan, eta hara heltzea sorgindutakoen esku dago bakarrik. Hala bada, gaurko proposamena hara igotzea da, Anbotoren ipar-aurpegian ibilbide zirkularra eginez eta Anbotoren gailurreria zeharkatuz, Mariren akerra bagina bezala.

Larrano leporaino

Arrazolako (Atxondo) eliza aurrean hasi eta bukatzen da ibilaldia. Aparkalekua dago han, baina autobusez ere hel daiteke Durangotik. Lehen urratsak etorritako errepidetik egin behar dira, azken bihurgunearen beste aldeko Anditxe baserrietaraino. Ezkerretara pista bat hasten da hilerrirantz doana. Hura gainditu eta lehen bidegurutzean eskuin aldera hartu behar da, zuhaitz artean aldapa gora. Sigi-saga bat egin ondoren, hedagailu baten azpitik igaro eta traktore-bideari eutsi behar zaio hego-mendebaldeko norabidean harkaitz hormara hurbildu arte.

Anbotoren ipar aurpegi osoa gertuago ikus daitezke. Ezkerrera, Anboto Sakona kanalean zehar (PR-BI-202.1) tontorrera igo daiteke, 1.000 metroko desnibela ia lau kilometroan eginez. Baina oraingoan eskuineko bidezidorrari jarraitu behar zaio (PR-BI-202), harkaitz horma gaindituz Larrano leporaino heltzeko. Aldapa gutxiko larrean hego-mendebalderantz margo zuri-horiei jarraitu behar zaie Alluitzen gailur-lerroa begira-puntuan jarrita.

Anboto eta Alluitz batzen dituen gandor luze eta zorrotzaren erdian dagoen larre gune zabala da Larrano lepoa (957 metro). Aterpea eta Santa Barbara baseliza daude bertan, eta iturria ere bai. Anbotoko gailurreriaren aurreneko tontorrera igotzeko ekialderantz jo behar da orain; hasieran, belardian zehar; ondoren, langa zeharkatu eta pago artean; eta, azkenik, kareharrizko tximinian gora. Ikuspegia ikaragarria da: Kurutzeta (1.214 metro), Elgoin (1.243 metro), Saintze (1.247 metro) eta Anboto (1.331 metro) lotzen dituen haitz-ertz zorrotza, Anbotoko Sakonera amiltzen diren horma ikusgarrien gainean. Orain bidea norberak egin behar du, marka gutxi baitaude. Zatirik zailena Elgoin eta Saintze artean dago, bi aldeetara amildegia oin azpian ikus daitekeelako. Beldurra sentituz gero, eskuineko magalean katuka jaits daiteke apur bat. Agindi Lepoan (1.240 metro) Anbotorako ohiko bidearekin bat egin eta mendizaleen oinatzek ilundu eta leundutako haitzari adi, ohartzerako heltzen da tontorrera.

Mariurrika Kobea

Mariren egoitzara joateko iparraldeko ertzetik, hots Frailiaren ertzetik, jaitsi behar da. Laurehun bat metroko distantzia egin ondoren, ertzaren hozkadaren inguruan marka urdinak dira gidari Gerriko Kobaraino; ekialdeko ertzeraino, alegia. Benetako zailtasunak hortik aurrera datoz. Botoi-zulo itxurako koba hori zeharkatuz, Eskillar zokogunearen amildegira sartzen da eta beronen gainetik ibili behar da ehun eta hogeita hamar metroan Mariurrika Kobara heltzeko. Hasierako berrogeita hamar metroak dira arriskutsuenak, harkaitzezko ezproia gainditu behar baita (bigarren mailako zailtasuna). Gainontzekoa belarra da, baina arriskutsua. Segurtasuna bermatzeko, derrigorrezkoa da soka luzea erabiltzea , zeharkaldi osoan katigaleku trinkoak baitaude.

Koba ez da oso handia, baldin eta barrualdeko galerietan sartzen ez bada, baina horrek espeleologiako jakintza eta materiala eskatzen du. Galerietarako atarian harkaitzak duen itxura da ikusgarriena, irudimena areagotuz Mari sorginaren aurpegia ikus daitekeelako. Beti hika hitz egin behar zaio Mariri, ez da inoiz eseri behar haren aurrean, eta ez zaio inoiz bizkarra eman behar.

Anboto sakona

Iparraldeko Frailia ertzera itzuli behar da Mariren egoitza ikusi ondoren. Oraingoan ertzaren mendebaldeko Anboto Sakona kanalean behera jaitsi behar da Arrazolaraino. Belar askokoa eta aldapatsua da, baina lehorra egonez gero, ez da oso arriskutsua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Iker Muniain eta Leo Messi, Athleticeko eta Bartzelonako kapitainak, Cartuja estadioan, atzo, kopa atzean dutela. ©ESPAINIAKO FUTBOL FEDERAZIOA

Debekatua beste bat galtzea

Aitor Manterola

Athleticek 25. aldiz irabazi nahi du gaur Espainiako Kopa, eta, horretarako, Bartzelonari irabazi beharko dio Sevillan. Azkenekoz 1984an lortu zuen, eta ordutik jokatu dituen lau finalak galdu egin ditu
 ©BERRIA

Bihotzerrea sendatzeko bi hamaikako

Berria

Bartzelonak superkopa galdu zuen Athleticen kontra, duela hiru hilabete, eta Athleticek kopako finala, Realaren kontra, orain bi aste. Galdutako finalen bihotzerrea kitatzeko prest aterako dira bi taldeak zelaira, borrokara.

Jon Ander Albisu eta Jose Javier Zabaleta.  <br />
<br /> ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Atzelarien txapelketa da hau»

Julen Etxeberria

Fernando Goñik finalerdietako lau atzelariak aztertu ditu. Jose Javier Zabaleta eta Jon Ander Albisu nabarmendu ditu, eta haien arteko finalaren alde egin du.

San Mames estadioa. ©Luis Tejido / EFE

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna