Urbia eta Oltzako poljeak

Zelaigune, bazkaleku eta pagadiek osatzen dituzten ingurune hauek artzainen bizileku izan dira antzinatik.

Mikel Arrizabalaga -

2016ko ekainak 21
Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren bihotzean dauden Urbia eta Oltzako zelaiguneetan, artzaintza tradizionalak oraindik bizirik dirau. Zelaigune, bazkaleku eta pagadiek osatzen duten ingurune hau artzainen bizileku izan da antzinatik, eta, ibilaldi honetan, bide zahar horiek erabilita, saroi batzuk ezagutzeko aukera izango dugu.

Arantzazuko aparkaleku nagusian ibilgailua utzi eta gero, Gandiaga topagunera doan bidetik gora egingo dugu. Eraikin nagusia atzean utzita, berehala ikusiko ditugu gure ibilbidearen erakusle izango diren bide seinale zuri, hori eta gorriak. Hasieran, Gomistegi baserriraino heltzen den ibilbide irisgarriarekin bat egingo dugu, baina, berehala, hau utzi eta maldan gora abiatuko gara, basoan murgilduz. Erraz hartuko dugu altuera, eta, konturatzerako, Durura iritsi, eta artzainen bordak eta ardientzako saroiak ikusiko ditugu bertan. Artzain lanbidearen eguneroko bizitza ezagutzeko leku aproposa. Paraje eder hau atzean utzi, bide seinaleek erakusten diguten norabidean aurrera jo, eta Mallako saroira inguratuko gara. Douglas izeien baso sail baten ondoan izen bereko tumulua ikusiko dugu.

Ekialderantz eta goranzko norabidean, Iparbakoitxeko lepora igoko gara, eta handik parkearen 360 graduko ikuspegi paregabea edukiko dugu. Enaitzeko tontorra gure eskuinera utzita, Urbiako polje aldera jaisten hasiko gara. Urbiako Fondara doan bidea eskuin aldera laga, eta Aizkorriko magalean dagoen Arbelarko saroi aldera joko dugu. Aizkorrira igotzeko bide nagusiaren hasieran dagoen puntu horretatik Urbiako poljearen ikuspegi zabala izango dugu. Lautada berde eta oparo honen izen zientifikoa polje-a da. Hona hemen Wikipediak polje hitzari buruz diona: «Haran luze eta itxi antzeko sakonune bat, tamaina handikoa, arroka karstikoko mendiartean dagoena, hondo laua duena eta inguru ez erregularrak. Ertzak oso maldatsuak dira eta bertan kareharria azaltzen da. Hobi batetik desagertzen den errekasto batek zeharkatzen du». Poljeak, normalean, artzain lekuak izan ohi dira, sakonune horietan metatzen diren sedimentu horiek oso belardi emankorrak sortzen baitituzte.

Arbelarko borden ondotik, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren markak bilatuko ditugu, eta, biribil horiek erakutsiko diguten norabideari segituz, Oltzako ingurune magikoan murgilduko gara. Pago eta haitzen artean marrazten den xendari segituta, azkar helduko gara Oltzako saroira. Urbia bezala, Oltzako lautada berdea poljea da. Artzainen bordak atzean utzita, aurrera egingo dugu zelaigunean zehar. Marka biribil horiak bilatu eta ingurune karstikoa zeharkatu ostean, Urbiako zelaiguneetara itzuliko gara: Fondara, hain zuzen ere. Kanpoko mahai batean eserita hamaiketako egiten dugun bitartean, Euskal Herrian dagoen paisaia ederrenetako batez gozatzeko aukera paregabea izango dugu.

Abiapuntura itzultzeko tenorean, Fonda utzi, eta Elorrolako lepora igoko gara, aurrez Urbiako Andra Mari ermitaren ondotik pasatuta. Lepotik Arantzazura jaisten hasi eta berehala, pagadi trinko eta ederretan marrazten den bide erosoari jarraituko diogu. Lau kilometroko jaitsieraren ondoren, metalezko langa igaro, eta azkar iritsiko gara Arantzazuko basilika ezagun eta ikusgarriaren ondora. Mendia eta kultura uztartzeko aukera ezin hobea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna