Albistea entzun

Aiako Harrian barrena

Sorondoko parajeetatik abiatu, Oianlekuko ingurune megalitikotik pasatu, eta Zorrolako zubi zaharretik itzuliko gara ibilbide honetan.
MIKEL ARRIZABALAGA / BERRIA

Mikel Arrizabalaga -

2015eko azaroak 17

Ibilbide zirkular hau Sorondoko parajeetan hasiko dugu, eta Zariako tontorrera igoko gara, Oianlekuko mairuen baratzeei bisita egingo diegu, Arritxurietako Gañatik pasatuko gara, eta Zorrolako zubira jaitsiko abiapuntura itzultzeko. Lepo, tontor, monumentu megalitiko, erreka eta basoak zeharkatuz, ekosistema desberdinak ezagutzeko parada izango dugu. Ibilbide osoan zehar, PR-Gi 1006 bide balizatuaren marka zuri eta horiak izango ditugu lagun.

Sorondo baserriaren ondoan utziko dugu ibilgailua, eta haren ondotik ateratzen den pista zabala hartuko dugu. Erraz egingo dugu aurrera, eta, aldapa zertxobait leuntzen den puntuan, pista utzi, eta ezkerraldetik ateratzen den zidorrari helduko diogu. Bide seinaleek erakusten duten norabidean izeidian marrazten den bidezidor erosoari jarraitu diogu Zariako aterpearen ondora iristeko. Aurrez aurre ikusiko dugun aldapari eutsiko diogu segidan, eta konturatu orduko gertu ikusiko dugu Zariako tontorra. Mugarri bitxi batzuen ondotik pasatu, azken aldatsa gainditu, eta tontorrean dauden erpin geodesiko eta buzoiaren ondora helduko gara. Gertu, ingurua desitxuratzen duen antena erraldoia. Ikuspegi zabalaz gozatu eta gero, gertu dago Uzpuruko lepoa, eta hara jaitsiko gara belarrezko alfonbra zapalduz. Malda txiki bat igo eta gero, Kausoroko lepo eta aparkalekura jaitsiko gara.

Errepidea gurutzatu, eta pinudian murgilduko gara berehala. Zenbait errekasto igaro, eta erraz ailegatuko gara Oianlekuko paraje ezagunetara. Pagadian aterpea eta iturria gertu. Pagaditik atera eta Oianlekuko iparraldeko mairuen baratzeak gertu ikusiko ditugu orduan. Oianlekuko parajeetan Eneolitoko Burdin Aroko bi harrespil multzo aurkituko ditugu.

Aurkikuntza horien guztien arduraduna Arantzadi Zientzia Elkartea izan da. Zientzialari horiek diotenez, hor aurkitutako harrespil hauek giza-hezur zati kiskaliak lurperatzeko erabili ohi zituzten; ondorioz, errausketa ez zen han egin. Hala ere, bazitekeen lehenago ehorzketa egitea eta ondoren gorpuzkien inguruan harrespila eraikitzea edo monumentua altxatu eta ondoren gorpuzkiak lurperatzea. Estazio megalitiko interesgarri hori bisitatu eta gero, bidera itzuli eta gertu dauden Basateko mairuen baratzeak bisitatzeko aukera izango dugu.

Bide balizatuak izeidian murgildu, eta berehala jaitsiko gara Zaldineko parajeetara. Gertu dagoen Pilotasoro aldera joko dugu, eta garai batean Artikutzako trenaren ibilbide zenarekin bat egin. Aiako Harriaren silueta paregabea lagun, belardian marrazten den bidean barna Arritxurietako Gañara igoko gara, izen bera duen mairuen baratzearen ondora. Leku aproposa hamaiketakoa egin eta inguruak eskaintzen duen postal ederraz gozatzeko. Bide seinaleek erakutsiko diguten noranzkoa galdu gabe, altuera galtzen hasiko gara, Karrikako erreka gainditzen lagunduko digun Zorrolako zubiaren ondora iritsi arte.

Errekaren bestaldera igaro, eta paraleloan doan xendak abiapuntura gerturatuko gaitu. Basoan zehar igotzen hasi, ubide zahar baten ondotik segi, eta ur presa txiki batera heltzean porlanezko pista zabala hartuko dugu. Aldapa pikoa da, eta errepidearen ondora iristean, gurutzatu eta azken malda txikia igoko dugu Sorondo baserrira iristeko.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Stephanie Frappart epailea, aginduak ematen. Lehen arbitro emakumea izan da gizonen Munduko Kopan. ©G.LICOVSKI / EFE
Richarlison de Andrade Brasilgo aurrelaria, Serbiari sartutako bi goletako bat ospatzen. ©ANTONIO LACERDA / EFE

Oinutsik daudenak gogoan ditu

Eñaut Agirrebengoa

Pobreziak eta indarkeriak zipriztindutako umezaroa bizi izan zuen Richarlison de Andradek. Hori guztia ahaztu gabe, distira egiten ari da orain Brasilen, bederatzidun elastikoarekin.

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea Qatarko emir Tamim bin Hamad al-Thanirekin, Espainiako Errege Jauregian. ©IBERDROLA

Petrolioa, gasa eta perlak

Irune Lasa

Qatarko funts subiranoaren, eta, beraz, errege familiaren jabetzak itzelezkoak dira. Erregai fosiletatik lortutako dirutzak mundu osoan inbertitu dituzte, ordain ekonomiko eta politikoen truke

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.