Mendia

«Zuloan nengoenean, minutuak ordu bihurtu ziren, eta orduak, egun»

Jokin Lizeaga mendi korrikalaria etxean dago, larunbatean Asturiasko mendi lasterketa batean hogei metroko zulo batetik erori eta gero
Jokin Lizeaga, artxiboko irudi batean.
Jokin Lizeaga, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Unai Ugartemendia -

2018ko apirilak 10
Ez ditu berehalakoan ahaztuko Jokin Lizeagak 2018ko apirilaren 7a eta Cabrales herria (Asturias, Espainia). Are gutxiago Trail de las Pastoras de Portudera (40 kilometro, 4.280 metroko desnibel positiboa) lasterketako 24. kilometroa. Hiru ordu igaroak ziren ia 500 korrikalarik herriaren erdian irteera hartu zutenetik. Asko Euskal Herritik joandako korrikalariak ziren; horien artean lasterketa irabazteko hautagai nagusia, Jokin Lizeaga urnietarra. Donostiatik Hondarribira doan Talaia bidean emandako erakustaldiak faborito argi bihurtu zuen azken garaipenerako. Ez zen lasterketa berria euskal selekzioko korrikalariarentzat, ezta gutxiagorik ere: 2014an izan zen lehenbizikoz lasterketan, eta irabaztea lortu zuen, orduan ere erakustaldi handi bat eman ondoren. Gutxik bezala ezagutzen ditu bertako maratoiko malda gogorrak eta jaitsiera arriskutsuak.

Irteera eman orduko lehen postua hartu zuen, beste korrikalari batzuekin taldea osatuz. 19. kilometroan, ordea, lasterketaren burua eta ekimena hartu zituen. Lasterketako gidoia askok uste bezala betetzen ari zen, ezbeharra bidean tokatu zitzaion arte.

Baina oraingoan ez ziren ez igoerak ez jaitsierak izan Lizeagaren etsairik gogorrenak. Lasterketaren lan erdiak beteak zituen, eta atzekoei zazpi edo zortzi minutuko abantaila ateratzen zien. Eremu elurtu bat igarotzen ari zela, lasterketaren ibilbidearen barruan, gorputza amildegi batetik erortzen bezala nabaritu zuen: «Pausoa beste guztietan bezala egin nuen arren, segituan konturatu nintzen zerbait gertatzen zela», kontatu dio BERRIAri.

Konturatzerako, mendiko zulo estu batean sartuta zegoen. Lurrak irentsi zuen. Elurrak tapatzen zuen zuloaren hasieran eman zuen azken pausoa larunbatean. «Gutxinaka zulo barruan erortzen ari nintzela konturatu nintzen. Hogei metro edo izango ziren gelditu nintzen arte. Ez nintzen berehalakoan gelditu!». Une gogorrak bizi izan zituen. Erorketan hartutako kolpeek sorbalda zintzilik eta orkatila kinka larrian utzi zizkioten.

«Banekien atzekoak zazpi edo zortzi minutura nituela, eta hasiera batean alferrik zela han oihuka hastea», kontatu du Lizeagak. «Gainean neraman zira janzteko eta gel bat hartzeko hautua egin nuen».

Gogoan du zulotik ur asko erortzen zela. Ohartu zen handik ateratzeko zerbait pentsatzen hasi beharra zuela. Arrastaka, nola edo hala, zuloan gora egiten hasi zen, bi besoetako bat erabili ezinik, erorketan hartutako kolpearen ondorioz. Hamar metro igo eta gero, erlaitz bat aurkitu zuen, eta handik hasi zen laguntza eskatzeko ahaleginetan. Oihuka. Gora begiratu, eta hotsik ez. Ezta gizakirik ere inguruan. «Zuloan pasatu nuen denboran, minutuak ordu bihurtu ziren, eta orduak, egun».

Bizia zor

Halako batean, ia ordu erdi geroago, bidean zihoan korrikalari baten itzala sentitu zuen, eta oihuka hasi zen. «Inguruan hotsak entzun nituen, eta ero baten moduan oihuka hasi nintzen. Zortea izan nuen. Korrikalari batzuek entzun egin ninduten, eta berehala gelditu ziren. Tartean zegoen Javi Dominguez gasteiztarra. Bizia zor diet».

Korrikalarietako bat hurrengo kontrol gunera joan zen laguntza eskatzera; gainerakoak zuloaren inguruan geratu ziren, Lizeagari animoak ematen. Suhiltzaileek erreskatatu zuten Lizeaga. Zulora erori eta hiru ordu geroago atera zuten, hipotermia zantzuekin. Helikopteroan eraman zuten.

Tragedia izan zitekeena istripua baino ez da izan. Arriondasko ospitaletik aterata, etxean dago. Erorketak eragindako kalteak zehazteko eta neurtzeko egunak izango ditu hurrengoak. «Zorte handia izan dut», onartu du Lizeagak. «Hangoek esan didate mirari bat izan dela zulotik bizirik atera ahal izatea. Egun gogorra izan zen larunbatekoa, baina honetatik ere aterako naiz».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna