Garañoko gaztelua

Gaztelua Astorga-Bordele galtzada erromatarraren ondoan zegoen, bide nagusi baten bazterrean.
Garañoko gazteluaren arrastoak.
Garañoko gazteluaren arrastoak. MIKEL ARRIZABALAGA

Mikel Arrizabalaga -

2018ko urtarrilak 16
Egillorren hasiko dugun ibilaldi zirkular honetan, bi mendi gailurretara igoko gara: Mortxera eta Saldisera. Eta, abiapuntura heldu aurretik, Garañoko gaztelua izan zenaren hondarrak bisitatzeko aukera izango dugu.

Bidearen zati handi batean lagun izango ditugun GR-220aren (Iruñeko Arroaren itzulia) marka zuri-gorriek erakutsiko digute hartu beharreko norabidea. Errepidean zehar edo haren ezkerretik errekaraino jaitsi, eta berriro errepidera ateratzen den xendatik barrena abiatuko gara. Berehala, gertu dugun Arteta-Egillor araztegiaren ondora iritsiko gara. Hormigoizko bidea porlanezko bihurtuko da, eta kaseta baten ondora eramango gaitu; hain zuzen ere, San Kristobal ermitara igotzeko erabiltzen zen lurrezko bidearen hasierara. Laster, harizti trinko batean murgilduko gara, eta, aurrerago, ermita izan zenaren hondarrak inguratuko ditugu, baltsa batera jaitsi aurretik.

Ur baltsa biren artean igaro eta bide balizadunean barrena, erraz egingo dugu aurrera, haritz bikainen artean. Egillor eta Saldiseko lurrak banatzen dituen alanbrezko hesia gainditu eta gorantz joko dugu, Saldisetik datorren harrizko pistatik. Hirugarren ur baltsaren ondora iristean, bide balizaduna utzi eta aurrez aurre dugun Mortxe aldera igotzen hasiko gara, zuzenean. Alanbrezko hesiaren ondora heltzean, hesia pasatu eta berehala ikusiko dugu Mortxeren gandorra, ipuru artean. Tontorrera heltzean, sekulako ikuspegia zabalduko zaigu: Nafarroako erdialdeko mendiak gertu ikusiko ditugu, baita Urbasa eta Andiako goi lautaden irudia ere. Eta, beherantz begiratuz gero, berriz, Iruñeko Arroaren eta Olloranaren panoramika bikainak.

Gandorretik lepora jaitsi eta Saldise tontorra zapalduko dugu segidan. Hemendik, izen bera duen herrira jaitsiko gara, xendarik gabe eta malda pikoari aurre eginez. Neketsua oso. Herrian sartu aurretik, berehala ikusiko ditugu Ollaraneko PR-NA 170 marka zuri-horiak, eta, horiei segituz, Garoñoko gazteluaren ondora iritsiko gara. Ez da erraza gaztelua izandakoaren ondora igotzeko xenda edo bide egokia aurkitzea, alanbrezko hesi pare bat gainditu behar da eta.

Ikusmira ederra

Gaztelu izeneko muinoan zegoen gaztelua, 591 metroko garaieran, Saldise herritik 900 bat metrora. Gaztelu Txiki ere esaten zaio; izena, alde batetik, gazteluaren oroitzapenaren lekukoa da, eta, bestetik, haraneko Gaztelu izeneko beste mendi batekin du lotura: Orarregi gazteluari dagokionarekin. Muinoa, nahiz eta goialdean nahiko laua izan, bereizi egiten da inguruko lurretatik, eta kono moztu baten itxura hartzen du. Malkartsua da, baina amildegirik gabea; iparraldeko eta ekialdeko maldak Arakil ibaian bukatzen dira, 200 bat metro beherago. Ipar ekialdean, berriz, Udarbe ibaia eta ibaiak berak eginiko igarobidea ikusten dira.

Gaztelua Astorga-Bordele erromatar galtzadaren ondoan zegoen; bide nagusi baten bazterrean, beraz. Horretaz gain, gertuko bidegurutze batean, Ollo, Goñi eta Andia-Urbasarako bidea hasten zen. Egillor-Saldise bidea, berriz, hegoaldean dagoen mendatetik zihoan. Bide horiek abelbide ere bazirela jasotzen du agiri batek. Iparraldean, Oskia mendi zintzurrak mugatzen du harana, eta han dago Orarregi gazteluaren mendia ere. Goialdetik, Iruñerria ere ikusten da. Gaztelua bisitatu eta lepora itzuliko gara; handik, Egillor herrira iritsiko gara, gertu baitago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna