Albistea entzun

Raneroren gainak eta barruak

Raneroko haitzak Bizkaiaren mendebaldeko muturrean ageri dira, Kantabriarekin muga eginez. Mendigune karstikoa paregabea osatzen dute, Euskal Herrian bakana, mendiaren barrua hutsa delako. Europako barrunbe handiena ere bada.
Paisaia ikusgarriak ikus daitezke Raneroko haitzetatik.
Paisaia ikusgarriak ikus daitezke Raneroko haitzetatik. ASIER ARANZABAL Tamaina handiagoan ikusi

Asier Aranzabal -

2015eko urriak 6

Karrantza Harana Bizkaiaren mendebaldeko muturrean dago, Enkarterriko eskualdean, hain zuzen ere. Bazter bakarti honetara etortzea bide bihurria da, komunikazio bideak ez baitira batere onak. Ondorioz, gaur egun oraindik antzinako bizimodua da nagusi eskualdean, abeltzaintza batik bat; horrek paisaia ia ukigabe mantentzen lagundu du. Horregatik da gaur egun parke naturala Karrantza Haranaren iparraldean Jorrios, Aramañon eta Pico del Carlista mendi tontorrek osatzen duten mendilerroa.

Raneroko haitzak parke naturalaren mendebaldeko muturrean ageri dira, Kantabriarekin muga eginez. Mendigune karstikoa paregabea osatzen dute, Euskal Herriko beste horrenbestek bezala. Ranero, ordea, bakana da, mendiaren barrua hutsa delako. Espeleologoen lehen mailako paradisua da, Karlistaren Troka Europako barrunberik handiena baita; alegia, hiru futbol zelai bezain handia. Pozalaguako kobak ere mendiaren beste hutsune bat osatzen du; aurrekoaren ondoan txikia, ordea.

Pico del Carlista (721 metro)

Pozalaguako haitzuloaren sarbidean hasiko dugu ibilaldia, eraikinaren ertzean bidezidor estu eta pikoan gora, GR123 Bizkaiko bira ibilbidearen marka zuri eta gorriei jarraikiz. Harrobiko hormaren gainetik amen batean helduko gara Valsecako lepora belar eta harri artean, 200 metroko desnibela gaindituz. Gezi gurutzeak Pico del Carlistara joateko norabidea aldatu behar dela adierazten digu. Oraingoan, marka zuri horiei jarraikiz, hegoaldera okertu behar da, erliebe karstikoan barrena, gandor zorrotz, sakonune eta zulo irregularren artean hanka bat eta bestea non jarri ondo kalkulatuz. Markak ez dira oso agerikoak, baina arreta mantenduz gero ez da zaila bidea asmatzea. Bai, ordea, behe lainoa dagoen egunetan. Horregatik, behe lainopean ibilbidea ez egitea gomendatzen da. Hirurehun bat metroren buruan mendebalderantz dolinek osaturiko harantxo belartsuagoa agertzen zaigu. Hemendik aurrera marka zuri hori berriztuak ageri dira mendebalderantz, Kantabriako Gibaja herrirantz gidari. Guk, berriz, iparralderantz biratu behar dugu tontorra inguratuz. Urrutitik ikus daitekeen cairn batek gidatuko gaitu mendiaren gailurreraino. Ikuspegia sekulakoa da: hegoaldean, Karrantza Harana; haren atzean, Ordunte mendilerroa. Kantauri itsasoa atzeko aldean, baita Santoñako herria. Mendebalderantz, Kantabriako Sierra de Hornijo osoa, eta, haren atzean, Lunada mendateko gailurrak, egitura esferikoa duen eraikin militarragatik nabarmenduta. Ekialderantz, Gorbeia eta Anboto ere ikusta daitezke.

Karlistaren Troka

Mendiaren barrunberako sarbidea gailurretik ehun bat metrora baino ez dago iparralderantz mugituz. Paisaia karstikoan hiru metroko arraildurak 350 metroko jauzia du Karlistaren Troka leizean barrena. Horregatik, espeleologo adituak baino ezin dira bertan sartu. Kondairaren arabera, karlista batek bere burua bertara bota zuen, liberalengandik ihesi.

Ondoren, tarte batean egindako bidea desegingo dugu aurrez aipaturiko dolinek osaturiko harantxoraino, eta hego-hegomendebalde norabideari eutsiko diogu aurrean ageri zaigun tontorrerantz, harik eta El Miron begiratokira heldu arte. Ikuspegia zirraragarria da: aurrez aurre Karrantzako ibaiak Raneroko eta Mazoko haitzen artean zabaldutako haitzebaki bertikala.

Pozalaguako haitzuloa

Bide beretik, Valsecako lepora itzuliko gara, eta handik ibilaldiaren abiapuntura, ibilaldia mendiaren barruan bukatzeko, alegia, Pozalaguako haitzuloaren barruan. Asteburu, zubi eta jaiegunetan, 45 minutuan gidaturiko bisitaldia eskaintzen dute hainbat aldiz egunean. Estalaktita-estalagmita multzo desberdinak ikus daitezke, eta baita oso bitxiak diren milaka estalaktita eszentriko txiki ere, grabitate indarraren eraginari ihes eginez, beherantz izan ezik edozein norabidetan hasiak. Zorte handikoak izanez gero, desagertzear dagoen ferra-saguzar txikia ere ikus dezakegu, urtean zenbait aldiz etortzen baita Enkarterriko mendigune karstikoetako haitzuloetara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Partida batera, Athleticek irabaz diezaioke Bartzelonari»

Aitor Manterola

Badaki zer den Espainiako Kopa irabaztea Athleticekin: entrenatzaile zen 1984ko finalean. Aukerak ikusten dizkio taldeari kopa lortzeko, baina sinetsi egin behar dutela dio. Klubaren egungo bidearekin baikortasun gutxiago dauka.
Jokin Altuna, finalerdietako ligaxkarako sailkatu berritan, herenegun, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Baita hirugarrenean ere

Julen Etxeberria

Elezkano-Zabaleta eta Altuna-Mariezkurrena ariko dira larunbatean Iruñean, eta Peña-Albisu eta Ezkurdia-Galarza igandean Logroñon
Axularren jaiotetxea, Urdazubin. Egun jabetza pribatua da. ©MIKEL ARRIZABALAGA

Axularren txokoa

Mikel Arrizabalaga

Xareta osatzen duten herriekin batera Sara, Ainhoa eta Zugarramurdi, Urdazubi ere ezaguna da leize, kontrabandista eta sorginen istorioengatik. Axularren jaiotetxea han dago.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna