Mendi ibilbidea

Igantziko parajeak

Arantza, Igantzi, Bera, Lesaka eta Etxalar herriek osatzen dute Nafarroako Mendialdeko Bortziriak. Inguru horretaz gozatzeko aukera ematen du proposatutako ibilbideak.
Paisaia ederraz goza daiteke Arantzarako bidean.
Paisaia ederraz goza daiteke Arantzarako bidean. MIKEL ARRIZABALAGA

Mikel Arrizabalaga -

2018ko martxoak 27
Bost herrik osatzen dute Nafarroako Mendialdeko Bortziriak: Arantzak, Igantzik, Berak, Lesakak eta Etxalarrek. Bost herri horiek Bidasoa ibaiaren bi ertzetako magaletan kokaturik daude, eta mugarekiko duten hurbiltasunagatik, urtetan kontrabandoaren lurrak izan dira. Inguruan altxatzen diren mendien magaletan, baserri ederrez gain, belardi zein harizti eta pagadiz osatutako parajeak aurkitu ahal izango ditugu. Ibilbide hau Igantziko parajeak ezagutzeko aukera baliatuko dugu, herritik abiatu eta Unanua tontorrera igo eta gero, erreka zuloraino jaitsiko gara San Juan Xarreko eremu natural-erlijioso-turistikoa bisitatuz.

Igantziko San Migel parrokiaren ondotik abiatuko gara, etxe ederren artean murgilduz. Poliki-poliki igotzen hasi, eta berehala ikusiko ditugun galtzada zahar baten arrastoetatik herriaren goialdean dauden etxe eta baserrietara igoko gara. Asfaltatutako bidetik kilometro pasatxo beteko dugu maldan gora jarri eta aldapa pikoari aurre egiteko. Pista zabala lurrezkoa bihurtu eta altuera irabazten jarraituko dugu atsedenik hartu gabe. Mendi-lepo batera iristean, ezkerretik marrazten den bidetik gorantz egingo dugu, eta Unanuako tontorreraino helduko gara. Talaia eder horretatik lehen aldiz ikusiko ditugu Arantzako zirkua osatzen duten mendiak: Apaola, Urkidi, Zipuru, Mairubaratzeta, Mendaur, Mendieder, Ekaitza, Komizko gaina, Negusoro, Izu eta Pagolletagaña. Eta zirkua ixten duen mendia igo dugun Unanua hain zuzen ere.

Arantza aldera jaisten hasiko gara, mendiaren gandorrean zehar zabaltzen den bide nabarmenetik. Berehala Unanuko borda berrituaren ondora heldu, eta jaisten jarraituko dugu Landondo Arrata ibairaino, azken zatia antzinako galtzada ederretik. Puntu honetan, Arantzara zuzentzen den bidea utzi, eta ibaiaren paraleloan zabaltzen den porlanezko bidetik aurrera egingo dugu bide-seinale zuri-gorri-berdeek erakusten diguten norabidean. Asfaltoa amaitu, eta San Juan Xar eremuan murgilduko gara. Basoan marrazten den xenda eroso batek harrian zulatutako leize batera eramango gaitu, eta eskailera batzuk jaitsiz hiru turrusta dituen iturrira jaitsiko gara. San Juan iturria herri sinesmenaren arabera, bertako urak sendatzeko gaitasuna du: zapi edo oihal bat bertako iturrian busti eta mindutako gorputz atala igurzten da; gero, zapia ondoko harkaitzetan utzi behar da. Erritu horrek inguruko eta urrutiko jendea erakartzen du. Horretaz gain, goian dagoen haitzuloan artzain baten irudia dago, eta hari dioten debozioa aipatu behar da: San Juan egunean eta hurrengo lau igandetan Igantziko meza bertan egiten da, sinesmen pagano eta kristauen nahasmen bitxiaz.

1987. urtean natura erreserba izendatua izan ziren paraje horiek atzean utzi, eta basoan zehar ondo markatutako xendatik errepideraino jaitsiko gara. Harrobira sartzeko errepidea zeharkatu, eta berehala beste xenda batek maldan gora jarriko gaitu. Antzinako galtzadatik igotzen jarraituko dugu, eta basotik ateratzean kilometro bat eskas geratuko zaigu abiapuntura itzultzeko. Herrian sartu aurretik, hori osatzen duten auzoen (Berrizaun, Frain, Irisarri, Unanua, Elusta, Piedadeko Gaina eta Sarrola) ikuspegi zabala izango dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna